Unibertso partikularrak badu olatua

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 5a

Makala musikaria (Argazkia: Galder Izagirre) Makala Jazz Funk Band-ek Orrua lan berria aurkeztuko du zuzenean bihar, larunbata, Borghettoko txiringitoan, Zarautzen, Oihan Lopetegi abeslariaren kolaborazioarekin. Unexpected Tapas bigarren diskoaren ondoren, reset egin eta hutsetik hastea erabaki zuen Mikel Unzurrunzaga Makala-k. DJ gisa pintxatzeari utzi gabe, baxua jotzera itzuli eta herriko musikariekin jazz, soul, rhythm&blues eta funk estiloko taldea osatu zuen iaz. Antxon Sarasua teklatu-jotzailea, Ander Ederra gitarrista eta Juan Otegi bateria-jotzailea bidaide harturik, Makala Jazz Funk Band abentura berriari ekin zion. Urtebetez han eta hemen jo ostean, Orrua estreinako lana aurkeztu dute. Bost abesti instrumentalez osatutako EPa edo iraupen laburreko lana atera dute, eta taldearen kanta original bakarra Orrua izenekoa da; eta diskoa ixten duen Orrua (Alternate take surf mix) aldaera. Gainerako abestiak beste artista batzuen bertsioak dira: Wack Wack (Young-Holt Unlimited), Live it up (James K-Nine) eta Heavy heavy heavy (Geraldo Pino), hain zuzen ere. «Proiektuarekin hasi nintzenean banekien nondik abiatu nahi nuen. Baina, era berean, banekien taldekideak beste musika estilo batzuetan aritu zirela eta berria izango zela  haientzat. Orduan, lengoaia musikal berria haiek ulertze eta ezagutze aldera, bertsioak egiten hasi ginen», azaldu du Makalak. Bertsioak izan arren, abestiak bere egin dituzte abestiak. «Nahieran egituratu ditugu. Ez dira fotokopiak». Abestiak Antoine Renault Estudioan grabatu dituzte. «Txantxetako izena da, berez. Antxon Sarasuak Renaulteko egoitza zaharrean duelako estudioa».  Ondoren, Bilboko Euridia Studiosen egin dituzte nahasketa lanak, eta Stuttgarteko Studio Schoenrock-en masterizazioa. Makala Jazz Funk Band zuzeneko emanaldi batean. Hasieran euskarri fisikoan ateratzeko asmoa zuten EPa, baina azkenean itxarotea erabaki dute, beste laupabost abesti gehiago grabatu arte. Udazkenean sartuko dira berriro estudioan, eta urte bukaera inguruan aterako dute iraupe luzeko lana, biniloan. Artean, lehen lana  orruadiskak.bandcamp.com webgunean zintzilikatu dute, doan jaisteko aukera emanez. Hori iragartzeko, eskuorriak landu dituzte, eta zuzeneko emanaldietan banatzen ari dira; eskuorriko marrazkiak eta diseinua Txarly Brownek egin  dizkie. Orrua Diskak Makala Jazz Funk Band proiektuarekin batera, Orrua Diskak diskoetxea sortzea erabaki du Makalak. «Buruan nituen bi gauzak lotu eta aurrera atera ditut. Batetik, talde organiko bat egitea eta, bestetik, zigilua sortzea». Diskoetxea ez da norbere lanak sustatzera eta argitaratzera mugatuko. Irekia izango da. «Bandaren Orrua EPa izan da zigiluaren lehen lana, eta gero disko luzea etorriko da jarraian. Bestalde, Grupo Marepaisa proiektua dago, Zarautzen bizi den uruguaiar batekin eta brasildarrez abesten. Egia esan, hainbat ideia ditut, zigilutik bideratu nahi ditudanak». Global Funk egitasmoren bitartez ekitaldiak antolatzen ditu Makalak, eta egitasmo horren  ildoa jarraituko du Orrua Diskak-ek: «Munduko musikak hartuko ditut, baita funk musika ere. Proposamen dantzagarriak eta alaiak». Disko jartzaile, musika taldea, ekitaldiak antolatzeko egitasmoa, irratsaioa eta, orain, zirkulua osatzeko, zigilua. «Nire unibertso partikularrari diskoetxea falta zitzaion. Gaur egun bere zentzua duela dio, garai batean baino erraztasun gehiago daudelako horretarako. Lehen nahitanahiez lanek formato fisikoa behar zuten. Nire asmoa digitala izatea da, egun  jende gehienak, ordenagailuan edo telefonoan entzuten baitu». Zigilutik, ginera, berak markatu nahi ditut denborak; izan ere, «nire aurreko lanak grabatu eta handik pare bat urtera ateratzen ziren». Kolaboratzaile eta guzti Laukotea zuzenean ariko da bihar Borghettoko txiringitoan, 20:00­etatik aurrera. Bere proposamena instrumentala bada ere, Oihan Lopetegi abeslariaren kolaborazioa izango dute oraingoan. «Ez da erraza musika beltza abesten duen norbait topatzea, eta, zorionez, hor dugu Oihan». Taldearekin zuzenean ariko den lehen aldia izango du, nahiz eta duela hilabete batzuk Balentziaga mu­seoan jardun zuen Makalaren DJ saioan. «Emanaldi horretarako bi abesti prestatu genituen, eta hor ikusi nuen taldean probatzeko unea iritsi zela ». Momentuz, taldeak argi du laukote izaten jarraituko duela eta Oihan Lopetegi kolaboratzaile bat dela. «Artista gonbidatua», hain zuzen ere. «Orain, Oihanekin gabiltza eta gustura gaude, baina horrek ez du esan nahi behin betiko izango denik. Aurrera begira beste abeslariren batekin jo dezakegu, edo haizezko musikariekin. Alde horretatik, irekita gaude». Biharkoaz gain, beste emanaldi batzuk egingo dituzte elkarrekin uda sasoian; esaterako, Donostiako Jazzaldian. Era berean, udazkenean grabatuko dituzten abesti berrietako pare batean abestuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide