Ingelesez ere jarri dituzte kartelak bizilagunek. (Amaia Ventas/Hitza)
Baratzalde kaleko 345 metro koadro «kendu», eta ez dietela ezer eman salatu dute; 709.o00 euro eskatzen dute. «Kabi-Sorta etxebizitzako bizilagunoi dagokiguna erreklamatzen diogu Zarauzko Udalari». Haien arabera, Salbide sustatzaileak etxe berriak egin ahal izateko eurei zegozkien Baratzalde kaleko 345 metro koadro «kendu» dizkie, eta ez diete «ezertxo ere» eman horren truke. Jakinarazi dute kale horretako 2., 4. eta 6. eskaratzetako bizilagunek etxe aurrean aparkaleku pribatua zutela eta horregatik ordaindu egiten ziotela udalari. «Orain ez daukagu ezer. Hutsaren truke kendu digute», diote. Baratzalde kalea «herriarena» izatearen alde daude bizilagunak, baina eraiki berri dituzten etxeekin lortutako irabazien ehuneko bat zor dietela aldarrikatu dute.
Hori dela eta, zazpi urte daramate epaiketetan. «Epaileek guri eman digute arrazoia, eta azkenengoak udalak 709.000 euro ordaindu behar digula esan du», adierazi dute. Haien arabera, epaileak berak udala «ausarkeriaz» jokatzen ari dela esan zuen. «Gure etxe eskriturek, kontzientziek eta legeak babesten gaituzte, beraz».
Orain arte «jarrera leuna» izan dutela gogoratu dute; ez dutela «oztoporik» jarri obrak egiten ari zirenean eta «errespetuz» jokatu dutela. Egoerak «bere horretan» jarraitzen duela ikusita, ordea, «euren eskubideen alde» borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute. Oraingoz, hainbat pankarta eta kartel jarri dituzten etxebizitza inguruan euskaraz, gaztelaniaz, baita ingelesez ere, besteak beste, udalari «dagokiona egin» eta etxejabeei «eurena dena ordaintzeko» eskatuz.
Udalak, bere aldetik, ados jartzeko «borondatea» izan dezaten eskatu diete bizilagunei. «Hiru aldeak—udala, Kabi-Sortako bizilagunak eta sustatzailea—ados jartzea nahi dugu, arazoa ahalik eta azkarren konpon dadin. Gure helburua hiru aldeak asetuko dituen konponbidea aurkitzea da», nabarmendu du Hirigintza zinegotzi Iñaki Eizagirrek. «Herentziaz» jaso duten auzia dela gogoratu du, eta udalak alde guztiek onartuko dute irtenbidea emateko «bere esku dagoena» egingo duela, «ahal den heinean». Hainbat bilera egin du Salbiderekin zein bizilagunekin, eta aurrerantzean gehiago egingo dituela jakinarazi du, hiru agenteak ados jartze aldera. Akordiorik lortu ezean, azken epaiari helegitea jarriko dio udalak.
Baratzalde kalea, egun. Ezkerretara Kabi-Sorta etxea ageri da, eta eskuinean eraiki berri dituztenak. (Amaia Ventas/Hitza)
Minduta eta haserre
«Haserre» eta «minduta» daude bizilagunak. Ez dute «ulertzen» udalaren jarrera. «Sustatzailea babesten dute, eta ez gu. Ez dugu ulertzen sustatzailearen eta lehengo udalaren arteko akordioa zer-nolakoa izan zen», adierazi dute Joxe Mari Iruretagoiena eta Benito Beitia Kabi-Sortako bizilagunek. Aurreko Udal Gobernuak irtenbiderik ez ziela eman gogoratu dute, eta prozesua «luzatu besterik ez» zuela egin. Gobernu berriarekin «esperantza izpi bat» zuten, «baina haren jarrera ikusita ere,etsita» daude.
«Guk geurea dena besterik ez dugu eskatzen, ez gehiago eta ez gutxiago», zehaztu dute. Haien arabera, Kabi-Sortan edadetu asko bizi da, eta zenbaitek arazoak dituzte. «Gure etxeak zaharrak dira—1963. urtean eraiki zituzten— eta ez daude egokituta. Geuri dagokiguna itzuliz gero, gure bizi kalitatea hobetzeko baliatuko genuke. Ez dugu irabazirik nahi, gure egoera hobetu baizik».
Hain zuzen, eskaratz horietarako igogailu bana eraiki nahi dute diru kopuru horrekin, eta euren etxeen balioa handitu. Aparkaleku pribatua «kendu» zietenetik etxebizitzon balioa jaitsi egin dela nabarmendu dute.