Pariak Bai musika taldeak hirugarren disko kaleratu du,
Altza porru!, eta gaur gauean, 23:00etan hasita, aurkezpen kontzertua eskainiko du Arrano tabernan. Bistakoa denez, parranda giroko leloa aukeratu dute. «Aurrekoari
Ezer ez ta festa (2004) izenburua jarri genion, eta haren segida da. Pixka bat hankazpiko azkura hori sortzeko, eta jendea mugitzera animatzeko, esamolde hori hartu dugu. Taldearen ikuspegiarekin bat baitator», azaldu du Iñigo Manzisidor
Mantxi abeslariak eta harmonika jotzaileak.
Bost urteko etenaldiaren ondoren, talde zarauztarra iaz itzuli zen oholtza gainera. Formazioan aldaketa batzuk izan ondoren, gainera. Mantxirekin batera, Iker Lopetegi
Lope baxu-jotzaileak eta Iñaki Brakamonte gitarristak eta abeslariak jarraitzen dute hasieratik, eta taldekide berrienak Kepa Izeta perkusio-jotzailea eta OK Korraleko Dani Ulazia gitarrista dira. Egungo boskoteak grabatu du lan berria Vista Alegre auzoko entsegu lokalean, joan den martxoan.
Altza porru! aurreko lanen aldean, «rock-and-rolleroagoa» dela nabarmendu du abeslariak. «Rock-and-rolla da, nahiz eta ukitu country-ak izaten jarraitzen duen. Dena dela, guztia akustikoan jotzen dugu. Perkusioari dagokionez, lehen kaxa bakarrik erabiltzen genuen, eta orain txastona eta txapa ere bai. Gainontzekoan, lehen bezala da: gitarra akustikoak, baxu akustikoa, harmonika eta bi ahotsetara».
Louren poltsa
Urte hasieran zendu zen OK Korral taldeko abeslari Lou Olangua, eta gogoan izan dute Pariak Bai taldeko kideek. Haren omenez,
Oroitzapenen poltsa abestia barneratu dute diskoan. «Brakamonte behin zaborra jaistera atera zen, eta Lourekin eta Daniren egin zuen topo. Hizketan hasi, eta Zaragozan bukatu zuten, The Fuzztones taldearen kontzertuan. Louk abeslariaren alkandora lapurtu zuen, eta istorio hori kontatzen dugu», dio abeslariak. Lou hiltzerako egina zutela aitortu du, baina egoki iruditu zaie haren oroimenez aurkeztea.
Txoko Alde Usurbilgo auzo horretako gaztetxeari eta «oro har, gaztetxe guztiei» eskainitako abestia da.
Begien jolasak-en lan kontuak eta ligatze kontuak uztartu dituzte. Gizonaren zama abestian matxito izaera kritikatzen dute. Aldi berean, musika talde bat eduki eta etxeko kontuak aurrera eramatea zein zaila den kontatzen du
Gutun azala-k. Momentua bizi duen pertsona bati buruz ari dira Bala beltza abestian.
Hondarretan blai eta
Ainhoa blues maitasun piezak dira, eta
Bluesman kale musikariei zuzenduta dago. «Kale Nagusian askotan gitarrarekin eta txirularekin ikusten ditugun horiei eskainita dago; batez ere, udaltzainek bidali egiten dituztelako».
Guztira bederatzi abesti bildu dituzte lan berrian. Diskoa irekitzen duten Ainhoa blues eta Gizonaren zama abestietako hitzak Ainhoa Agirreazaldegik egin dizkie. Mantxik Gutun azala idatzi du, eta gainerakoak Brakamonterenak dira.
Diskoa 5 eurotan jarri dute salgai Zarauzko Arrano, Eguzki eta Haritza tabernetan, eta kontzertuetan ere eskuratu ahal izango da. «Epe batez salgai eduki osteaen, Interneten (pariakbai.bandcamp.com) zintzilikatzeko asmoa dugu». Arranoko kontzertuaz gain, beste bi saio eskainiko dituzte Zarautzen: bata, sanpelaioetan eta bestea, Azken Portuko jaietan. Herritik kanpo ere lotu dute hainbat emanaldi. «Orain arte lokaleko lana egin dugu. Nahikoa nazkatu gara, eta orain kanpoan gozatzea tokatzen da».