Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Krisi ekonomikoa gogor astintzen ari da gizarteko sektore guztiak, eta osasungintza ez da salbuespena. Hala ere, baikorra da Daniel Zulaika, Eusko Jaurlaritzako Hiesaren Aurkako Planaren koordinatzailea.
Egoera ekonomikoa ez da ona. Nola eragingo dio GIB/hiesaren prebentzioaren eta tratamenduaren finantziazioari?
Murrizketak daudenean, laguntza ez den arloetan murrizten da beti: ikerkuntzan, prebentzioan... Gaixoei pilulak emateari ezin diogu utzi; larrialdi zerbitzua ezin dugu kendu... Gure kasuan, gainera, teknologia berriak erabiltzen ari gara, eta oso merkeak dira: Osakidetzaren webgunea da. Krisi ekonomikoa aurretik dator, baina krisirik egon izan ez balitz ere, hau izango litzateke bidea. Eta bide hau, kakotx artean esanda, ez da garestia; dagoen merkeena da. Bestalde, jarraitzen dugu landa lana egiten duten gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean. Beraz, nik, egia esan, ez dut nabaritu gure alorrean murrizketarik izan dugunik.
Beraz, aurreko planarekin alderatuta, plan honek ez du diru murrizketarik izan, ezta?
Nik uste dut gutxi gorabehera berdintsu jarraitzen dugula. Kontuan izan behar da plan honetako aurrekontu asko lehendik datozela, eta Osakidetzaren gastu arruntaren barruan daudela. Esaterako, urtero 300.000 euro egoten dira gobernuz kanpoko erakundeentzat; eta botiketako test azkarrak Osasun Sailak ordaintzen ditu. Beste autonomia erkidego batzuetan egon dira murrizketak; Madrilen, esaterako, murrizketa basatiak egin dituzte. Guk, kolektibo hauen ordez, drogazaleak izango bagenitu helburu, ziurrenez ezin izango genukeen teknologia berrien bidea hartu. Sexu transmisioko infekzioek sortzen dizkiguten erronken aurrean oso ondo kokatuta gaude, nire ustez.
Etorkinen inguruan zurrumurru asko zabaldu da: botika hauek jasotzen jarraituko duten ala ez, gainerakoek adina eskubide izango dituzten ala ez, eta abar. Zer iritzi duzu zuk?
Immigranteei ematen zaien laguntza erregulatzen duen dekretu berria EHAA-n [Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria] argitaratuko dute datorren astelehenean. Ez dut dekretua ezagutzen, baina uste dut gure autonomia erkidegoan gauza garrantzitsuetan mantendu egin zaiela laguntza etorkinei. Larrialdi zerbitzuak mantendu egin dira, gaixotasun garrantzitsuak daudenean ere mantendu egin da laguntza, erretrobirus tratamenduak mantendu egin dira... Bestetik, uste dut era batera edo bestera erregulatu beharreko gaia dela hori.
Zein zentzutan?
Muturreko kasuetara joanda: ezin da onartu hemen bizi den pertsona batek bere aitaginarreba ekartzea Marokotik hemen aldakatik opera dezaten, eta gero berriz itzultzea Marokora. Edo Ingalaterran tabakoa erretzen jarraitzen baduzu ezin duzu bihotzetik operatu, eta hemen bai. Beraz, hona etortzea, operatzeko, hori gehiegikeria dela esango nuke. Beste kasu batzuetan, berriz, ez dago gehiegikeriarik.
Esaterako?
Bada, adibidez, EAEn prostituzioan lan egiten duten emakumeei laguntza ematen zaie arlo honetan. %95 etorkinak dira, eta laguntza hori ematen jarraitu egin behar dugu, osasun publikoari eragiten dion arazo bat delako. Tuberkulosia duen pertsona bat ere tratatu egin behar da, hemengoa izan ala ez. Ezin dugu utzi pertsona batek halako gaitz bat zabal dezan. Buru gaixotasunak dituzten pertsonak ere tratatu egin behar dira. Euskadin oso ondo antolatuta egon izan gara, eta hori nabaritu egiten da: osasun laguntza oso ona emateko gai gara gaur egun.