2011ko Bertso Eguneko une batean, Oier Aranzabal bertsotan (Ane Olaizola/Hitza)
Motxian Bertso Eskolak bertsoz girotuko ditu herriko kaleak eta plazak, gaurtik hasi eta larunbata bitartean. Urtero bezala, bertso saio musikatuarekin abiatuko dute Bertso Astea, eta Bertso Egunarekin biribilduko dute; tartean, haurrei zuzendutako ikuskizuna ere izango da. Betiko ildoa jarraituko dute aurtengo ekitaldiek, baina izango da berrikuntzarik. Gaur gaueko bertso saio musikatuan, esaterako,
Inazio Eizmendi Basarri izango da protagonista nagusia.
Urtero-urtero hainbat bertsolariren piezak hartzen dituzte, baina oraingo honetan, Basarriren jaiotzaren mendeurrena denez, haren inguruko saio tematikoa prestatu dute. Hark idatzitako bertsoak, hark bat-batean abestutakoak eta hari buruzkoak aukeratu dituzte okasiorako.
Lazkao Txiki, Uztapide eta Patxi Barberorekin egindako saioetakoez gain, bertso berezi batzuk ere berreskuratu dituztela azaldu du
Motxian Bertso Eskolako kide Nahikari Gabilondok.
Bere garaian
Anaitasuna aldizkarian argitaratu zituen bertso batzuk ekarriko dituzte, baita eragin zuten erreakzioa ere. Izan ere, «bertso horiek Inaxi Etxabe oikiarraren eskuetara iritsi ziren. Horietan emakumearen aurka esaten zituen gauzak ez zitzaizkion batere gustatu Inaxiri, eta bueltan erantzun egin zion. Hori horrela, Inaxi bera ekarriko dugu saiora, sorta horiek abestera».
Aukera zaila
Bertso eskolako kideek beren lana hartu dute bertsoak aukeratzeko garaian. «Hasieran bilketa egin genuen guztion artean. Batak nonbait entzun zituela; besteak halakon irakurri zituela. Horrez gain, bertsolaritzako liburu zaharrak eta Basarriri buruzkoak kontsultatu ditugu. Batetik eta bestetik biltzen joan gara, eta azkenean kostatu egin zaigu bertsoak aukeratzea, onak asko dauzkalako». Aurreko urteetan baino sorta luzeagoa izango dela aurreratu du Gabilondok, eta, ondorioz, saioa luzeagoa izango dela. «Hala ere, egoerak berak merezi zuela iruditu zaigu».
Salbuespen gisa, saioak abenduan zendu zen Joxe Agirreren omenezko tartetxo bat izango du, bertsolari azpeitiarraren puntu-erantzun batzuk ekarrita. Torre Luzeako parkean izango da ekitaldia, Basarriren bustoaren aurrean, 22:00etatik aurrera; eguraldi txarra egingo balu Merkatu Plazara lekualdatuko lukete.
Ipuin kontaketa
Ostiralean
Bertsolharitza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bertsozale gaztetxoek, Ibai Esoain bertsolari oriotarraren eskutik. Honako hau ere Torre Luzeako parkean izango da, 18:30ean; eta eguraldiak lagunduko ez balu, Merkatu Plazako lehen solairuan taularatuko lukete.
«Hitzak ateratzen joango dira, eta horren inguruan Esoainek ipuinak kontatuko ditu, baita bertsoak kantatu ere. Era berean, haurrek parte-hartzeko ikuskizuna izango da», dio Gabilondok emanaldiaren nondik norakoa laburbiltze aldera. Ikuskizunak bertsolaritzak duen bat-batekotasunetik edaten du, gainera. «Ez da besterik gabe idatzita dagoen zerbaiten aurkezpena, baizik eta haurrekin interakzioa bultzatuz sortzea».
Tabernaz taberna, bertsotan
Larunbatean, azkenik, Bertso Eguna ospatuko dute. Motxian bertso Eskolaren «egun potoloa», alegia. Hamaiketakoarekin ekingo diote jardunaldiari, Musika Plazan; eguerdian, Txepelketa jokatuko dute tabernaz taberna; ondoren, lagunarteko bazkaria Egoki jatetxean; eta bazkalostean txepelketako finala biribilduko du Bertso Eguna.
Aurtengo Txepelketari berrikuntza txiki bat egin diote antolatzaileek. Orain arte buruz burusaioak jokatzen ziren; hamaiketakoan izena eman ostean, zozketa bidez elkarren aurka lehiatuko ziren bikoteak zehazten ziren. Aurten bikoteka izena emateko aukera izango da, baina horrek ez du esan nahi kategoria berri bat txertatu dutenik. «Litekeena da bi baten aurka aritzea», argitu du bertso eskolako kideak.
«Parte-hartzea sustatzeko modua da. Badakigu parte hartuko luken jendea dagoela, baina bakarrik ausartzen ez direnak. Beraz, horiei ere aukera eman nahi diegu», azldu du Gabilondok. Finalera bikote bat iritsiko balitz, bikoteko kide batek soilik jokatu ahal izango du azken neurketa. Aurtengo garaileak Goardia Zibilen txapeloker bat eta
Soberano botila jasoko du sari gisa. Izan ere, «egun horretan seriotasunak ez du kabidarik. Egun horretan ongi pasatzea dugu helburu».