Garai bateko kamerarekin

Aritz Mutiozabal 2013ko ekainaren 12a

(Argazkia: Kepa Junkera) Kostu txikiko kamera batekin eguneroko bizitza irudikatzeari lomografia deritzaio. Momentuko magia eta indarra islatzea du helburu, argazkilaritza konbentzionaleko arauak kontuan hartu gabe, eta kalitateari gehiegi erreparatu gabe. Eta, batez ere, bizkor-bizkor, eta gehiegi pentsatu gabe. Zarauzko Photomuseum museoak joera fotografiko berezi eta herrikoi horri buruzko erakusketa zabaldu du, Lomografia izenburu bera erabiliz. Lomografiak Errusian du jatorria. 1984an, Lomo izeneko argazki-kamerak ekoizten hasi ziren San Petersburgon, baina 90eko hamarkadara arte ez zuen oihartzun handirik lortu. Vienako ikasle batzuek Pragara egindako bidaian halako kamera errusiar bat erosi zuten, eta lortutako irudiekin txundituta geratu ziren. «Merkea zenez, teknika aldetik akats nabarmenak zituen: koloreak saturatzen zituen eta irudiak binetatu, ertzak ilunduz», dio Photomuseumeko arduradun Ramon Se­rras argazkilari zarauztarrak. Argazkiek izandako arrakastaren ha­rira, Vienako Elkarte Lomografikoa sortu zuten ikasleek, lomografiaren mezua mundu osora zabaltzeko asmoz. Mezuarekin batera, dekalogo bat plazaratu zuten, lomografiaren urrezko hamar arauekin. «Azken finean, argazkigintza jolas bat bezala hartzeko proposatzen dute. Ardura handirik gabe argazkiak ateratzera animatuz jendea». Bi ikuspegiak erakusgai Erakusketan ikusgai jarritakoa «hori ere ez dela» nabarmendu du Serrasek. «Argazkilari batzuek, kamera eskasekin bada ere, beren ikuspegi fotografikoa serioa lantzen baitute». Oro har, bi ikuspegiak erakutsi nahi dituzte. Izan ere, Roberto Botija, Angel Ispizua eta Ramon Serras ar­gazkilari eskarmentudunen lanez gain, joera horren zale den Kepa Junkera musikariarenak ere ikus daitezke uztailaren 14ra arte. (Argazkia: Ramon Serras) «Argazkilari askoren taula egin beharrean, betitik argazkia landu duen jendea gonbidatu nahi genuen», aditzera eman du argazkilari zarauztarrak. «Botijak eta Ispizuak Lomo kamerekin egindako hainbat lan dituzte, eta kamera horiekin ere argazki onak egin daitezkeela erakutsi nahi genuen» Junkeraren lana, aitzitik, «ge­hiago da denborapasazkoa». Askori bitxia egingo zaio musikaria argazkilari gisa ikustea. «Jun­kerak harremana du Photomuseumekin, eta bagenekien argazkigintza hori lantzen zuela. Orduan, interesgarria iruditu zaigu erakusketara gonbidatzea; izan ere, askok ezagutzen ez duten alderdia erakusten dugu». Serrasek hainbat lan egin du Horizon kamera panoramikoarekin, eta «begiek baino tarte gehiago hartzen du». 1995ean, Praga-Budapest-Viena bidaian ateratako 20 argazki inguru jarri ditu erakusgai, eta Zarauzko beste bi. Serrasek denetariko argazki motak ateratzen jarraitzen du, eta lomografiarekin ere jarraitzen duela aitortu du. «Horizon kameraz gain, arrain-begiko Lomo bat dut. Iaz ebakuntza egin zidaten, eta ospitaleko egonaldian argazki ugari atera nituen kamera horrekin». Photomuseumeko arduradun aren iritziz, lomografiaren gorakadak «nostalgiarekin» du zerikusia. «Egun, argazkilaritza digitala da nagusi, eta atera orduko ordenagailuan duzu. Lomo kamerek lehengora itzultzea ahalbidetzen du. Argazki-filmak eta errebelatzeak duen magia hori berreskuratzea, alegia».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide