Zarauzko hainbat gaztek 1936ko ekainaren 16an sortu zuten Ondartza taldea (utzitako argazkia).
F rancisco Francoren diktadura bete-betean sortu zuten Zarauzko gazte batzuk Ondartza taldea. 1963. urtea zen, eta testuinguru hartan zeuden mugen gainetik, helburu bakarra jarri zuten: euskal kultura sustatzea. Baita lortu ere. Igandean mende erdia beteko da talde horrek lehenbiziko ikuskizuna eskaini zuenetik, eta hori ospatze aldera, aspaldiko taldekideak elkartu eta festa egingo dute.
Haietako asko Antoniano dantza taldean ibiliak ziren. Hura desagertu zenean, taldekideak elkartzen jarraitzea erabaki zuten, hark utzitzako hutsunea betetze aldera. Pixkanaka koadrila askotako jendea aukeratu zuten, «taldea ahalik eta zabalena izateko», eta buru-belarri ekin zioten lanari. Ekainaren 16an egin zuten debuta, Zinema pilotalekuan. «Garai hartan ez geneukan ezer.Entseguak egiteko lekurik ere ez genuenez, fraidetako garajean elkartzen ginen. Antoniano dantza taldeko arropa zaharrekin egin genuen estreinako ikuskizun hura, ahal genuen moduan, erdizka. Gure onena eman genuen, gogo handiz, eta ekitaldi hark arrakasta handia izan zuen herrian», azaldu du Izaskun Mendizabalek.
Izaskun Subiñas, Tere Maza eta Izaskun Mendizabal, Ondartza taldeko kideak.
Askotariko alorrak bultzatzea zen talde haren helburu nagusia. Ibilbide hartan ez ziren dantzatzera edota kantatzera soilik mugatu, beraz. Euskal Astean antzerki txikiak edo euskal irudiaren estanpak ere egiten zituzten. Horrez gain, Euskal Jai Egunerako karroza lehiaketan parte hartzen zuten; bi ere aurkeztu izan zituzten. Oro har, euskal kultura eta euskararen aldeko ekitaldi guztietan hartzen zuen parte Ondartza taldeak.
Guztira 86 pertsona pasatu dira taldetik; guztiak ez dira aldi berean ibili, baina gutxi gorabehera, 60 bat biltzen ziren. Dantzariak ziren batzuk, beste batzuk abestu egiten zuten...Lagundu ere, jende askok lagundu zituela gogoratu dute. «Txistulari eta danbor joleak ere biltzen zituen», nabarmendu du Tere Mazak. «Haiek gabe ezinezkoa izango zen ezer egitea».
Garai zailak
Lanerako gogo handia zuten arren, testuinguruak ez zuen laguntzen. Frankismo betean, ahal zutena egin zuten. «Orduan dena galarazita zegoen», esan du Izaskun Subiñasek. «Zenbait gauza ezin genituen esan, egitarauak-eta gaztelania hutsean banatu behar izaten genituen, eta zenbait ekitaldi antolatzeko ere gobernadore zibilari baimena eskatu behar genion». «Oso kontrolatuta» zeudela gaineratu du Mendizabalek. «Askotan guardia zibilak etortzen ziren, zer egiten ari ginen zaintzera edo. Baita mendi irteeretara ere. Gehienak giro abertzalekoak ginen, eta alderdi hori indartu nahi genuen, ahal zen neurrian, noski. Mugak bazeuden, eta oztopoak, pila bat».
Ondartza taldeak urte gutxi iraun zuen, baina garai biziak izan ziren. «Denbora gutxian gauza ugari egin genuen», diote hiruek. Harremanek iraun dute, ordea, baita hasierako espiritu horrek ere. Nahiz eta ekitaldiak ez antolatu, haien ibilbideak jarraitu egin du. «Dantzak irakastera joaten ginen ikastolara, Santa Anara eta baita Getaria, Zumaia eta Zestoara ere», gogoratu du Tere Mazak.
Iaz elkartu ziren berriz ere, herriko beste hainbat dantza talderekin batera agerraldi publiko bat egiteko. Aurresku Zaharra berreskuratu eta ikuskizun jendetsua eskaini zuten Musika Plazan. Urte horietako «oroitzapen politengatik» eta «taldeak bakoitzari eman dionaren» adierazgarri, igandean 70 pertsonatik gora elkartuko dira Ondartzaren 50. urtemuga elkarrekin ospatzeko. Egun horretarako ikuskizun berezia prestatu dute, gainera. «Ez dakigu nola aterako den, baina ziur gaude gozatuko dugula».
EGITARAUA
11:00. Santa Maria Real parrokian hildako taldekideen aldeko meza egingo dute.
11:45. Parrokia aurrean taldeko argazkia aterako dute.
Ondoren. Txiki Polit tabernan hamaiketakoa egingo dute.
Jarraian. Urteurrenerako prestatutako ikuskizunaren emanaldiak: - Lehenbizikoa, Musika Plazan. - Bigarrengoa, Kale Nagusian, Inazio Eizmendi Basarri-ren omenez, haren jaiotzaren mendeurrenean. - Hirugarrena, Fronto Txikin. - Laugarrena, udaletxe aurrean. - Bosgarrena, Barren plazan.
14:30. Bazkaria egingo dute Otzarreta jatetxean.