Elkarbizitza eta segurtasuna bermatzeko, hondartzaren kudeaketan aldaketak izango dira aurten, ekainaren 15etik irailaren 15era. Sei bainu eremu atonduko dituzte, eta beste sei itsas kiroletara bideratu. «Inguru zoragarrian bizi gara, eta hainbat lagunentzat erakargarria da oso. Horregatik, urtero, uda sasoian jende asko gerturatzen da herrira, igeri egitera zein itsas kirolen bat praktikatzera», adierazi du Udaltzaingo ordezkari Jabier Etxaburuk. Hala ere, uretan lehentasuna igerilariek izango dutela nabarmendu du, gehiengoa izateaz gain, haiek baitira «ahulenak». Hori eta beste hainbat irizpide izango dute kontuan banderak kokatzerakoan.
«Zarautzen bizi garenok ongi ezagutzen dugu hondartza; kanpotarren ordea, ez hain ongi. Kantauri itsasora irekita dago, eta korronte gogorren ondorioz, zurrunbiloak sortzen dira bertan», adierazi du Gurutze Gorriko hondartza koordinatzaile Alex Garatek. Banderen markaketa horien arabera egingo dute, bainularien segurtasuna bermatzeko. Bandera gorria jarriko dute txurro-ak sortzen diren guneetan, bainua debekatuta dagoela adierazteko, eta zurrunbiloak desagertzen diren heinean bainu guneak zabalduko dituzte. Itsas kirolak praktikatzeko guneak bandera gorri -urdinekin mugatuko dituzte, baina aldakorrak izango dira, korronteen arabera.
Hondartza, bost zatitan
Zarauzko hondartza bost eremutan zatituta egongo da—Munoa-Muskaria, Eguzki Lore-Gurutze Gorria, Dama, Borgeto-Argiñano eta Kanala— eta horien arabera antolatuko dituzte bainurako zein itsas kiroletako lekuak. Portutik hasi, eta Narros parera bitarteko gunea arrisku lekua dela ohartarazi du Garatek, arroka asko baitaude. Hori dela eta, bandera gorriarekin markatuko dute. Jauregitik Munoa parera lehenbiziko bainu gunea egongo da. «Txikia bada ere, arriskua izango du gune horrek, zurrunbiloren bat ager baitaiteke», dio. Jarraian kokatuko dute lehenbiziko surf eskola.
Munoa paretik Muskaria aldera igerilarientzat bigarren gunea atonduko dute. «Hor inguruan zurrunbilo latza sortzen da, eta bandera gorriarekin markatuta egongo da. Hori desagertuko balitz, bainatzeko gunea zabalduko genuke». Ondoan, Gurutze Gorriaren bigarren dorretik Eguzki Loreraino, itsas kirolak praktikatzeko aukera izango dute zaleek. Hirugarren bainu gunea «oso zabala» izango da, etxebizitza horretatik Gurutze Gorriko egoitzaraino, hain zuzen.«Bertan ez da arriskurik egoten», gogoratu du Gurutze Gorriko kideak.
Gune horren mugan egongo da, berriz, hirugarren surf eskola. Daman sortzen den zurrunbiloaren arabera, handiagoa edo txikiagoa izango da eremu hori. Hortik Desertu Txikiraino laugarren bainu lekua egongo da, eta Argiñano parean laugarren itsas kiroletarako eremua. Malekoi bukaeraino igerilarientzako beste gunea eta golfaren alde bietara bosgarren eta seigarren surfeatzeko lekua atonduko dituzte. Bien artean egongo da azken bainulari gunea. Kontrolatu beharreko eremua dela nabarmendu du Garatek.
Kanalaren azken 150 metrotan ezingo da bainatu, Iñurritza errekaren irteera eta Talaimendiko ertzak zurrunbiloak sorrarazten dituztelako. 20 bat soroslek egingo dute lan egunero lau hilabetean zehar, 10:45etik 19:45era.
Surf guneak ordenatu
Urtero jende ugari etorri ohi da hondartzara, dituen ezaugarriengatik itsas kirolak praktikatzera. Urteek aurrera egin ahala, zaletasun hori asko hazi dela gogoratu du Garatek. «Gehienak surfeatzera etortzen dira, baina geroz eta kirol gehiago praktikatzen dituzte, arraun surfa, piragua eta bodyboard-a, kasu».Hori dela eta, azken urteotan surf guneak ordenatu beharra dagoela ikusi du udalak. «Ikasten ari direnak zein praktika handia dutenak pilatzen dira gune batzuetan, eta bainularientzat zein beste erabiltzaileentzat arrisku egoerak sortzen dira», gehitu du Kirol zinegotzi Aser Lertxundik.
Bestalde, surfa «erakargarri garrantzitsua» da, «onuragarria». «Gure asmoa ez da izan aktibitate hori gelditzea, landu beharreko potentziala baitu», dio. Hala ere, igerilariei lehentasuna eman eta errespetatu behar direla argi dauka Lertxundik. Irizpide horiei jarraituz, lanketa bat egin dute: «Lehenbiziko pausoa autoritatea lortzea izan da. Aurreko urteetan arazoa egon da ordenatzeko orduan; hau da, ez zegoen gure esku uretan gertatzen zena». Martxoan egin zuten ordenantza aldaketa bat, eta horrekin udalak bereganatu zuen itsas kirolen aktibitate hori arautzeko eskumena.
Horri esker, lehiaketa publikoa antolatu dute itsas kirol jarduerak egiteko espazioa ordenatu eta praktika orduak egunean zehar banatzeko helburuarekin. «Orain arte ordu jakin batzuetan pilatzen ziren surflari gehienak. Banaketa horri esker denbora mugatu eta ordu guztietara zabalduko da surfa praktikatzeko aukera».
Lehiaketa martxan da, eta Lertxundik aurreikusi du datorren asterako jakingo dituztela zein diren irabazleak. Lau eskolek kontsezio zuzena izango dute, eta beste bi txandakakoak izango dira, bestelako eskolek beren jarduera gara dezaten. «Ikastaro kopurua mugatuko dugu orduko. Hala, 24 ikasle baino ezingo dute egon ordu eta espazio berean».