Daniel Zulaika: "GIBdun kopurua hazten ari da, eta hori gelditzea da helburua"

Onintza Lete Arrieta 2013ko uztailaren 18a

Daniel Zulaikak (Zarautz, 1951) 26 urte darama hiesaren kontra lanean. Medikua zen lanbidez, eta 1987an Eusko Jaurlaritzako Hiesaren Aurkako Planaren koordinatzaile ardura hartu zuen. Horretan jarraitzen du egun. Joan den astean aurkeztu dute 2013-2016 plan estrategikoa, bi helburu nagusirekin: homosexualen eta nerabeen kolektiboetara informazioa helaraztea, eta kutsatu kopurua geldiaraztea. Hiesa heroina kontsumitzaileen gaixotasuna izatetik, sexu transmisio bidezko gaixotasuna izatera igaro da. Bai, azken hamar urteetan izan da aldaketa. Eta gu atzetik goaz, egoera berrira moldatuz. Gaur egun, kutsatze berrien %90 baino gehiago sexu transmisio bidez gertatzen dira; sexu bidez kutsatzen den infekzioa bihurtu da. Gizonezko homosexualak dira gehien kutsatzen ari direnak, ezta? Bai. Iaz Giza Immuno-eskasiaren Birusaz (GIB) kutsatu zirenen %50 dira gizonezko homosexualak; sifili berrien %75 eta gonorrea berrien %45 ere haiek dira. 2013-2016 urteetarako plana osatu duzue. Bai. Errealitateari erantzungo dion plan estrategiko bat martxan jarri behar dugu datozen lau urteetarako. Eta errealitateak bi gauza esaten dizkigu nagusiki: batetik, gizonezko homosexualak ari dira nagusiki GIBaz eta sexu transmisioko eritasunez kutsatzen. Zehazkiago esateko, gizonekin sexu erlazioak dituzten gizonez ari gara hizketan. Kontuan izan behar dugu horiek biztanleen %2,5 direla. Hortaz, orain 20 urte osasun publikoko gure arazoa droga kontsumitzaileen inguruan bazegoen, orain gure helburu nagusia gizonezko homosexualen kolektiboa da. Bi arlo aipatu dituzu. Zein da bigarrena? Nerabeen inguruan jarri dugu bigarren helburu nagusia. Hiesaz, sifiliaz... kutsatzen ari direnak ez dira haiek; bataz besteko adina 35-40 urte inguruan dago. Benetan kutsatzen ari dena ez da nerabea. Baina garrantzitsua da gazte horiek informatzea eta haiek erne egotea, jakin dezaten zein testuingurutan hasiko dituzten sexu harremanak. Helburu txikiagoak ere izango dituzue, ezta? Bai: diagnostiko goiztiarra sustatzea; kutsatutakoen diskriminazioa gutxitzea... Baina uste dut egun helburu osagarriak direla horiek. Kutsatu kopurua hazten ari da, eta hori gelditzea da gure helburua orain. Beste herrialdeetan antzekoa al da egoera gai honi dagokionez? Mendebaldeko herrialde guztietan gertatzen ari den zerbait da hau. Nik uste dut sexu transmisioko infekzioak beti egon direla, baina 1980eko hamarkadan hiesa eta heriotza iritsi ziren, eta jendea prebentzio neurriak hartzen hasi zen. Eta horregatik 1990ekoari deitu diezaiokegu sexu seguruaren hamarkada; ohiturak aldatu ziren, batez ere gay kolektiboak. Arazoa, erretrobirusen kontrako botika koktelak iritsi zirenean hasi zen. Oso onak dira, jendea ez da hiltzen, eta, hortaz, horren eraginez, prebentzio neurriak hartzeari utzi dio jendeak. Noiz gertatu da aldaketa hori? 2000. urtetik kasuak gehituz eta gehituz joan dira, eta puntu honetara iritsi gara. Egoera hau orokorra da gainerako autonomia erkidegoetan, Europan eta mendebaldeko munduan. Planaren barruan zer ekimen egingo dituzue? Aurreko epidemiarekin hasi ginenean, argi zegoen zer egin behar genuen: drogazaleen esku siringak jarri behar ziren. Siringak banatzeko programak egin genituen, eta ondo atera zen. Gaur egun, GIB kutsadura berrien %6 dira droga kontsumitzaileak. Kolektibo horretan geldiarazi genuen. Orain, beste errealitate batera moldatu beharra dugu. Zein da errealitate hori? Konplexuagoa da, baina hala ere uste dut abagune oso handiak ditugula. Nolatan iritsi gara egoera honetara? Heriotza desagertu izanak eragin nabarmena izan du sexu erlazioetan hartzen ditugun neurrien inguruan. Hori da arrazoi nagusia. Baina badira oso garrantzitsuak diren bestelako faktoreak ere. Hasteko, globalizazioa. Gaur egun sexu erlazio bat izan dezaket gaur Donostian, bihar Erroman eta etzi Tokion. Eta osasun publikoaren ikuspuntutik, ikaragarri kaltegarria da; izan ere, birusak, bakterioak... errazago zabaltzen laguntzen du. Bestetik, bada oso garrantzitsua den beste fenomeno bat: immigrazioarena. Espainiara 5 milioi pertsona iritsi dira. Horietako asko latinoamerikarrak eta afrikarrak dira, eta oso bestelako sexu kultura dute haiek. Gu konturatu gabe, gure sexualitatea bera aldatzen ari da horren ondorioz. Bi gizarte batzen direnean, bat besteaz blaitzen da. Eta ni ziur naiz sexualki gure ohiturak aldatzen ari direla une honetan. Norantz, edo zertan ari dira aldatzen ohitura horiek? Bikote askotan dago kultura nahasketa; hemengoak latinoamerikarrekin elkartuta, esaterako. Eta horrek sexualki liberalagoak, kakotx artean esanda, egiten gaitu gu. Maila askotan eragiten ari da nahasketa hori. Gu konturatu gabe, aldaketa oso garrantzitsua gertatzen ari da. Teknologia berrietan ere jarri duzue begia. Fenomeno hori ere izugarri kaltegarria da gai honetan. Webgune berezi batzuetan esan seropositiboa zarela eta preserbatiborik gabe sexu erlazioak izan nahi dituzula, eta ordu batzuetan hamarnaka erantzun dituzu, inolako neurririk hartu gabe zurekin oheratzeko prest. Sakeleko telefonoentzat aplikazioak ere badaude, une batean sexu erlazioa eduki nahi baduzu mezu bat bidali eta 200 metroren barruan daudenekin harremanetan jartzeko. Kontzertu batean, esaterako. Zergatik da hau hain kaltegarria? Sexu erlazioa askoz azkarragoa eta anonimoagoa bihurtzen duelako. Lehen mantsoagoa zen prozesua. Orain di-da egiten da. Teknologia berriekiko erabilera hau batez ere bi kolektibok dute: gay kolektiboak eta nerabeenak. Plana aurrera eramaterako orduan, horregatik aukeratu al dituzue teknologia berriak zuek ere? Hori da. GIB/hiesarentzat txarra den hori, aukera izan zitekeela ikusi dugu, egoerari buelta emateko. Hala, Osakidetzak webgune bat zabaldu du, eta hori izango da gizartearekin mantenduko dugun komunikazio bide nagusia. Lehen publizitate kanpainak garraio publikoetan, telefono kabinetan... egiten ziren. Hori guztia atzean gelditu da. Orain prebentzio lan guztia teknologia berrien bidez egin behar da. Laburbilduta, zer aurki daiteke webgune horretan? Nerabeentzako eta gazteentzako ikus-entzunezko batzuk prestatu ditugu, motzak, prebentzio kanpainen barruan. Gizonezkoekin sexu harremanak dituzten gizonei zuzendutako on-line zerbitzua ere badago, kontsultak egiteko. Tresna oso erabilgarria da hori. Telefono bidezko zerbitzua ere badago–943-00 64 64–, eta hor ikusi dugu azken kolektibo honek lau kontsulta mota egiten dituela. Zein dira kontsulta mota nagusi horiek? Bat, prebentzio neurririk hartu gabeko sexu harremanak izan dituela; bi, zakilean ultzera bat, edo iztartean gurintxo edo ganglio bat atera zaiola; hiru, ohekide batek esatea sifilia duela; eta, azkenik, GIBdun pertsona batekin sexu harremana izan duela neurririk hartu gabe. Webguneari esker, gomendio batzuk jaso ditzake bertara sartzen denak, eguneko edozein ordutan. Hainbat galderari erantzunez, gomendio batera edo bestera bideratzen du webguneko aplikazio horrek. Esaterako? Pertsona batek uzkitik sarketa egin badu GIBdun pertsona batekin, adibidez, aukera asko du birusarekin kutsatzeko. Hortaz, webguneko gomendioa izango da larrialdi zerbitzuetara jotzea, han erretrobirusen kontrako botikak hartu eta kutsatu ez dadin saiatzeko. Etorkizunean Osakidetzak emango duen osasun laguntzaren parte bat nolakoa izango den erakusten digu honek. Ziurrenez egongo dira aurrez aurreko kontsultak, orain bezala; beste kontsulta batzuk birtualak izango dira familia medikuak bere ordenagailutik laguntzeko bere etxeko ohean dagoen herritarra; eta edozein ordutan kontsultatu ahal izateko honelako on-line zerbitzuak ere egongo dira. Prebentzio eta laguntza modu berri hauek hemendik kanpora ere emango dituzte, ezta? Bai. Besteak beste National Health Service [Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionala] eta Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate handiak ere ari dira erabiltzen tresna hauek. Herritarrek GIB proba egiteko bide egokia asmatu duzue, esaterako. Jendeari kosta egiten zitzaion familia medikuarengana joatea proba egitera. Orain lau urte pentsatu genuen hainbat botikatan jartzea aukera, eta arrakasta ikaragarria izan du: 11.000 GIB proba egin dira ordutik. Bigarren helburu nagusia nerabeen kolektiboan eragitea dela esan duzu. Zer egingo duzue zehazki? Orain hogei urtetik eskola guztiei eskaintzen diegu sexu hezkuntza programa bat, baita hiesa eta sexu transmisio bidezko eritasunen gaineko prebentzio programa bat ere. Baina ez dago derrigorrezko curriculumaren barruan; hortaz, eskola bakoitzak erabakitzen du zein programa eskaini: hiesarena, genero indarkeriarena, drogena... Guk materiala eskaintzen dugu, irakasleak formatzen ditugu, eta gizonek eta emakumeek jartzeko preserbatiboak banatzen ditugu. Kito. Baina datu esanguratsu bat eskuratu berri dugu: azken bost urteetan jaitsi egin da sexu harremanak hasteko adina; bataz beste, 17,2 urtetik 15,7 urtera. Sexu harremanak 15 eta 18 urteen artean hasi dituztenen bataz bestekoa da hori; %40 dira. Ez dakigu gainerakoak noiz hasiko diren sexu harremanetan. Beraz, sexu hezkuntza programak ere urtebete gazteagokoei eskaintzen hastea izango da, ziurrenez, egin beharrekoa. Zer iruditzen zaizu hedabideek, Elizak eta beste hainbat eragilek duten jarrera gai honekiko? Laguntzen al dute, ala oztopoak jartzen dituzte? Nire ustez honetan alarma jo dutenak hedabideak izan dira beti; gainera, Osakidetzak ez du zereginik komunikabiderik gabe, mezua ez delako inorengana iristen. Elizak ere, orokorrean, errespetu handia erakutsi du hartu diren erabakiekin. Eta gure gizartea, orokorrean, nahikoa heldua iruditzen zait. Uste dut hiesak aldatu egin duela euskal gizarteak sexualitatea ulertzeko duen modua, eta gure seme-alabekin sexuaz hitz egiteko aukera eman digula. Izan ere, kutsatuz gero hil egin zintezken. Gauza asko ulertzeko modua ere eman digu; homosexualitatea zer den, adibidez. Hiesak mundua aldatu du, betirako. Eta eragin duen tragediaren barruan, alde positiboa izan du; esaterako, sexualitatea zer den ikasi dugu. Zer esan nahi duzu? Hiesa iritsi zenean, 1980an, konturatu ginen ez genekiela ezer sexualitateaz. Jokoz kanpo harrapatu gintuen. Preserbatiboaren erabilera, esaterako, oso sinplea zela iruditu zitzaigun hasiera hartan: zakilean goma bat jartzea besterik ez zen. Baina gero konturatu ginen giza harremanak hori baino konplexuagoak direla. Zure ohekidea zure bizitzako bikotekidea dela pentsatzen duzunean, zalantza asko sortzen direla eta askok baztertzen dutela preserbatiboa halako arrazoiengatik. Preserbatiboa jartzea ezaugarri pertsonal, erlijioso, kultural eta bestelakoen menpe dago; erosoa ez delako baino, beste arrazoi batzuengatik ez da erabiltzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide