Antton Aranburu: «Disko berriaren lehenengo suzko froga izango da Zarauzko saioa»

Aritz Mutiozabal 2013ko maiatzaren 23a

Maiatzaren 30eko greba deialdia dela eta, gaur egingo dute Kafe Torero kultur ekimeneko saioa. Gasteizen bizi den Antton Aranburu (Busturia, 1979) musikaria izango da hilabete honetako gonbidatua, eta uztailean argitaratuko duen Bizirik diskoa aurkezten izango da, Euskalduna tabernan, 21:30etan hasita. Hau ez da Kafe Toreron ariko zaren lehen aldia. Duela bi urte ere izan zinen, Goraka estreinako diskoa aurkezten. Berriz itzultzeko gogoz? Hori da. Duela pare urte bertan izateko abagunea izan nuen, eta oso gustura egon nintzen. Oraingo honetan hileko azken ostegunerako greba orokorra dago deituta, eta astebetez aurreratu da kontzertua. Estreinako aldiz izan nin­tzenean ere gauza bera gertatu zitzaidan; otsailean izan zen eta grebagatik dataz aldatu behar izan zuten. Badirudi norbaitek nire aurka konspiratzen duela, kar, kar, kar!  Ez dut kontzertu askorik izaten, eta justu dauzkagunetan halakoak gertatzen zaizkit. Kontuak kontu, ekimen polita iruditzen zait; izan ere, hilero antolatzen dute zerbait, eta ar­tista berrioi gure proposamenak aurkezteko plaza ematen digute. Oraingoan bizi-bizi itzuliko zara; hau da, Bizirik izeneko disko berriarekin. Aurreko diskoa Goraka izan zen, nire bakarkako lehen lana, eta, oraingoan, Bizirik aurkeztera gerturatuko naiz talde berriarekin. Hamaika abesti berri dira, eta horiei aire berri bat eman diegu. Mungiako Gaua estudioan grabatu dugu, eta orain azken xehetasunekin ari naiz lanean; besteak beste, azalarekin, bideokliparekin eta abarrekin. Gauzak okertzen ez badira, uztailean emango dut argitara, eta Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietan jotzekoak garenez, ordurako jada kalean izatea nahiko nuke. Bien bitartean, abesti berriak taula gainean probatzen ari al zara? Zarauzko saioa, nolabait esateko, lehenengo suzko froga izango da. Taldekide berriekin oholtza gainera igo eta abesti berriak joko ditudan lehen emanaldia baita. Diskoa atera eta lehen urtean taldearekin aritzen naiz kontzertuz kontzertu, eta bigarren urtean, jada, beste formatu batzuk probatzen ditut: akustikoan, bakarka, bikote edo hirukote moduan... Horrela eskaintza bera ere zabaldu egiten dut, aretotan nahiz tabernetan jotzeko.  Musikatik bizi garenok edo musikarako grina dugunok beti gaude krisian –eta gaur egun are gehiago–, eta nahikoa zaila izaten da plaza handitan diskoa aurkeztea. Folk, rock eta pop melodietatik urrundu zara, eta alt-country estatubatuarrera gerturatu. Nolatan etorri da garapen hori? Asko gustatzen zaidan estiloa da. Agian, betiko countrya baino gehiago egun genero horrek hartu duen ildo modernoa landu dut. Countrya da oinarri nagusia, baina beste estilo batzuk ere uztartzen ditut. Oso gustuko ditut Ryan Adams, Wilco eta Whiskeytown bezalako musikari eta musika taldeak. Egia esan, horiengandik asko edan dut azken urteetan. Hori horrela, landa- zentzua eman nahi nien abestiei, eta beste estilo batzuk txertatu, batik bat rocka. Kasu honetan, taldekide berriak dituzu bidaide. Landa-zentzuzko musika  jorratu ahal izateko musikari aproposen bila aritu al zara? Bai, lehen diskotik bigarrenera taldekide guztiak aldatu dira. Beste estilo batzuetara biratu nahi nuen, eta bizitzan zehar ezagutzen joan naizen musikariekin elkartu naiz. Bestelako zerbait egitekoa nintzenez, musikari berriekin elkartzea bururatu zitzaidan, besterik gabe. Azken finean, jorratu nahi nuen musika ildora hobekien molda zitezken musikariak batzea izan da nire nahia. Lehen diskoan Bidaiari Bakartiak izena hartu zuen taldeak. Orain, ordea, Bidaiariak bidaian atera dira, eta Bakartiak bakarrik izango dira nire taldekideak. Hamaika abesti berri dituzu. Zeri edo nori egiten diozu kantu? Denetariko gaiak landu ditut. Aurreko diskoa askoz ere autobiografikoagoa zen, eta, beharbada, Bizirik laneko letrak deskribatzaileagoak dira. Nire inguruan entzuten edo ikusten ditudan istorioak xurgatzen saiatu naiz, ondoren horien inguruan abesteko. Pixka bat gaixo-portaera izan dut, uneoro erne, batera zein bestera begira, ea zer kontatzen duen honek eta zer hark jasotzen. Diskoaren izenburua, esaterako, Bizirik gaudela abestitik hartu dut, eta hori aldarrikatzea garrantzitsua dela iruditu zait, etengabe entzuten ari garen eta bizi dugun egoera kaskar honi aurre egiteko. Bizirik gauden bitartean itxaropena badagoela adierazi nahi dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide