Inkesta:
Zer iruditzen zaizu TAOren bereizgarria lortzeko martxan jarri duten prozesua?
Bibi Alberdi
Herritarra
«Pena da. Egoera ikusita beste modu batera egin beharko lituztekete gauzak. Izapide guztiak bete ditut, ordaindu dut, paper guztiak ongi kontrolatuta nituen. Hala ere, ordubete egon behar izan dut zain txartela jasotzeko. Hain zaila al zen bereizgarria etxera bidaltzea? Pazientzia izan, lasai hartu, eta zain egotea beste aukerarik ez dago».
Miriam Escribano
Herritarra
«Hamabost egun eman dizkigute bereizgarria eskuratu ahal izateko izapide guztiak egiteko. Epea motzegia da. Antolaketa falta izugarria dago, pare bat ilara daude, eta ez dakigu zertarako den bakoitza. Gainera, ez dago oso argi zer egin behar den kasu bakoitzeko. Idatzi bat egin behar dela esan digute, eta ez digute argitu onartuko duten ala ez».
Julen Irijalba
Herritarra
«Gaur (herenegun) etorri naiz lehenbiziko aldiz TAOren bulegora txartelaren bila, eta ilara luze honekin guztiz harrituta geratu naiz. Antolaketa falta izugarria dago, tamalgarria da. Gainera, Azken Portu auzoan bizi diren batzuk esan didate gutuna ez zaiela etxera iritsi ere egin, eta larunbatean dagoeneko martxan egongo da TAO sistema».
Miren Odriozola
Herritarra
«Ez dut ulertzen zergatik egon behar dudan hainbeste denbora zain ordainduta dudan txartel bat jasotzeko. Beste sistema bat planteatu edota langile gehiago kontratatu beharko lukete. Jende pila batek eskatu behar du bereizgarria, eta horregatik epea luzatu beharko litzateke edota lehendik hasi prozesuarekin. Prebisio falta handia izan dute».
Miren
Herritarra
«Hirugarren aldiz etorri naiz orain [herenegun arratsaldean] TAOren bulegora. Goizean birritan izan, eta ilara luzea zegoenez, arratsaldean bertaratzea erabaki dut. Ez dakit ongi egin dudan, orain goizean baino jende gehiago baitago noiz hartuko itxaroten. Beste erremediorik ez dudalako egon beharko dut orain denbora askoan zain».
Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Mikel Ugarte antzezlan-protesta egiten, herritarrak ilaran dauden bitartean (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Larunbatean jarriko dute TAO sistema berritua martxan, eta Zarauzko Udala azken ukituak ematen ari da egun horretarako guztia prest egon dadin. Zenbait aparkaleku margotu dute dagoeneko, eta Arrona lantegi zaharraren ondoko partzelan lanak egiten ari dira. Herritarrak ere prestatzen ari dira egoera berrirako. Hain zuzen, maiatzaren 27tik zarauztar ugari igaro da TAOren bulegotik bereizgarriak eskuratzeko asmoz. Egunotan ilara luzeak sortu dira bulego aurrean, eta zenbait zarauztar kexatu da. Besteak beste, harreran langile gehiago jartzeko, bereizgarriak zuzenean etxera bidaltzeko, edota eskaera egiteko prozesua beste modu batera planteatzeko eskatu dute.
Hori ikusita, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Mikel Ugarte aktoreek antzerkitxo bat egin zuten herenegun arratsaldean bulego aurrean, protesta modura. Kanpin bat irudikatu zuten bertan, mahai jolas eta guzti, haien txanda heldu zain zeuden bitartean. «Zain egon beharra dago, ez daukagu beste erremediorik. Baina, behintzat, entretenituta gaude antzerkitxoari begira», esan zuen ilara egiten ari zen zarauztar batek.
Ordutegi zabalagoa aurten
Mikel Goenega Mugikortasuneko zinegotzia ere jakitun da egunotan jende asko bertaratu eta bertaratuko dela bulegora, eta hain zuzen horregatik aurten ordutegia zabaldu dutela jakinarazi du. «Arratsaldez ere zabalik dago TAOren bulegoa». Horrez gain langile bat gehiago kontratatu dutela gogoratu du; egun hiru beharginek hartzen dituzte herritarrak. «Egia da pertsona horiek guztiek bereizgarria lortzeko denbora behar dela, eta horrek eragozpenak sor ditzakeela». Aurreko urteetan ere TAO txartela zutenak ordainagiria etxean jaso, ordaindu eta bereizgarria bulegoan hartu beharko dute; «ohiko tramitea» egin, alegia. Erabiltzaile berriek egin beharrekoa «konplexuagoa» izan daiteke. Lehenbizi eskaera nola egin eta dokumentazioa nora bideratu behar duten azalduko diete horiei TAOren bulegoko langileek, eta ondoren etxera igorriko diete ordainagiria. Hori ordaindu eta bereizgarria jasotzera joan beharko dute berriz bulegora.
Arrona zaharraren ondoko partzelan lanak egiten ari dira egun. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Horregatik pazientzia izateko eskatu die herritarrei, «lasai joateko bulegora informazioa eskuratzera». Izan ere, jendea arduratuta dago. «Lasai egoteko eskatzen diegu herritarrei. Larunbata baino lehen eskaera egin eta bereizgarria jaso ez dutenei behin-behineko baimena emango zaie, eta horrekin inolako arazorik gabe aparkatu ahalko dute». Lehenengo egunetan malgutasunez jokatuko dutela nabarmendu du Mugikortasun zinegotziak, egoera normalizatu arte.
Txartela lortzeko aukerak
Bulegora gerturatu den jendearen kasuistika zabala dela dio Goenagak. Batzuk autoa beste herri batean dute erroldatuta, beste batzuk jarduera ekonomikoagatik erabiltzen dute autoa eta horretarako behar dute bereizgarria berezia... Azken horiek TAO bereizgarria eskuratzeko aukera izango dute aurten. Horiek ibilgailuak zerbitzu jakin baterako behar dutela justifikatu beharko dute aurrez. Kasu bera da Zarautzen erroldatuta egon eta enpresa ibilgailua darabiltenena.
Bestalde, etxe bakoitzeko hiru egoiliar txartel eskuratu ahalko dira—lehen bi lortu zitezkeen, gehienez—, eta prezioak murriztu egin dituzte. Udaldian 15 euro ordaindu beharko da lehenbiziko bereizgarriagatik, 25 bigarrengoagatik, eta 60 hirugarrengoagatik. Urte osorako txartelak eskuratu nahi badira, 30 euro, 45 euro eta 90 euro ordaindu beharko da, lehenbiziko, bigarren eta hirugarren egoiliar bereizgarriagatik, hurrenez hurren.
Bestalde, arautu gabeko guneetan bizi direnek ere izango dute txartela lortzeko aukera. Horiek zein gunetan aparkatu nahi duten aukeratu beharko dute. Halaber, mugikortasun urriko pertsonek doan jasoko dute ibilgailuen bereizgarria.
http://youtu.be/64y00g-A9ps