‘Zarautz egokituz’ elkartea osatu du guraso talde batek

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ekainaren 11

Ezkerretik eskuinera, Manzisidor, Azpeitia, Bengoetxea, Leunda eta Lopez. (Amaia Ventas/Hitza) Ikastolan, Osasun Zentroan, musika eskoletan, igerilekuan, kalean... Modu naturalean ezagutu eta elkartu dira Amaia Leunda, Marijo Bengoetxea, Igone Lopez, Ione Azpeitia, Yolanda Manzisidor eta beste zenbait guraso. Badute ezaugarri komun bat: euren seme-alabek «aniztasun funtzionala» dute. «Pertsona batzuk funtzio batzuk garatuago dituzte, eta beste batzuk besteak. Gure haurrek ere bai», azaldu du Leundak. Batzuk autismoa dute, besteek ezgaitasun fisikoren bat, beste batzuk atzerapen kognitiboa edota garun-paralisia. Badira oraindik diagnosirik ez dutenak ere. Sare bat osatu eta Zarautz egokituz izena jarri diote. Hori baitute helburu nagusia: herria oinordekoen beharretara egokitzea. «Diagnosiaz aparte, gure seme-alabak beste haurren behar berak dituzte, ondo pasatzeko, sozializatzeko eta talde bateko partaide sentitzeko... Behar horiek asetzeko aukerak, ordea, askotan ez dira nahikoak». Askotan Zarauztik kanpo joan behar izaten dute gurasoek seme-alabekin. Zarauztarrak izanagatik, haur horiek herrian bertan integratzea nahi dute. Horretarako, ordea, kirol arloa, aisialdia eta beste zenbait alor egokitu beharra dago aurrez. Azpiegiturak bai, baina baliabide egokituak falta zaizkie. «Ikasgelan ederki moldatzen dira, laguntzaileak dituzte, baina eskolaz kanpoko jardueretan, kirolean esaterako, ez. Nola uler daiteke hori? Ikastetxean posible bada, zergatik ez handik kanpo?». Kirol alorrari dagokionez sortu zitzaien lehenbiziko kezka, baina gerora ardura hori zabaltzen joan da. Aisialdirako herrian dauden hutsuneez hausnartzen hasi ziren gerora. Pauso sendoak Lehenbiziko aldiz martxo aldera elkartu baziren ere, pausoz pauso urratsak ematen ari dira dagoeneko. Hainbat bilera egin dute euren helburua lortzeko bidean. Lehenbizikoa, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin. Modu orokorrean taldea aurkeztu eta asmoen berri eman zieten bilera horretan. Haietako bat aurrera atera zedin ahalegina egiteko ere eskatu zieten: «Gure umeek 10-11 urte inguru dituztenean beren talde naturalean integratzea geroz eta zailagoa da. Gainontzeko haurrak kalera gurasoen laguntzarik gabe irteten hasten dira, eta geureek ezin dute babesik gabe lagun artean geratu», azaldu du Bengoetxeak. «Mugak dituzte», gaineratu du Azpeitiak. Hori dela eta, begiraleek bideratutako aisialdi programa bat aurrera eramateko eskatu zieten udaleko teknikariei, lagun artean, eta bide batez, zainduta egoteko. Erantzunaren zain daude oraindik. Horrez gain, erronka garrantzitsua du esku artean guraso talde horrek: multikirol programa integrala osatzea kiroldegian. «Gure seme-alabek beren betiko taldean kirola praktikatzea izango litzateke egokiena, laguntza batekin. Ekintza hori bere horretan egin ezin dutenek, bakoitzaren ez gaitasun eta ezaugarrien arabera talde homogeneoak osatu eta kirola egitea da gure helburua». Hala, haien garapen psikomotorra landuko lukete. «Errentagarritasun sozialeko jarduera eta politikak bultzatu behar dira herrian bertan», nabarmendu dute. Lehiakortasunaz gain, beste balore batzuk bultzatu eta ekintza inklusiboak egin behar direla. «Ez da kontua partida bat antolatu, bi taldek elkarren kontra jokatu eta borrokatzea. Joko kooperatiboak antola daitezke, esaterako, non zailtasunak dituzten haurrek ere parte hartzen duten». Izan ere, haurrek asko daukate elkarri emateko. Zailtasunak dituztenak integratuta sentituko dira, eta beste haurrek, berriz, giza balore garrantzitsuak barneratuko dituzte ekintza inklusibo horiei esker. «Gure seme-alabek asko dute emateko. Askotan ezintasunez hitz egiten da, baina ez dira gaitasunak aipatzen». Horiek azaleratu nahi dituzte Zarautz egokituz taldeko kideek. Haien arabera, jende askok ez daki nola jokatu aniztasun funtzionala duen haur baten aurrean. «Beldurtu eta urrundu egiten gara, ez jakintasunagatik orokorrean». Jarduera mota horiei esker mugak gainditu eta integrazioa berma daiteke. «Guk argi daukagu gure seme-alabek zer duten, gainontzekoak jabetu egin behar dute egoeraz. Zailtasunak ahaztu gabe, dituzten gaitasun zoragarriak beste haurrekin partekatu ditzakete». Eskaera hau ere bideratu dute Kirol Egokituko Federazioaren laguntzaz eta erantzunaren zain daude egun. Eskoletako kirol koordinatzaileekin ere lanean ari dira. Besteren artean, hondartzan paseatzeko haurrentzat aulki egokitu bat eskatu dute, eta baita Gurutze Gorriko aldagela moldatzea ere. Zarauztar guztien erabilerarako izango litzaken parke inklusibo bati buruzko proiektua ere ari dira garatzen Zarautz egokituz-ekoak. Terapia eta babesa Zarautz egokituz talde irekia da. Dagoeneko dozena bat guraso elkartu dira, eta taldea zabaltzea dute helburu. «Familia bakoitzak egoerari aurre egiteko modu propioa du», dio Ione Azpeitiak: «Horregatik ezin dugu haiengana zuzendu; gutxiengo konfiantza behar da. Errespetatu egin behar da hori». Horregatik, haiekin harremanetan jartzeko hainbat bide eskaini dituzte. Interesa dutenek zarautzegokituz@gmail.com helbidera idatzi edo 676-44 14 98 (Leunda) edota 649-85 05 15 (Bengoetxea) telefonoetara deitu dezakete. Gauzak forma hartzen ari direla eta, gustura daude. Hala ere, erne jarraitzen dute: «Ez dugu paperak izkina batean geratzea nahi. Erabakiak hartu behar dira». Erantzuna administrazio eta talde ezberdinetatik iritsiko zaiela diote. Artean biltzen jarraituko dutedute, haurrei bezala, gurasoei ere on egiten baitie horrek. «Guk mugitu behar dugu, presioa egin, eta zer hobeto taldean baino», dio Azpeitiak. Aurrez bakoitzak bere aldetik jarduten zuen ate joka, eta bakarrik sentitzen  ziren. «Orain talde bat osatu dugunez, indartu egin gara». «Duela hamar urte halako talde bateko kide izateko aukera izan banu, beste kontu bat izango litzateke. Oso gogorra izan da», dio Lopezek. Izan ere, haientzat terapia modukoa da: «Elkartu eta hizketan jarduten dugu, bakoitzaren gorabeherak kontatuz. Psikologikoki asko laguntzen du. Horregatik bertaratzen dena hobeto sentituko da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide