Bost urtez Espainiako nazional mailan jokatu ondoren, datorren denboraldian Espainiako ohorezko B mailan lehiatuko da Sinergia Zarautz errugbi taldea. Maila horretan jokatuko duen lehen aldia izango du, gainera. Asteburuan lortu zuen balentria, Bartzelonako BUC taldeari 18-23ko emaitzarekin irabazi eta gero; joaneko partida Astiko zelaian jokatu zuten hilaren 12an, eta han ere garaipena lortu zuten, 28-19ko emaitzarekin. Beraz, nagusitasunez hartu zuen mendean aurkaria.
Sinergia Zarautz CAU Metropolitano taldearen aurkako partidan
Taldekideak pozarren daude lorpenarekin. «Denboraldia zoragarri joan zaigu, orain arteko onena», adierazi du Zarautz Rugby Taldeko lehendakari Gaizka Zulaikak: «Ligan partida guztiak irabazi genituen, bat izan ezik. Ondorioz, lehen postuan bukatu genuen Espainiako nazional mailan, eta ohorezko B mailara igotzeko fasea jokatzeko aukera izan dugu». Lehen kanporaketan Madrilgo CAU Metropolitano garaitu zuten, baina bigarren kanporaketan ezin izan zuten Tecnidex Valencia taldearen aurka. Bazirudien zarauztarren ametsak bidean geratu zirela. Hala ere, mailaz igotzeko bigarren aukera suertatu zitzaien; hau da, ohorezko B mailan azken postuan bukatu zutenen kontra, Bartzelonako BUC taldearen kontra. Katalanak aurkari ezagunak zituzten; izan ere, iaz haien aurka galdu zuten igoera faseko bigarren kanporaketa, eta haiek mailaz igo ziren.
«Haien aurkako bi partidak benetan gogorrak izan dira, oso lehiakorrak. Beste kategoria batean jokatzen egon dira, baina hilabete bat zihoazen lehiatu gabe, denboraldia bukatuta. Guk errekuperatzeko tarterik ez dugu izan, guztia jarraian jokatu baitugu. Edonola ere, finkatutako helburua bete ahal izan dugu, eta orain maila berriari aurre egiteko planak egiten hasi beharko dugu», jakitera eman du errugbi taldeko lehendakariak: «Orain maila berriari neurria hartu beharko diogu, Nazional mailara igo ginenean bezalaxe».
Egindako balentria aitortzeko, Zarauzko Udalak harrera egingo dio gaur Zarautz Sinergia taldeari. Ekitaldia udaletxean izango da, 20:00etan, eta bertan izango da Jose Luis Illarramendi alkate eta kirol zinegotzia.