«Zarautzen musika tradizio handia izan da betidanik. Musika mota eta alor guztiek egundoko oihartzuna eta harrobia izan dute herrian», adierazi du Gari Berasaluze Kultura zinegotziak. Hori horrela, «musika joera txukuntzeko» asmoa du udalak. Horren adierazgarri da pasa den plenoan udalbatzak aho batez erabakitakoa: Zarauzko Udal Musika Eskola sortzea. Irailetik aurrera izango da abian Maria Immaculada eskola zaharrean, eta bertan Zarauzko Musika Bandaren inguruan sortutako irakaskuntzatik pauso bat harago emango da. «Orain arte Musika Bandak eskaini du musika irakaskuntzari dagokion guztia.
Maria Immaculada eskola zaharrean egokituko dute Zarauzko Udal Musika Eskola. (Amaia Ventas/Hitza)
Programa horretan, ordea, hainbat musika tresna ez da landu. Horiek jotzen ikasi nahi zutenek, beraz, akademia pribatuetara jo behar zuten». Uda igaro ondoren horiei ere lekua egingo diote Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan—musikari zarauztarraren omenez jarri diote izena eskola berriari—. Zortzi urtetik gorako haurrek flauta, klarinetea, tronpeta, tronboia eta perkusia ikasteaz gain—horiek erakusten ditu dagoeneko Musika Bandak— , biolina, pianoa, gitarra, trikitia eta txistu eskolak jaso ahalko dituzte.
Lau eta zazpi urte bitartekoek, berriz, musika eta mugimendua landuko dute. Musika eta dantzarekiko sentiberatasuna garatzea da irakasgai horren helburua, eta bide batez haurraren psikomotrizitatea lantzea. Horrez gain, Musika Tailerra irakasgaian parte hartu ahalko dute adin tarte horretako haurrek. Ipuin, entzunaldi, musika eta jolasen bidez instrumentuak ezagutuko dituzte, besteak beste.
Bestalde, ikastaro laburrak ere egin ahalko dira; musika informatikari buruzkoa, esaterako. Ikastaroak araututa egongo dira, Jaurlaritzaren berme guztiekin. «Irakasleak tituludunak izango dira, eta irakasgaiak gainditzen dituztenek titulua jasoko dute».
Eraikineko bi pisu baliagarri izango dira eskolak emateko. (Amaia Ventas/Hitza)
Uztailaren 15era bitartean
Interesa dutenek zuzarautz.org webgunean dute eskuragarri informazioa osoa. Hain zuzen, gune horretan eskuratu ahalko da Zarauzko Udal Musika Eskolan izena emateko eskuorria. Hori bete eta Villa Mundara eraman beharo da uztailaren 15a bitartean. Astelehenetik ostiralera izango da horretarako aukera, goizean 10:30etik 12:30era, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Eraikin horretan ere jaso daiteke aurrematrikula egiteko orria.
Irailean egin beharko da behin betiko matrikula. «Ez dakigu zenbat ikasle izango ditugun, eta horretarako zabaldu dugu aurrematrikula egiteko aukera. Irailean ikasle gehiegik ematen badute izena zozketa egingo dugu horien artean. Zarauztarrek lehentasuna izango dute», azaldu du Kultura zinegotziak.Dagoeneko 110 lagunek eman dute izena, eta Berasaluzek Zarauzko Udal Musika Eskolak 300 bat ikasle har ditzakeela aurreikusi du.