Ekainaren 15etik martxan da TAO sistema berritua Zarautzen. Aurten hainbat aldaketa egin dute; besteak beste, herri osora zabaldu dute araututako aparkaleku sistema. Ia bi hilabeteren ostean, «zerbitzua hobetzeko» zenbait moldaketa egitea erabaki du orain Zarauzko Udal Gobernuak. Batetik, eguerdiko zerbitzua eten eta zarauztarrek libre aparkatu ahalko dute 13:30etik 16:00era bitartean, herri osoan.
Datozen egunetan autobus zerbitzua jarriko dute Abendañoko aparkalekutik erdigunera joan-etorria egiteko (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Bestetik, autoa jarduera ekonomiko jakin baterako erabiltzen dutenek baimen bereziak lortu ahalko dituzte. Hala, orain arteko sistema mantenduko dute, baina aukera bat gehiago eskainiko zaie horiei. Orain arte araututako gune bateko bereizgarria lortzeko aukera zuten, jarduera ekonomiko jakin baterako autoa etengabe erabili behar zutela justifikatuz gero. Aurrerantzean, tarifa industriala ordaindu ahalko dute gainontzeko guneetan ere autoa aparkatu ahal izateko. Horrez gain, ez ohiko jarduerak egiteko baimen bereziak eskatu ahalko dira. Horiek eskuratzeko zein informazio osoa lortzeko udaletxera jo beharko dute.
Era berean, gune gorrietan, egoiliarrentzat gordetako zonaldetan zamalanak egiteko aukera izango da aurrerantzean.
Bestalde, lehenbiziko guneko lehenbiziko sektorean—Alde Zaharrean eta Salbiden— hainbat doiketa egingo dute. Salbide ingurua arratsaldeko azken orduan zein jaiegunetan «saturatu» egiten direnez, beste zonalde batzuk egokitu eta gune mistoak sortu dituzte. Hala, Gaztainpe eta Kasino kaleen arteko Lapurdi zein Gipuzkoa kale zatietan utzi ahalko dute ibilgailua Alde Zaharreko eta Salbideko bizilagunek, eta baita Salberdineko aparkalekuan ere. Lehen lehenbiziko guneko hirugarren sektoreko egoiliarrek soilik aparka zezaketen bi gune horietan.
Jasangarritasuna helburu
Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du Udal Gobernuak, hierarkia batean oinarrituta. Oinezkoek izango dute lehentasuna, eta gero bizikletan dabiltzanek.Garraio publikoa sustatu eta ibilgailu pribatua azken aukera gisa finkatu dute.
Ido horretatik, herrigunetik kanpo aparkalekuak atondu eta horietatik erdigunera zein hondartzara iristeko autobus zerbitzuak jarri dituzte martxan. Orain arte Asti eta Eguzki Izar eta hondartza zein Alde Zaharraren arteko ibilbidea egiten zuen autobusak.
Berrikuntza gisa, Abendañoko aparkalekuraino ere iritsiko da autobusa abuztuaren 3, 4, 10, 11, 15, 16, 17 eta 18ean. 30 minutuko maiztasuna izango du, eta euro bat kostako du ibilgailuko—ez pertsonako— joan etorria egiteak. Jakinarazi dutenez, egun 721 aparkaleku daude Abendaño industriagunean. Autobusaren ibilbidea zein ordutegia ezagutu nahi dutenek zuzarautz.info webgunea bisita dezakete.
Udako TAO sistemak irailaren 15era arte iraungo du. Gainontzeko urte garaietan ez da gune urdinik egongo, lehenbiziko guneko lehen sektoreko egoiliarren eta errotazio altuko guneetan izan ezik. Lehenbiziko guneko bigarren eta hirugarren sektoretan—Vista Alegre, Azken Portu eta Azken Portu Goia—egoiliarrentzat aparkalekuak murriztu egingo dituzte, eta horietan aparkatu ahal izateko urte osoko txartela beharko da. Gainontzeko guneetan aparkatzea libre izango da irailaren 16tik ekainaren 14ra.