Ospatu dezagun bertsotan

Aritz Mutiozabal 2013ko maiatzaren 24a

Andoni Egañak eta Uxue Alberdik hartuko dute parte Berria egunkariaren 10. urteurreneko bertso traman (Amaia Ventas/Hitza)

Berria egunkariak hamar urte beteko ditu ekainean, baina jada ospakizunekin hasia da. Hamarnaka kontatzekoak gara lelopean, 30 kultur ekitalditik gora antolatu ditu Euskal Herri osoan, eta egun osoko jai batekin biribilduko du urteurrena; ekainaren 22an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Programatutako kontzertu eta antzerki saioez gain, bertso tramak ere antolatu ditu, eta horietako bat Zarautzen gozatzeko aukera izango da, ekainaren 8an. Bertso trama bertsogintzako formatu berezi bat da. Saioan zehar hasiera eta amaiera dituen istorio bat garatzen dute bertsolariek bat-batean, tramagileak emandako pautak jarraituta. Bertsolariek ez dute jakiten istorioaren nondik norakoa zein izango den oholtza gainera igo arte. Zarautzen Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Amaia Agirre eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira pertsonaiei bizia eman eta istorio bat harilkatzen, Josu Goikoetxea tramagilearen esanetara eta Aitor Atxega musikariak lagunduta. Berria egunkariaren 10. urteurreneko bertso-trama Aritzbatalde kiroldegian egingo dute, 22:00­etatik aurrera. Sarrerak aldez aurretik eskuratzeko aukera izango dute bertsozaleek, eta horretarako hainbat bide dago: eskualdeko zenbait tokitan aurrez aurre eros daiteke, baita UROLA KOSTAKO HITZA-ren Zarauzko bulegoan ere;  eta Interneten, berriz, www.berria.info/berriataldea webgunean. Berria-ko harpidedunek eta Berrialagunek bost eurotan lortu ahal izango dute sarrera; horretarako txartela erakutsi beharko dute, eta gehienez ere bi sarrera eskuratu ahalko dituzte. Besteek, hamar eurotan.

  Sarrerak. Herriz herri
  • Aia. Iturriozena taberna.
  • Azkoitia. Zurt taberna
  • Azpeitia. Sanagustin Kulturgunea.
  • Getaria. Harralde taberna.
  • Orio. Kolon Txiki taberna.
  • Zarautz. Eguzki taberna, Txiki Polit taberna eta Urola Kostako Hitza-ren bulegoa. Egunean bertan, Aritzbatalde kiroldegiko leihatilan.
  • Zestoa. Poxpolo liburu denda.
  • Zumaia. Inpernupe taberna.
  • Interneten. www.berria,info/berriataldea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide