Badok Hamahiru ezagutarazteko antolatu dute Cava Azoka Zarauzko Munoan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko uztailaren 4a

Zarautz Arraun Elkarteko beteranoek Cava Azoka antolatu dute, gaurtik igandera bitartean Munoan. Hiru helbururekin prestatu dute bigarren aldiz azoka hori. Batetik, herrian Badok Hamahiru taldea ezagutarazi nahi dute. Lehen aldiz Orioko jaitsieran hartu zuten parte, eta, besteak beste, hortik datorkio izena taldeari. «Orioko jaitsieran 13. zenbakia eman ziguten. Horrez gain, traineruan hamahiru arraunlarik jarduten dute. Ez Dok Amairurekin hitz jokoa egin, eta azkenean taldea osatzea lortu dugula adierazi nahi genuen, Badok Hamahiru esanez». Bestetik, laguntzak lortzea dute xede. Beteranoentzat bigarren eskuko traineru bat erosi nahi dute, eta horren zati bat ordaintzeko baliatuko dituzte azokako irabaziak. Beteranoen taldea indartuz, ZAE bera ere herritarrengana gerturatu nahi dute, eta, hala, laguntza fisiko eta ekonomikoa indartu. Azaroan egin zuten lehenbiziko Cava Azoka, Munoan. (Amaia Ventas/Hitza) Azaroan egin zuten lehenbiziko azoka, eta «nahiko ondo» atera zela adierazi du Badok Hamahiruko kideak. «Eguraldia hotza izan zen, ordea, eta horri buelta emateko udan, orain, beste bat antolatzea erabaki dugu», dio Mugerzak. Gaur bertan inauguratuko dute, 19:00etan. Cava eta menua Askotariko cava markak eskainiko dituzte, baita motak ere. Batzuk artisauak izango dira, besteak arruntagoak, eta bereziak ere egongo dira . Hala, bederatzi eta hamabi euro bitartean ordaindu beharko da botilako, cavaren berezitasunaren arabera. Cava mota bat baino gehiago probatu nahi dituenak ere izango du horretarako aukera. Botila bat erosi beharrean kopak eskatu ahalko dira, eta hala hainbat edari apartsu dastatu. Alkoholik edan nahi ez dutenenetzat freskagarriak eta ura ere izango dira. Edariari laguntzeko mokadutxoak ere salduko dituzte. Mugerzak jakinarazi du azaroko azokako menu antzekoak eskainiko dituztela; oilaskoa, ahate-urinekoa edo confit-a, ganba handiak, kroketak eta txitxi-burruntzi edo broxetak, besteak beste. Berrikuntza gisa, aurten kilo erdiko txuleta egin berria dastatu ahalko da Cava Azokan. Postrerako, berriz, ijito besoa eta profiterolen artean aukeratu beharko dute bertaratzen direnek. Prezio herrikoia izango dute menuek: sei euro kostako dira oilasko, ahate eta bestelako errazioak, hamabost euro kilo erdiko txuleta, eta gozokiak, aldiz, hiru euro. Txartel bidez funtzionatuko du azokak; karparen kanpoan jarriko duten etxolan erosi ahalko dira. Bertan emango dituzte mahai tresnak, esku zapiak eta kopak, bi euroren truke. Otordua amaitzean, bertan utzi beharko dira, eta itzuli egingo da dirua. Musikarekin lagunduta Gaurtik astelehenera bitartean izango da zabalik Cava Azoka. 300 bat pertsonarentzako lekua egokituko dute karpan, eta eguraldi ona eginez gero, mahai batzuk atonduko dituzte kanpoan. Egunero 11:00etan zabalduko dituzte karpako ateak, eta 23:00ak arte egongo da irekita. Jateaz eta edateaz gain, musikaz gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Izan ere, Badok Hamahiru taldeak egitarau zabala antolatu du egun horietarako. Musika lasaia izango da. «Aurten musika bai, baina suabea izatea nahi dugu, jendeak lasai jan eta hitz egiteko aukera izan dezan». Bihar Ekin taldeak girotuko du Munoako karpa, larunbatean Eromeriak, eta igandean, berriz, Rafa Villafañak. Kontzertu guztiak 22:00etan hasiko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide