Adela Eguna antolatu dute iganderako, Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan. Helburua alboko esklerosi amiotrofikoa duten gaixoen Gipuzkoako elkarteari laguntzea izango da. Krisia dela eta, murrizketak izan dira erreabilitazio zerbitzuetan; logopeda zerbitzua kendu diete, esaterako. Irabaziak eriei eta haien senitartekoei bideratuko dizkiete, «gaixotasun latz honen ondorioak ahalik eta gehien arintzeko». Era berean, gaixotasuna bera eta horrek dakartzan arazoak ezagutaraztea izango da asmoa.
Lehenbiziko aldia da halako ekitaldi solidarioa antolatzen dutena, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.«Bizitzari minutuak gehitu ezin dizkiogunez, ea jai honen bidez minutuei bizia ematea lortzen dugun». 10:00etatik 20:00etara iraungo du jaialdiak, eta besteak beste, musika, toka lehiaketa, Izetatarren harri-jasotze erakustaldia, eta paella erraldoia izango dira. Horrez gain, tonbola egingo dute. Egunean zehar salduko dituzte txartelak, euro batean, eta besteak beste, Hodei Collazo eta Aritz Aranburu surflarien taula bana, Kapaxko anaien— Mikel, David eta Alberto Agirrezabalaga—, Maialen Mugika, Libe Altuna eta Alba Menendez eskubaloi jokalarien elastikoak eta Laura Gomez futbolariarena zozkatuko dituzte.Ekitaldia babestu duten guztiei eskerrak eman dizkiete elkartetik; besteak beste, Orioko Arraunketa Elkarteari.
Guztion laguntza
Alboko esklerosi amiotrofikoa gaixotasun ezezaguna da herritar askorentzat. Nerbio sistemaren gaitz bat da, progresiboa eta jatorri ezagunik ez duena. Burmuinetik giharretara aginduak bildatzen dituzten neuronek lana egiteari uzten diote. Denborarekin, giharren funtzioak pixkanaka geratzen joaten dira, eta gaixoa paralizatuta geratzen da. Gaixotasuna aurrera doan heinean, horrek gainontzekoekin komunikatzea eragozten die esklerosia mota hori dutenei. Horretaz gain, liseriketa eta arnasketa sistemei eta hitz egiteko gaitasunari ere eragiten dio. Eritasunaren tratamendu eraginkorrik ez dute aurkitu oraindik, eta boluntarioz osatutako Adela elkarteak gaixoen eta horien zaintzaileen bizitza kalitatea bermatzeko lana egiten dihardu. Adelak, alboko esklerosi amiotrofikoa dutenen beharrak asetzeko, gaixotasunean laguntzen diete, alde batetik. Eta bestetik, errehabilitazio zerbitzua eskaintzen die, eta eritasunaren ondorio psikologiko larriei aurre egiten lagundu. Zerbitzu horiek zentru espezializatuetan eskaintzen dituzte, eta gaixoak horietara bertaratu ezin duenean, etxean bertan eskaintzen diote tratamendua. Gainera, familiartekoentzako elkargune garrantzitsua da elkartea. Hala ere, gaixoek «guztion» laguntza behar dute, gizartea kontzientziatu behar da gaitzaren inguruan. Ildo horretatik, babes ekimenetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak Adela elkartekoek.
EGITARAUA
10:00. Suziriak.
10:10. Txisturari eta trikitilariak.
10:30. Aisialdi gunearen irekiera.
11:00. Toka lehiaketa.
12:00. Harri-jasotze erakustaldia. Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV. a eta Jakes Izeta V.ak hartuko dute parte.
13:00. Zarauzko abesbatzaren emanaldia. Paella prestaketaren hasiera.
13:30. Kantaldia, Musikalis abesbatzaren eskutik.
14:30. Herri bazkaria.
17:00. Erromeria musika taldearen emanaldia.
18:00. Kantaldia, Musikalis abesbatzaren eskutik.
19:30. Unax Noga kantariaren kontzertua.
20:00. Ekintzaren amaiera.