Abuztuaren 27a baino lehen eman behar da izena; irailaren 4an jokatuko dute txapelketa, Modelon.
Itsaso eta Irune Elizagoienek irabazi zuten iaz Trikitilari Gazteen XXXII. Txapelketa.
Zarauzko Udaleko Kultura sailak Trikitilari Gazteen XXXIII. Txapelketa antolatu du Euskal Asterako, irailaren 4rako, eta dagoeneko oinarriak kaleratu ditu. Bertan parte hartu ahal izateko, soinu-joleek eta pandero-joleek 20 ute bete gabe izan beharko dituzte txapelketa egunean. Talde bakoitzak bikote bat osatuko du: bi ilarazko diato eskusoinua eta panderoa. Parte-hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda, fantangoa eta arin arina. Horietariko piezaren bat norberak sortutakoa bada, epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du. Izena ematerakoan adierazi beharko da zein den norberak sortutako pieza. Era berean, trikitilariek koplaz lagundu beharko dute euren jardunaldia eta piezen orijinaltasuna mantendu beharko da, gehienbat fandango eta arin-arinetan. Parte-hartzaileek kanporaketan pieza bat jo beharko dute eta ezingo da finalean errepikatu. Bestalde, estetikari ere erreparatuko zaio. Ildo horretatik, janzkera tradizionala mantendu beharko da.
Epaimahaia nork osatzen duten txapelketaren egunean bertan jakinaraziko dute, eta horren erabakia behin betikoa izango da. Hainbat sari banatuko dute: irabazleek 250 euro, txapela eta oroigarria jasoko dute; bigarren sailkatzen direnek 175 euro eta herriko lehenbiziko bikoteak sari berezia. Txapelketan parte hartuko duten gainerakoek 70 euroko dieta bat izango dute eta kanporaketa gainditzen ez dutenek, berriz, 50 euro jasoko dituzte.
Interesa dutenek Zarauzko Kultura sailean (Nafarroa kalea, 22) eman beharko dute izena edota 943-005120 telefonora deituta, abuztuaren 27a baino lehen, astelehenetik ostiralera 09:00-15:00 bitartean. Trikitilari Gazteen XXXIII. Txapelketa irailaren 4an izango da Modelo aretoan, 20:30etik aurrera.
1zarautz.hitza.eus