Alderdi guztietako ordezkariak, hedabideen aurreko agerraldian, gaur eguerdian. Amaia Ventas
Zarauzko Udalak bozeramaileen batzorde berezia egin berri du, eta talde politiko guztiek aho batez onartu dute atzo goizaldeko ustezko sexu erasoa salatzea. "Horrelako eraso sexistak ezin dira onartu", adierazi du Eider Illamarrandi alkateordeak: "Inori ez dagokio beste inoren gorputzarekiko jabetza, biktimaren borondatea bortxatuz, azkenaldian gehiegitan ikusten ari garen bezala. Nahikoa da!". Udalak "ikerketa azkartzeko eta prozedura judizialari bidea emateko" eskatu dio Ertzaintzari. Era berean, babesa agertu dio biktimari, familiari eta lagunei. "Udalaren babes osoa dute eta bidelagun izango gaituzte, nahi duten neurrian, aurrerantzean eman beharreko urratsetan".
Hedabideei ere egin die deia. Arduraz jokatzeko eskatu diete. "Biktimaren eta horren familiaren intimitatea bermatu behar da".
Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzera deitu dute Bilgune Feministak eta Emakume Gazteen Asanbladak gaurko. Arratsaldeko zazpietan izango da protesta, erasoa gertatu zen tokitik abiatuta, malekoiko komun publikoen paretik, hain zuzen. Udalak bat egin du deialdiarekin, eta Zarauzko gainontzeko eragileak eta herritarrak ere parte hartzera gonbidatu ditu.
Atzo goizean adin txikiko bati sexu erasoa egin ziotela salatu zuen haren familiak. Erasoa atzo goizaldean izan zen ustez, itsas pasealekuko komun publikoan. Oraindik ez dute ustezko erasotzailea atzeman. Udalak gogoratu du herriko jaien atarian izan dela sexu erasoa, eta ondorioz, festetan arduraz jokatzera deitu ditu herritarrak. "Bereziki, edozein eratako erasorik ez onartzeko deia egin nahi diegu zarauztarrei. Jarrera sexistarik gabe. Jarrera diskriminatzailerik gabe. Ez da zilegi inolako erasorik: ez ahozkorik, ez jazarpenezkorik, ez fisiko edo psikologikorik, eta noski, ezta sexu erasorik ere". Biktimaren ausardia goraipatu du, "hori delako bidea indarkeria sexistaren aurrean tinko lanean jarraitzeko".
Era berean, atzokoa ez dela kasu "isolatua" gogoratu du. "Oraindik ere emakumeen aurkako indarkeria egotea ahalbideratzen duen egitura oso baten ondorio zuzena baizik". Hori gainditzeko "guztiei" lan egitea dagokiela nabarmendu du.