Santamarinak, denboraldi hasierako jaiak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko maiatzaren 16a

Artxiboko irudian, santamarinetan dantzan haurrak (Xabi Aizpurua/Hitza) Santamarinetako egitaraua Maiatzak 17, ostirala
  • 19:00. Txupinazoa, kanpai-errepika eta bandera goratzea.
  • Ondoren. Buruhandiak, auzoko eta herriko kaleetan zehar.
  • 19:30-21:00. Musika emanaldia, Egan taldearen eskutik.
  • 22:00. Danborrada.
  • Jarraian. Musika emanaldia, Egan taldearen eskutik.
Maiatzak 18, larunbata
  • 10:30. XXIV. Santa Marina Pilota Txapelketa, La Salle zaharreko (Photomuseum) frontoian. Euria eginez gero, Antonianoko pilotalekuan izango da.
  • Ondoren. Buruhandiak, auzoko eta herriko kaleetan zehar.
  • 12:30. Jalgi taldearen saioa.
  • 13:00. Helduentzako Toka Txapelketa.
  • Egunean zehar. Turu-Turu-Bam Band txarangak auzoa alaituko du.
  • 19:00- 22:00. Kukulu batukada taldea.
  • 22:30. Musika emanaldia, Laiotz taldearen eskutik.
Maiatzak 19, igandea. Zirkus Eguna
  • 11:00. Gazteentzat XXXVI. Marrazki eta Pintura Lehiaketa, Hilario Epelderen omenez.
  • 12:00. Sari banaketa
  • 13:00. XIII. Patata Tortilla Lehiaketa. Arrautzopilak 12:30ean aurkeztu beharko dira Santa Marinako tabernan.
  • 17:30. Haurrentzako Martin Xalabardo emanaldia. Euria egiten badu, Gaztelekuko frontoian izango da.
  • Ondoren. Sei urte bitarteko txikientzat moto eta patinete lasterketak izango dira. Amaieran txokolatea banatuko dute.
Maiatzak 20, astelehena
  • 18:00. XLV. Santa Marina Korrika Txapelketa, 11 eta 14 urte bitarteko neskentzat (1999. eta 2002. urteen artean jaiotakoak, biak barne).
  • Jarraian. Santa Marinako LXIII. Korrika Txapelketa, 11 eta 14 urte bitarteko mutilentzat (1999. eta 2002. urteen artean jaiotakoak, biak barne), Juan Luis Larrañaga Pati Pelukero-ren omenez.
  • Ondoren. Buruhandiak, auzoko eta herriko kaleetan zehar.
  • 19:30. Zezen txiki eta pottokekin jaialdia.
Maiatzak 21, asteartea. Santa Marina Eguna
  • 07:00. Meza nagusia ermitan.
  • Jarraian. Kirkilla jatetxean mezetara joan direnentzat txokolate-jana. Trikitilariek auzoa alaituko dute.
  • 11:00. Erretiratuentzat hamaiketakoa Arkaitz Mendi Ehiza eta Arrantza Elkarteak eskainita.
  • 18:00. XLV. Santa Marinako Korrika Txapelketa, 7 eta 10 urte arteko mutilentzat (2003. eta 2006. urteen bitartean jaiotakoak, biak barne).
  • Ondoren. Buruhandiak, auzoko eta herriko kaleetan zehar.
  • 19:30. Zezen txiki eta pottokekin jaialdia.
Ematen ez badu ere, udaberria da duela bi hilabetetik. Eta udaberriarekin batera hasten da festa egitaraua Zarautzen. Santamarinek zabalduko dute urtero legez festa denboraldia. Zarauzko auzo horretako zaindariaren eguna datorren asteartea, hilaren 21a bada ere, bihar arratsaldean txupinazoa bota eta bandera goratuko dute Santa Marinan. Hori izango da festa giroan murgiltzeko seinalea. Hortik aurrera, auzotar zein Santa Marinara gerturatzen den inork ez du aspertzeko tarterik izango. Egitarau bete-betea antolatu dute aurtengorako ere. Iluntzean, 22:00ak aldera, kalea jendez beteko da ekitaldi garrantzitsuenaz gozatzeko; Santa Marinako danborradaz, alegia. Herritar bakoitzak bere elkarte gastronomikoko jantzi berezia soinean jarri eta danborrari eragingo dio, Zarautz osoan entzun dadin burrunbada. Haiek gainbegiratzeko edo, karroza gainean joango da auzoko erregina. Dagoeneko santamarinetako egitarauan ezinbesteko bihurtu den kontzertua izango da gero plazatxoan; Egan taldearen emanaldia, hain zuzen. Mexiko, Mexiko eta bestelako doinuak abestuko dituzte herritarrekin batera. Urtero bezala, santamarinek hasiera ezinhobea izango duten arren, hurrengo egunetan ere izango dira galduezineko hitzorduak auzoan. Santa Marinako Pilota Txapelketa, Toka txapelketa, Patata Tortila Lehiaketa, moto eta patinete lasterketak, Santa Marina Korrika Txapelketa... Herritarrak, haur, gazte zein edadetu, uneoro entretenituta egongo dira bihartik asteartera bitartean. Igandea, gainera, Zirkus Eguna izango da auzoan. Santa Marina zirku bihurtzea da antolatzaileen helburua, eta horretarako, zirkuko pertsonaiez mozorrotzeko eskatu diete zarauztarrei. Auzoa are koloretsuago egongo da egun horretan, ziur.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide