Barazki ekologikoak ekoizten dituen Uztaro Kooperatibako kideek hitzaldia emango dute bihar. Putzuzulo gaztetxean izango da, 19:30etik aurrera. Bertan modu ekologikoan hazitako barazkiak kontsumitzeak duen garrantziaz eta kooperatibaren ezaugarri eta funtzionamenduaz ariko dira.
Zein zentzutan eragiten du barazki ekologikoak kontsumitzeak?
Barazkiak ekoizteko erabili diren bideak zuzenean eragiten dute produktuaren kalitatean, eta horrek aldi berean kontsumitzen dituenaren osasunean. Lantzen ditugun lurrak modu jasangarrian ustiatzen dira, ondorengoek ere non landatua izan dezaten. Gure barazkiak modu ekologikoan eta bertan ekoizten ditugu.
Jendeak elikadura osasuntsuaren inguruko kontzientzia ba al du?
Baietz esango nuke, jendeak badakiela kalitatea bereizten. Askotan aldea hain da nabarmena.
Zein abantaila ditu Uztaroko kide izateak?
Astero-astero gure baratzetatik ateratako barazki otarra jasotzen dugu. Garaian garaikoa, modu ekologikoan inolako ongarri kimikorik gabe hazi direnak, askotan zuk zeuk landatuak edo jasotakoak. Bazkideek elkarlanean eramaten dugu aurrera kooperatiba. Talde lanean jarduteak ere asko betetzen gaitu.
Nola zaudete antolatuta?Nolakoa da zuen funtzionamendua?
Uztaroren baratzak Beizaman daude, eta bazkideak hiru herri multzotan banatuta gaude. Herri bakoitzak hilero batzar bat egiten du, eta batzar bakoitzeko ordezkari batekin batzar orokor bat egiten dugu, gero. Kuota bat ordaintzen dugu hilero, eta horrekin astero barazki otar bat jaso; zarauztarrok, gaztetxean. Baratzetako lanei dagokienez, horietaz arduratzen diren hiru lagun bizi dira Beizaman bertan. Barazkiak biltzera bazkideak joaten gara txandatuz, eta urtean zehar auzolanean jarduten dugu, lan handiagoak egiteko.
Zein betebehar ditu Uztaroko kide batek?
Hileko batzarretara etortzea eta kuota ordaintzea, astero barazkiak jasotzea, eta bilketetane ta auzolanetan parte hartzea.
Zenbat kide zarete egun?
Hiru herri multzoak batuta, 40- 45 otar artean gaude. Otar batzuen atzean seme-alabadun familiak daude, beste kasu batzuetan 3-4 lagunek elkarrekin hartzen dute otarra... Guztira 80 lagun inguru izango gara.