Donostiako 74. Musika Hamabostaldia abian da, eta hilabete osoan 70 proposamen inguru bildu ditu, 9 ziklotan banatuta, Donostia nahiz Gipuzkoako zenbait herritan. Urtero bezala, eskualdeak bere lekua izango du musika klasikoari eskainitako jaialdian, batik bat Musika Aitzaki zikloaren barruan. Hala ere, lehen emanaldia Organo ziklokokoa da, eta Azkoitian izango da gaur, Ama Birjinaren Jasokunde parrokian.
Donostiako Andra Mariaren Basilikako organo-jotzaile titularrek eskainiko dute kontzertua; hau da, Loreto Aramendi, Ana Belen Garcia eta Alize Mendizabalek. Musikagile frantses ezagunen lanez osatutako programa anbiziosoa prestatu dute, eta banaka zein binaka, Louis Vierne, Maurice Durufle, Marcel Dupre eta Charles-Marie Widor bezalako maisuen lanak interpretatuko dituzte. Saioa 20:00etan hasiko da.
Bi egun geroago, opera bufoaren klasiko batez gozatzeko aukera izango Zumaian: Giovanni Battista Pergolesi musikagile italiarraren
La serva padrona, alegia. Zumaiako Musika Jaialdiak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak elkarlanean antolatuta ikuskizuna da, eta Ensemble Le Tendre Amour taldeak taularatuko du Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Serpina eta Uberto dira kontakizun korapilotsu eta umoretsu honetako pertsonaia nagusiak; Sara Rosiquet eta Pau Bordas abeslariek antzeztuko dituzte, hurrenez hurren.
Datorren asterako, berriz, bi ekitaldi antolatu dituzte Orion. Alde batetik, abuztuaren 12an, KUP abesbatza taldeak Felix Mendelssohnen piezak abestuko ditu Bariko Nikolas Deunaren elizan. Bestetik, abuztuaren 17an, Oriotik Zarautzera ibilaldi antolatu dute, Donejakue Bide jarraituz; paseoko hainbat tokitan zuzeneko musika izango dute oinezkoek. Jardunaldiak 8 euro balio du, eta erreserbak egitekoHamabostaldiaren 943-00 31 70 telefono zenbakira deitu daiteke.
EGITARAUA
Abuztuak 6. Loreto Aramendi, Ana Belen Garcia eta Alize Mendizabal. Organo zikloaren barruan. 20:00etan, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokunde parrokian, dohainik.
Abuztuak 8. La serva padrona opera bufoa (komikoa). Musika Aitzaki zikloan, eta Zumaiako Musika Jaialdiarekin bat eginez. 22.00etan, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko aretoan, dohainik.
Abuztuak 12. KUP taldea. Musika Aitzaki zikloaren barruan. 20:30ean, Orioko Bariko Nikolas Deunaren elizan, dohainik.
Abuztuak 17. Oriotik Zaratzera doan bidea jarraituz. Musika Aitzaki zikloaren barruan. Irteera 10:00etan, Orioko San Martin ermitatik.