11.300 metroko bidea egin beharko dute Zarautz-Aia Herri Kroseko lehiakideek

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 5a

Gero eta gehiago dira osasuntsu eta sasoian egoteko urtean zehar korrika egiten duten herritarrak. Horietako askok, pizgarri moduan, korrika egiten jarraitzeko motibazio gisara, eskualdean antolatzen dituzten herri mailako lasterketetan parte hartzen dute. Zarautz-Aia Herri Krosa da Urola Kostako korrikalari askok galdu nahi izaten ez duten hitzordua. Erronka moduan jokatu zuten lehen aldiz lasterketa. 1930. hamarkada inguruan bi lagunek apustu bat egin zuten, Aiatik Zarautzera nor iritsi lehenago korrika. Famatua da egun pasartea. Eta orduko norgehiagoka eredu, Aiako Kirol Elkarteak azken urteetan Zarautz-Aia Herri Krosa antolatu du, Zarauzko Kirol Elkartearen laguntzarekin. Aurtengo Zarautz-Aia lasterketa igandean jokatuko da, eta aurreko edizioetan bezala, herritarren artean harrera ona izatea espero dute antolatzaileek. Malda «gogorra» Lasterketak ohiko ibilbidea izango du. Korrikalariak 11:30ean abiatuko dira Zarauzko San Frantsizko kalearen eta Kale Nagusiaren arteko bidegurutzetik, eta 11.300 metro egingo dituzte lasterka. Zarauztik Aiara errepidez joango dira korrikalariak, eta Aian amaituko da proba. Aiako Kirol Elkarteko kide Jose Mari Aiertzak azaldu duenez, probaren zailtasun nagusia korrilakariek etengabe igo behar duten «malda» izaten da. «Zati gogorren bat nabarmentzekotan, Pagoeta parke inguruan azpimarratuko nuke nik, bertara iristerako dagoeneko kilometro mordoska bat eginda baitute korrikalariek», adierazi du. Aiako Kirol Elkartearen ustez, «lasterketa ez da kros arrunta, baina ez da mendi lasterketa baten mailara iristen, erdi bideko proba da». Normalean 100 lagun inguruk parte hartzen dute lasterketan. «Baina azken urteetan gero eta gehiago dira eskualdean eta inguruko herrietan antolatzen diren mendi lasterketak, eta konturatu gara urtean zehar prestatzen diren korrikalariak horietan parte hartzeko joera handiagoa dutela ». Izena emateko epea Zarautz-Aia Herri Krosean parte hartu nahi dutenek horretarako bi bide izango dituzte. Alde batetik, izena egunean bertan eman daiteke; lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago amaituko da inskripzio epea, eta 10 euro kostako da. Bestetik, izena aldez aurretik ere eman daiteke www.herri krossa.com webgunean. Hala egiten dutenek lau euro ordaindu beharko dute; 4,5 euro txartelarekin ordaintzen badute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide