Egitaraua
Ekainak 14, ostirala
- Beñat Axiari. Donapaleuko musikariaren eta abeslariaren emanaldia, 20:30ean.
Ekainak 21, ostirala
- Arrutiko Intxaurrak, Mor More eta Low Riders. Bakarlari eta musika talde zarauztarren kontzertua, 20:00etan hasita. Saioaren ondoren, Low Riders-eko Marekek musika jarriko du Yubio tabernan.
Uztailak 5, ostirala
- Triz3ps. Javi Pezen funky-soul proiektua, 20:30ean. Saioaren ondoren, Pezek musika jarriko du Yubio tabernan.
Uztailak 12, ostirala
- Joseba Irazoki eta La Jodedera. Berako gitarrista esperimentala, eta Andoaingo talde euskal kubatarra, 20:00etan.
Kalegorrian Iñurritza egitasmoak musikaz girotuko du Iñurritza auzoko bidegorri eta oinezkoen gunea, ekaina erdialdetik uztaila erdialdera, lau ostiralez. Felipe Eizagirreri eta Gorka Erostarberi lagunartean bururatutako eta gorpuztutako musika zikloa da. «Eremua oinezkoentzat eginda, jendea lasai ikusten genuen poteatzen, autoen joan-etorririk gabe. Sekulako kalea geratu zitzaigula eta, zerbait antolatu genezakeela komentatzen hasi ginen gure artean», azaldu du Eizagirrek. Pare bat urtez ideia buruan izan ondoren, aurten heldu diote adarretatik, eta bihar abiaraziko dute, 20:30etik aurrera, Donapauleko abeslari Beñat Axiariren emanaldiarekin.
Musika kalera ateratzea da zikloaren helburua. Kale giroa sortzea, alegia. «Garbi geneukan formatu txikiko kontzertuak izan behar zutela, eta atari zabalean. Beti bezala, kalean poteatzen arituko ginateke, baina zuzeneko musikarekin. Udaberri-uda garaiko arratsaldeko azken orduan, hondartzatik bueltan, jendeak gozatu dezan». Eguraldi txarra egingo balu, Salbatore Mitxelena Ikastolako sarrerako aterpean izango lirateke saioak, lehenengoa salbu. Bihar euria egingo balu, Beñat Axiarik auzoko elizan abestuko luke.
Beñat Axiarik zabalduko du Kalegorrian Iñurritza musika zikloa
Musikariekin hartu-emana
Iñurritzako
kalegorriari bizi pixka bat emateaz gain, musikari eman nahi diote protagonismoa. «Ahal den neurrian, musikariaren eta entzulearen arteko harremana sustatu nahi dugu. Gertutasun hori bilatzeko, musikari batzuek diskoak pintxatuko dituzte Yubio tabernan kontzertuen ondoren. Modu horretan, musikaria edonoren alboan egon daiteke. Gauza horiek zaindu eta mimatu nahi ditugu», dio Eizagirrek.
Kontzertuak Zarauzko Udalarekin elkarlanean antolatu dituzte, eta dohainik gozatu ahal izango du jendeak. Zikloaren finantzaketa bultzatze aldera, laguntza bonoak jarri dituzte salgai. «Jendeak borondatezko diru ekarpena egin dezake. Ekarpen horrekin abantaila gutxi dute, kontzertuen sarrera doan delako. Azken finean, laguntzeko modu bat da».
Egitasmoari bultzada emateko bi aukera daude: bata, eguneko bonoa 3 eurotan erosita, eta bestea, ziklo osokoa, 10 eurotan. Ziklo osokoak Euskalduna eta Yubio tabernetan eskuratu daitezke, eta egunekoak, berriz, emanaldi bakoitzen. Bonoa eskuratzen duenak kontzertu bakoitzeko pintxo pote bana izango du Yubion.
Baita Urretxun ere
Jaialdi paralelo gisa, Gorka Erostarbek beste musika ziklo bat antolatu du Urretxuko Santa Barbara aterpetxean. «Ideia hemen sortu genuen, eta batekin hasita bestea ere antolatu du Gorkak. Izen bera jarri dio egitasmoari: Kalegorrian Santa Barbara. Baina kale gorria, azken finean, Iñurritzakoagatik da». Bietan antzeko musikariak gonbidatu dituzte. Oro har, askotariko musika eskaintza egitarautu dute Iñurritzarako: Beñat Axiarirekin batera, Triz3ps, Arrutiko Intxaurrak, Mor More, Low Riders, Joseba Irazoki eta La Jodedera bakarlari-taldeek osatuko dute egitasmoaren lehen zikloa.
Helburuak betez gero, datozen urteetan ere antolatzen segitu nahi dute. «Gure ingurukoek egitasmo ederra abiatu dugula esan digute, baina ikusiko dugu. Beldur gara gure harrikada bat izango den, eta ez duen funtzionatuko. Oraingoz, behintzat, erantzun ona edukitzen ari gara».