Informazio praktikoa:
- Non. Itsas pasealekuan, Bañeru kalearen ondoan, Duke Enearen parean.
- Epea. Abuztuaren 27ra arte.
- Ordutegia. Egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 23:00etara.
- Bisita gidatuak. Astelehenetik ostiralera, 18:00etan. Larunbat, igande eta jaiegunetan, 13:00etan eta 18:00etan.
Eguzkian sortutako partikulak atmosferara iristean sortzen diren aurora borealak, izotz azpian ezkutatutako urrea, hotzetik babesteko hartz zuriaren azala, egun hain ezagunak diren
kayak-en sorrera, iglu barruko «berotasuna»... Fenomeno harrigarri horien guztien informazioa eta gehiago jasotzen du
Artikoa apurtzen ari da erakusketa ibiltariak. Herenegun inauguratu zuten La Caixa Gizarte Ekintzako Euskadiko zuzendari Pedro Bartrak, erakusketaren komisario Toni Pouk, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik eta Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek eta abuztuaren 27ra arte izango da ikusgai, itsas pasealekuan, Duke Enearen parean.
Andoni Canelaren argazki ikusgarriez gozatzeko aukera izango dute erakusketara gerturatzen direnek (Amaia Ventas/Hitza)
Pouk adierazi duenez, erakusketa horren helburua Ipar Poloko ekosistemen bereizgarritasunak herritar zein bisitariei ezagutaraztea da, hark kliman duen eragina, haren ezaugarri fisikoak eta bioaniztasuna, besteak beste. Paraje «arrotz» hori erakusteaz gain, badu bestelako xede bat: kontzientzia sortzea eta pentsamendu kritikoa bultzatzea. Azken 25 urteetan Ozeano Artikoako izotz geruzaren hiru laurdenak desagertu dira. Egun izotz zati hori batazbeste duela hamar urte baino %50 meheagoa da. «Lurra berotzearen eraginez kontzientziatu nahi ditugu bertaratzen direnak, haren ondorio lazgarriez ohartarazi», adierazi du Bartrak. «Hala jarraituz gero, liteekena da hogeita hamar urtera Artikoan udan izotzik ez izatea».
Izozmendiak «etengabe» hausten ari direla jakinarazi du, eta horrek agerian jartzen duela Lurreko eremurik «sentiberenetako» baten eraldaketa. «Aldaketa horien ondorioz, klima aldaketa azkarrago gertatzen ari da; aldaketa horrek, gainera, planeta osoko kliman du eragina».
Zarauztarrei gaia agian «urrunekoa» egingo zaiela gaineratu du Berasaluzek, baina baduela zerikusirik. «Zarautzen hegan hasten den tximeletaren hegaldiak munduaren beste muturrean sor dezake erauntsia. Artikoak badaki zerbait horri buruz. Horregatik, denon ardura da ingurumenarekin lotutako kontuetan ausardiaz aritzea».
Erakusketa ikus-entzunezkoek eta bestelako elementu osagarriek osatzen dute (A.V./Hitza)
Lau zati
Erakusketa lau zatitan dago banatuta. Batetik, Artikoko klimaren nondik norakoak jasotzen ditu. Atal horretan izotz motak azaltzen dira: izozmendiak, glaziarrak eta bankisak, besteak beste. Horiek lurreko klima nola erregulatzen duten ezagutzeaz gain, izotza bera osatzen duten kristalen forma ederrekin gozatzeko aukera izango dute erakusketara gerturatzen direnek.
Bestetik, Artikoko izaki bizidunak muturreko egoeretan nola bizi diren azaltzen du. Bertako biztanleek ezaugarri «esanguratsuak» garatu dituzte hotzari aurre egiteko, elur gainean ibiltzeko zein ingurunean kamuflatzeko. Horiek eta bestelako berezitasunak ikasteko aukera izango da.
Horrez gain, giza arrastoari eta iparraldeko argiei eskainitako gune bana ere baditu
Artikoa apurtzen ari da erakusketak. Lehenbizikoan Artikoan hogei talde baino gehiago bizi direla kontatzen du, eta bigarrengoak, berriz, iparraldeko argiak edo aurora borealak nola sortzen diren.
Hori guztia Andoni Canela argazkilariak Groenlandian, Alaskan, Svalbarden, Islandian, Errusian zein Laponian ateratako irudi ikusgarriekin lagunduta. «Artiko harrigarrian» murgiltzeko hainbat elementu ere biltzen du; besteak beste, zenbait ikus-entzunezko, Alaska iparraldeko eta Kanadako pieza batzuk, sami musika eta inuit-yupik ipuin bat.
Zarauzko alkateak Artikoari buruzko erakusketa «bete» hori bisitatzera animatu ditu zarauztarrak zein bisitariak. «Ez zaizue damutuko».