Lou Olangua: beti gogor... beti bihotzean

Aritz Mutiozabal 2013ko maiatzaren 22a

Urte hasieran OK Korral eta Humedecidos taldeko abeslari Lou Olangua zendu zen, biriketako minbiziak jota. Agurreko ekitaldian lagun ugari bildu zen –musikari eta musikazale as­ko–, haren errautsak itsasora botatzeko. «Egun horretan bertan hasi ginen omenaldi festa batean pentsatzen. Hazia egun horretan bota genuen», azaldu du  Lou Olanguaren lagun eta Anestesia eta Matxura taldeko gitarrista Mikel Kazalisek. Botatako hazia erein egin da, eta larunbat honetan gogoan izango dute Lou, Putzuzulo gaztetxean, 20:30etik aurrera egingo duten kontzertuan. Louri Omenaldi Festako kartela Hasiera batean bi egunetako musika jaialdia antolatzeko asmoa zuten; lehen egunean, herriko taldeek hartuko zuketen parte, OK Korral eta Humedecidos taldeen bertsio pare bat eginez, eta bigarrenean, berriz, Nuevo Catecismo Catolico eta Lobo Electrico taldeek. Azkenean, ordea, bertsio egunekoa ez zen aurrera atera; Anestesia salbu, beste inork ez zuelako izenik eman. Ondorioz, parte-hartzaile guztiek bat egin eta egun bateko omenaldi jaia antolatzea erabaki zuten. Gerora, beste talde batzuk ere animatu dira, eta aipatutako hiruekin batera, The Safety Pins, Desastrozombies etaVincent Von Reverb y sus Vaqueros Electricos taldeak igoko dira oholtza gainera. Talde gehienak Donostia ingurukoak direla azaldu du Kazalisek: «Azken urteetan harreman handia zuen jende horrekin, eta haiekin elkartzen zen kontzertuetara joateko. Musika estiloari dagokionez ere, rock-and-rolleroak dira, eta, egia esan, antzeko gustuak zituzten Lourekin». Anestesia bertsioak joz Anestesiak hasierako ideiari eutsiko dio; hau da, OK Korralen hiru bertsio jotzearena. Kazalisek ez du aurreratu nahi izan  joko dituzten abestiak zeintzuk izango dira: «Hori ezustekoa izango da!». Beraz, inork ez dela pentsa Anestesiaren ohiko emanaldi bat izango denik larunbatekoa: «Egia esan, komeni da hori argi uztea, baita zabaltzea ere. Jendeak omenaldiko kartelean ikusi du taldearen izena, eta askok pentsatu du gure kantak joko ditugula; izan ere, laupabost urte goaz jo gabe, eta aurten taldearen 25. urteurrena ere bada. Beraz, argi gera dadila hau bestelako emanaldi bat izango dela». OK Korral taldeko gitarrista eta sortzaile Dani Ulaziak eta 2Kate taldeko Izaskun Forkadak hartuko dute parte Anestesiaren saioan. «Pixka bat gure modura moldatuko ditugu abestiak. The Ramonesen tankeran joko ditugu, sinplifikatuta eta distortsionatuta. Ukitu hori hartzen dute», nabarmendu du Anestesiako kideak. OK Korral ahots guturalekin? «Abesti batean gure abeslari Ibonek kantatuko du, bere betiko eran; beste batean, Ibonek eta Izaskunek tartekatuta abestuko dute; eta hirugarrenean, Izaskunek bakarrik abestuko du. Beraz, denetarik izango da». Lou taldekide batekin abesten Oro har, kontzertu plurala izango da; izan ere, kolaborazio ugari izango dituzte musika talde guztiek. Kartelean ere iragarri dituzte kolaboratzaileak nortzuk izango diren: Jose Dolz (Shock Treatment), Eneko Etxeandia (NCC, Teen Dogs, Safety Pins), Dani Mortaja (N.A.D.), Juanma Dagger (Hell Division, Dictadura), Patxi (Astrozombies), Nando Romero (Nanines), Riki Andrade (Los Clavos, Cujo, el Inquilino Comunista) eta Manute Lertxundi (Teen Dogs), besteak beste. Urteurren berri bat Louren omenezko jaialdia Arraio Irratiaren 7. urteurren festan barneratu dute. Irrati librearen lehen urteurrenerako OK Korral elkartuarazi zuten, eta alde horretatik ere berezi da Arraiorentzat kontzertu hau. Hori horrela, Louren irudi handi bat jarriko dute oholtzaren atzekaldean, jaiaz goza dezan. «Rock-and-roll gau indartsua eta emozioz betea izango da», aurreratu du Kazalisek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide