Zarauzko malekoian, ustezko erasoa gertatutako toki berean egin dute elkarretaratzea hainbat herritarrek (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Jendetzak salatu berri du astelehen goizaldean adingabe bati egindako sexu erasoa Zarautzen. Gertakaria jazo zen tokian bertan egin dute protesta herritarrek, eragileek eta ordezkari politikoek, itsas pasealekuko komun publikoaren parean. Bilgune Feministak eta Emakume Gazteen Asanbladak deitu dute elkarretaratzera.
«Eraso sexistarik pairatu gabe neskok ezin dugu parrandan lasai atera», salatu du mugimendu feministak. «Baina zer gertatzen da erasotzaileekin? Noiz erakutsiko diegu emakumeek ezetz esaten dugunean ezetz dela, harremanak menpekotasunean eta jabetzan baino errespetuan eta askatasunean oinarritu behar direla? Emakumeak ez garela inorek objektu, gure bizitzaren subjektu baizik?».
Hori dela eta, «aldatzea» emakumeei dagokiela nabarmendu du. «Badakigu gure burua defendatzen, eta horrelako gertaerek beldurra eragin arren, hurrengo bat gerta ez dadin elkartasuna eta antolakuntzaren bidez aurre egingo dugu. Indarkeria sexista kasu bakoitzaren aurrean erasotzaileek aurrean izango gaituzte». Zarauzko Udalak ere bat egin du deialdiarekin. Hala jakinarazi du goizean Udalbatzako ordezkariek hedabideen aurrean egindako agerraldian.