Zarauzko Alkoholiko Anonimoek, 50 urte

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ekainaren 19a

Edari alkoholdunek eragiten dituzten kalteei aurre egiten 50 urte daramatza Hondartza taldeak Edan nahi baduzu, zure arazoa da. Edateari uztea erabakitzen baduzu, geure arazoa da». Hala dio Zarauzko Alkoholiko Anonimoen elkarteak. Hondartza taldeak 50 urte darama alkoholarekiko mendekotasuna dutenei laguntzen, eta mende erdiko ibilbidea aitortu eta urrezko ezteiak ospatzeko hitzaldia antolatu dute ostiralerako. Modelo aretoan izango da, 19:00etatik aurrera. Al-Anon alkoholikoen senideei laguntzen dien erakundeko ordezkariek, Zarauzko taldeko kide pare batek eta mediku espezialista batek hartuko dute parte. Sarrera librea izango da, eserleku guztiak bete arte. Astean bitan elkartzen da Hondartza taldea (Amaia Ventas/Hitza) Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen Alkoholiko Anonimoen lehenbiziko taldea, duela 78 bat urte. Medikuek arazoaz hitz egitea gaixoarentzat onuragarria zela ondorioztatu zuten; eritasunean sakonduz gero gainditzeko erraztasun handiagoa zutela alkoholikoek. Bide horretan, duela 50 urte San Pelaio egunez herritar talde bat elkartzen hasi zen Zarautzen. Alkoholarekin arazoa zutela aitortu, eta esperientziak partekatzea zuten helburu; «elkarri adorea eman eta indarrak biltzea, gehiago ez edateko». Hala sortu zen Hondartza taldea. Egun 25 bat lagunek osatzen dute. Parte-hartzaileek baldintza bakarra bete behar dute: edateari utzi nahi izatea. Horretarako, beharrezkoa da aurrez gaixo daudela onartzea. «Hori izaten da zailena», dio Hondartza taldeko kide batek. «Gizartean, kalean edatera ohitu gara. Guztiok dugu ukitu hori. Batzuentzat ohikoa da edatea, baina beste batzuentzat arazo bilakatzen da. Horren aurrean, askotan beldurra sentitu eta ondorioz konplexua izaten da gaixo zaudela onartzea». Behin lehenbiziko pauso hori emanda, lagun artean errazagoa da aurrera egitea. Horregatik, astean bitan elkartzen dira Hondartzako kideak, astelehen eta ostegunetan 19:30ean, Langako plazan duten lokalean. Terapia modukoa egiten dute bertan: dituzten arazoak elkarri kontatzen dizkiote. «Mahaiaren inguruan esertzen gara, eta arduradunak zerbait irakurri ostean, banan-banan hizketan hasten gara», dio zarauztarrak. «Dena den, ez da beharrezkoa zerbait esatea. Batzutan txanda pasa egiten dugu, entzute hutsarekin ere asko ikasten baita. Askotan gertatzen da batek zerbait esan eta beste batek erantzutea berari ere gauza bera gertatzen zaiola. Izan ere, arazoak errepikatu egiten dira». Elkartean askotariko jendea biltzen da, eta alkoholismoak ez duela «inor bereizten» dio. «Emakumeak, gizonezkoak, aberatsak, behartsuak, langileak, nagusiak...Bilera gelan sartu orduko, guztiok berdinak gara». Gizartean estigma Alkoholismoak egun oraindik ere «indar handia» du. «Bereziki deigarriak dira emakumezkoen zein gaztetxoen kasuak. Ohiko kontsumo ohiturei, gainera, botelloia bezalako joera berriak gehitu zaizkie, gazteak alkohol kontsumitzaile sutsuak bihurtzeko arriskua areagotuz». Gaixotasun hori pairatzen dutenen kopurua handia bada ere, gizarteak ez du «behar bezala» onartu. «Oraindik estigma galanta dauka. Jendearen iritziz alkoholismoa ez da gaixotasuna, bizioa baizik. Alkoholikoa ez da gaixoa, mozkor hutsa da askoren ustez», azaldu du Hondartza taldeko kide horrek. Hori dela eta, gizarteak arbuiatu egiten du edazalea, hura lotsatzeraino. «Asko eta asko beste herritako bileretara joaten da, bere udalerrian ikusiko duten beldurrez». Egun Gipuzkoan halako 37 elkarte daude, hainbat herritan banatuta. Gizarteak hori bukatzeko tresnak jartzen ez dituen bitartean eritasunak ez  duela atzera egingo dio. «Ez da erraza gaixotasuna gainditzea. Bizitza aldatu behar da, berri bat hasi». Bidea zaila den arren, berme bat dauka: irtenbidea du. «Beste gaixotasun askok ez dute sendabiderik, ezin dira tratatu. Honek badu, ordea. Borondatea izan eta zintzo ibili, besterik ez da behar». Bide horretan Hondartza taldean babesa sentituko du beharra duenak; izan ere, talde horrek beti ditu ateak zabalik. Hoiekin harremanetan jarri nahi dutenek euren lokalera bertaratu daitezke edota 943- 24 84 74 telefonora deitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide