(Amaia Ventas/Hitza)
25 urtez «herriarengatik eta herriaren» lanean jardun du Santi Negueruelak; batez ere, halterofilia munduan. Francisco Zurbaran elkarteko kidea, danborradako zuzendaria eta helduen danborradaren sustatzaileetariko bat da. Gaur merezitako omenaldia egingo diote zarauztarrek.
Gustura al zaude berriarekin?
Bai, baina batez ere urduri samar nago. Alkatearekin balkoira igo eta diskurtsoa eman behar dudala pentsatzeak urduri jartzen nau. Ez dakit nola aterako den, baina ilusioz nago.
Zer moduz joan dira aurten danborradaren prestaketak?
Ederki, oso ongi antolatu gara aurten. Hori beharrezkoa da. Izan ere, aurten 10 konpainiak hartuko dugu parte; Arkaitz Mendik, Kayuak, Carballeirak, Arranok, Cachi Bachik, Udaberrik, Francisco Zurbaranek, Urpekoak-ek, Ongi Etorrik eta Batzokik, hain zuzen. Guztia prest dugu. Arazo handiena, ordea, eguraldiak sor dezake, ez baitago gure esku. Hala ere,uste eta espero dut giro ona egingo duela.
Lau eguneko festak dira, baina zuek aurrez ordu asko ematen dituzue lanean, ezta?
Hiru edo lau hilabete daramagu helduen danborrada prestatzen. Hainbat bilera egin dugu, gauzak lehenbailehen lotu behar baitira. Elkarte bakoitzak bi koordinatzaile dauzka, eta askotan bildu izan gara guztia aurrera ateratzeko. Gerora, udalarekin eta sail batzurekin ere elkartu gara. Hala ere, dena ez da gaur amaituko. Hurrengo astean danborradan parte hartu dugunak berriz elkartuko gara, nola irten den baloratzeko.
Zenbat denbora daramazu zuzendari gisa? Eta danborradan parte hartuz?
Hiru urte zuzendari gisa. Duela 13 urte lau bat lagun bildu ginen Santa Marina gauez, eta hortik atera zen danborrada antolatzeko ideia. Hasieran inork ez zuen gure alde egin, baina erakutsi dugu seriotasunez eta gogor egiten dugula lan.
Nolakoa izan da danborradaren garapena?
Lau konpainiarekin hasi ginen, eta egun hamarrek osatzen dugu; aurten Batzoki batu zaigu, eta iaz Arrano. Guztira 250-300 pertsonak jardungo dute aurten danborra jotzen. Ondorioz, gora-beherak izan ditzakegu Lege Zaharren Enparantzara sartzeko. Lehen konpainia bakoitza kale batetik joaten zen, eta guztiak plazan elkartzen ginen. Orain elkarrekin joango gara, banakako lerroan.
Urte horietan guztietan hainbat pasadizo pilatuko zenuten, ezta?
Bai, pasadizo asko ditugu, baina badira batzuk bereziki oroitzen ditudanak. Bat, ez hain atsegina. Gogoan dut duela hiru urte Euskalduna tabernaren parean upel-jole bati upela puskatu, makilak buelta eman eta makila begian sartu zitzaiola. Alde borobilak jo zuen begian, eta zorionez kolpea soilik izan zen. Onik atera zen. Dena den, gehienak pasadizo onak izan dira. Irudikatu danborjotzaile bat bandera batekin, eta oso pozik.
Zer da zuretzat San Pelaio?
Zarautzen jaio den ororentzat bezala, sanpelaioak festa bereziak dira niretzat, eta barren barrenetik bizi dut. Hala ere, aspaldiko ohiturak asko ematen ditut faltan. Txikia nintzenean Iñurritzako zelaira joan ohi ginen aiton-amonekin meriendatzera, guztiok elkarrekin. Hori galtzen ari da egun. Zenbait tradizio mantendu dute, baina ez da gauza bera. Ohitura polit horiek desagertzen ari dira.
Francisco Zurbaran elkarteko kidea eta danborradako zuzendari izateaz gain, lan handia egin duzu herriarengatik eta herriaren alde.
Bai, hori da, beti herriarengatik eta herriaren alde. Ni txikitan atletismoa egiten hasi nintzen, txirrindulari elkarteko zuzendaritzan egon nintzen gerora, eta ondoren halterofiliara pasatu nintzen. Urte asko egin nituen horrela; 25, zehazki. Euskadiko Selekzioko kidea izan naiz, baita ZKEko entrenatzailea ere. Oso urte aberasgarriak izan ziren. Hura uztea erabaki nuen gero, eta orduan hasi ginen danborradak antolatzen. Eta dagoeneko hamahiru urte daramagu.
Danborradarekin luzaroan jarraitzeko asmoa al daukazu?
Noski,
zartrosiak aukera ematen didan bitartean horrelaxe jarraituko du.
Gaurko egitaraua
- 11:30. San Pelaio elizan, Udaberri abesbatzaren kontzertua, Iñurritza elkarteak antolatuta.
- 12:00. Suziriak eta txupinazoa, jaiei hasiera emateko. Udaletxeko balkoian Juan Luis Illarramendi alkateak Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari makila emango dio.
- Ondoren. Kalejira trikitilari, buruhandi eta erraldoiekin.
- 18:30. Haurren XXXV. Agerraldia, Haur Kultur Taldeak antolatuta. Irteera Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik, Zarauzko Musika Bandak eta Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta
- 20:00. Lege Zaharren enparantzan, talde guztiak bildu, eta elkarrekin joko dute.
- 20:00. Munoan, txosnen irekiera. Transpelaioren igoera.
- 23:30. Txosnak itxi eta denok udaletxera.
- 23:30. Helduen Danborrada Geltoki parketik hasi eta Foruen kaletik barrena iritsiko da Lege Zaharren enparantzara.
- 23:45. Lege Zaharren enparantzan, danborradako ordezkariek San Pelaio makila emango diote Santiago Negueruelari.
- 00:00. Lege Zaharren enparantzan banderaren igoera. Txupinazoa eta traka San Pelaioren ereserkia abesten duten artean.
- 00:00. Iñurritzako zelaian, bandera goratuko dute eta txupinazoa bota, sorpresa bat baino gehiagorekin.
- 00:00-03:00. Munoan, drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua, Prebentzio zerbitzuak eta Ai Laketek antolatuta.
- Ondoren. Helduen Danborradako konpainia guztiek elkarrekin joko dute Lege Zaharren Enparantzan.
- 00:15. Musika Plazan, dantzaldia Joselu Anaiekin.
- Aldi berean. Helduen Danborrada herriko kaleetan zehar ibiliko da, eta ondoren, konpainiak elkartuko dira Musika Plazan elkarrekin jotzeko. Kale Nagusitik Geltoki parkera joango dira gero.
- 01:00. Txosnetan, Skasti eta Pariak bai taldeen eskutik kontzertuak.