Maria Etxetxikiko bizilagunak egongelan, kantuan (Amaia Ventas/Hitza)
Dagoeneko hamar apartamentu tutelatu prest daude Maria Etxetxiki zentroan. Interesa dutenek eskatu dezakete plaza, beraz. Lehenbiziko pisuan daude guztiak, banakakoak dira, 40 metro koadro ingurukoak. Logela, komuna, sukaldea eta egongela txikia ditu bakoitzak. Horietako batean bizi nahi duenak Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztu beharko da hautagaitza, 943-00 51 27 telefono zenbakira deituta.
Etxe horiek eskatzeko, hainbat baldintza bete behar da: batetik, 60 urtetik gora izatea, eta bestetik, mugikortasunari dagokionez autonomo izatea.Gizarte Zerbitzuetako teknikariek baloratuko dute gerora eskatzaile bakoitzaren kasua, eta horren arabera emango dituzte pisuak.
Dagoeneko Maria Etxetxiki Eguneko Zentroko bakarkako 21 etxe beteta daude; 10 bigarren pisuan eta beste 11 hirugarrengoan. Bi solairu horietan zazpi binakako apartamenduak oraindik libre daude, ordea.
«Ezin hobeto»
Bertan bizi diren adinekoak «oso gustura» daude Maria Etxetxikin. «Ezin hobeto bizi gara hemen, zorte handia izan dugu», nabarmendu du Juanita Larrañagak. 89 urte ditu, eta urtarriletik bizi da zentroan. Astean behin edo bitan elkartzen dira etxeko egongelan, hizketan egin, jolastu edota kantuan egiteko. «Bakarrik dagoenarentzat aparteko lekua da hau». Izan ere, Maria Etxetxikin sekula ez dira bakarrik sentitzen. Hala dio Juan Luis Mendizabal Mendi-k. Duela gutxitik bizi da bertan: «Bakarrik geratu nintzen, eta 100 metro koadroko etxea handi geratu zitzaidan». Orain 40 metro koadroko apartamentuan bizi da, zerbitzu guztiekin. «Zerbait gertatuz gero, hiru botoi gorri ditut gelan. Pozik egoteko lekua da hau».
(Amaia Ventas/Hitza)
Atzerrian asko ibilia da Jose Manuel Herrero zizurkildarra. «Han eta hemen ibili ostean, zahartzarora iritsi nintzela konturatu nintzen». Hasiera batean ez zuen argi ikusten halako zentro batean bizitzearena, baina gerora jende ona zegoela konturatu zen. «Oso gustura bizi naiz hemen, ezin dut kexatu». Otsailetik bizi da Maria Etxetxikin, eta hortik ez duela «mugitu nahi» dio. Hori dela eta, bakarrik daudenak eskaera egitera animatu ditu: «Beren etxean bakarrik egon ordez, primeran egongo lirateke hemen».
Lagunez inguratuta bizitzea «zoragarria» da Alejandra Rojorentzat. «Egongelan elkartzen gara, elkarri lagun egiteko». Ondo zaintzen dutela dio, erosotasun guztiak dituela. «Leku ezin hobea da hau».
Arantxa Larrañagarentzat abantaila handia da hori. Autonomoa den arren, arazoak direla medio, ezin du kalera atera. Maria Etxetxikin, ordea, ez du aspertzeko denborarik. «Gustura nago, etxeko martxa nik eramaten dut eta moldatzen naiz. Ezin dut gehiago eskatu», dio. 2012ko uztailetik bizi da bertan.
Denbora bertsua darama Lidia Belosok zentro hortretan. Hura ere «oso kontentu» dago, «ondo» zainduta. «Ezin da hitzez esplikatu hemengo giroa eta erosotasuna», dio.