Atzo arratsaldean aurkeztu zuten datozen egunetan jokatuko den 3x3 Eusko Pro Tou saskibaloi txapelketa, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Bertan izan ziren ZASTeko ordezkari Joxe Lizaso, Euskadiko Saskibaloi Federazioko ordezkari Pedro Epelde eta Udaleko zinegotzi Karmele Alberdi. Epeldek Zarautz horrelako ekitaldi bat antolatzeko toki "ezin hobea" dela adierazi zuen, eta, segidan, txapelketaren funtzionamendua azaldu zuen Lizasok.
3x3 Pro Tourrari gaur emango diote hasiera, eta igandea arratsaldera arte iraungo du. Horretarako, ohi bezala, malekoia joko eremu bihurtuko dute, Zarauzko Dama eta Desertu Txikia bitartean. Partida eta partida artean, hainbat jarduera egingo dituzte; besteak beste, Fernando Romay jokalari ohiaren bisita jasoko dute, Txus Vidorreta entrenatzaileak formazio ikastaroa emango du, hiruko eta mate txapelketak jokatuko dituzte, patata tortilla lehiaketa egingo dute, eta haurrentzat puzgarriak jarriko dituzte
Parte-hartzeari dagokionez, 140 talde inguruk eman du izena, kategori guztiak kontuan hartuta; benjaminetatik hasi eta senior maila bitartean.