Zarauzko Udal Musika Eskola martxan izango da udazkenetik aurrera

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ekainaren 20a

Maria Immaculada eraikinean egokituko dute Zarauzko Udal Musika Eskola (Amaia Ventas/Hitza) Udalbatzak aho batez onartu du zerbitzua abiatzea; Maria Immaculada eskola zaharrean egongo da. Zarauzko Udal Musika Eskola udazkenerako abian izango dela aurreikusi dute. Atzoko osoko bilkuran onartu zuten udal ordezkariek zerbitzu hori martxan jartzea, 2004an hasitako prozesuari jarraipena emanez. Zerbitzua «modu arautu eta jarraituan» emateko konpromisoa hartu zuten, «borondate politikoaren faltan» urte askoan arautu gabe jardun duelako lanean.  «Bildu udaletxean sartu zenean, Kultura Sailean aurkitutako harrien artean handienetariko bat zen hau», adierazi zuen Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. «Hori dela eta, hori txukun arautzea lehentasunezkoa zela ikusi genuen». Orain arte musika bandak bizirauteko eskola soilik lagundu du udalak diruz. Horrek Zarautzen bestelako musika tresnak jotzen irakasteko akademia pribatuak sortzea ekarri du, eta horrek aldi berean, «desoreka handiak». «Batzuk udalaren laguntzak jasotzen zituzten instrumentu bat ikasteko, eta beste batzuk, ordea, ez». Atzo hartutako erabakiari esker, bandak irauteko eskolak bere horretan jarraitzeaz gain, beste musika tresnak gehituko zaizkio; gitarra, biolina, trikitia, pianoa eta txistua, esateko. Horientzako guztientzako lekua bermatuko du Zarauzko Udalak. Horretarako Maria Immaculada baliatuko du. Hori guztia Villa Munda eraikinean martxan jartzea posible ez denez, erakundeak mojekin hitzarmena sinatu  du, ikastetxe zaharra erabili ahal izateko. Kontratazioari dagokionez, egun zerbitzua zuzenean emateko zailtasunak daudenez, hori kudeatzeko zeharkako era baliatuko dute. «Asmoa noizbait publikoki egiteko aukera hori izatea da. Oraingoz ezinezkoa denez, horrela egin beharko da». Prozesua «luzea» dela esan zuen Berasaluzek, baina «ari» direla. Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin zein Zarauzko musika irakasleekin hainbat bilera egin dute. «Hau urrats bat besterik ez da». Bestalde, Xirula Mirula eskola zaharraren omenez eta musika pedagogian eta irakaskuntza alorrean egindako lan eskerga aitortuz, Zarauzko Udal Musika Eskolari Imanol Urbieta Musika Eskola izena jartzea proposatu dute. «Beharrezkoa» Aho batez onartu zuen Zarauzko Udalbatzak Udal Musika Eskolako zerbitzua martxan jartzea. Ezker Batuko Mariana Aranburuk  «pozez» hartu zuen erabakia, baina beste modu batera kudeatzea «egokiagoa» litzatekeela nabarmendu zuen. «Ez dira momentu onak. Mariano Raxoiren dekretuaren ondorioz langileak ezin dira zuzenean kontratatu, eta beste organoak sortu behar dira zerbitzua kudeatzeko. Guri zuzeneko kontratazioaren aldeko apustua egitea gustatuko litzaiguke. Egun ez da posible, baina aurrera begira hala egitea nahiko genuke». Zarauztarren aspaldiko ametsa bete dela nabarmendu zuen PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak: «Zarautz herri musikaria da, eta halako eskola batek herria aberastuko du». Musikak eta musikaren irakaskuntzak Zarautzen duen garrantzia nabarmendu zuen Imanol Lasa EAJko bozeramaileak, eta halako etxe bat herrian «beharrezkoa» dela gaineratu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide