Hondakinak biltzeko sistemak proposa ditzakete herritarrek Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko abuztuaren 1a

ZHM Zarauzko Hondakinen Mahaiak lau hilabete daramatza martxan eta hainbat bilera eta ekimen egin dute ordutik. Uztaileko bilkuran, esaterako, %70eko sailkatze tasa lortzea finkatu zuten helburu gisa. Irailetik aurrera bigarren faseari ekingo diote.  Hori dela eta, herritarrek helburu hori beteko duten bilketa sistemak proposatu ditzakete dagoeneko, gerora ZHMk horien «bideragarritasun eta egokitasunaz» eztabaida dezan. Interesa dutenek udaletxeko erregistroan bertan aurkeztu ditzakete iradokizunak eta baita zuzarautz.info webgunearen bidez ere. Bigarren fase horretan,  bilketa sistemaren eztabaida azkartzea izango da ZHMren egitekoa. Horretarako, hainbat oinarri zehaztu dute. Batetik, helburua lortzeko gai izan beharko du Zarautzen etorkizunean finkatuko duten hondakinen bilketa sistemak.  Bestetik, jasangarria izateaz gain, legalki, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izan beharko du. Horrekin batera, herriko auzo guztietan sistema bera jartzea planteatu dute. Landa eta Alde Zaharrean sistema horrek aldaeraren bat izan dezake. Hala, erabiltzaileen «ahalik eta onespen zabalena» lortu beharko da. Era berean, behin abian jarrita sistema berriaren erabilera egokia egiten den kontrolatuko dute. Ildo horretatik, sentsibilizazioa eta heziketa sustatzen lagundu beharko du sistema berriak. EHUren laguntza 2013ko otsailaren 6an birziklapena bultzatu eta egungo hiri hondakinen sailkatze tasa hobetzeko—%39,54ekoa da gaur—hondakinen mahaia sortzea erabaki zuen Udal Gobernuak.  «Ahalik eta kohesio handiena» lortze aldera, udalean ordezkaritza duten alderdiez gain, auzo elkarteak, bestelako taldeak, Birziklapena bai, atez atekoa ez eta Zero Zabor taldekoak gonbidatu zituzten bertan parte hartzera. Martxoaren 7an Euskal Herriko Unibertsitatearekin akordioa sinatu zuen Udal Gobernuak. ZHMaren inguruan eratu beharreko prozesua antolatu eta metodologia burutzeko aholkularitza teknikoa eskaintzea da horren egitekoa ordutik. Ekainaren 23an amaitu zuten lehen fasea, herritarrei hondakinen kudeaketaz galdetzeko ekimenarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide