Erakundeen arteko lana errazteko tratu txarren protokoloa sendotu dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko maiatzaren 15a

Datuak 2012
  • 30 genero indarkeria kasu.  29 emakume eta gizonezko bat.
  • Tratu txar mota. 19 tratu txar fisiko (eta ondorioz psikologikoa ere bai) eta 11 tratu txar psikologiko kasu.
  • Adina. 15 eta 59 urte bitartean dituzte biktimek, eta erasotzaileek 16 eta 70 artean.
  • Harremana. 9 ezkonkideak dira, 3 ezkonkide ohiak, 8 bikotekide ohiak eta 5 bikotekideak. Bost kasu ez dira zehaztu.
  • Salaketak. 9 kasu salatu ziren eta 4k babes agindua jaso zuten.
  • Hartutako neurriak. 4 erasotzaile etxetik irtetera behartu zituzten, 5ek urruntze agindua jaso zuten eta 3k biktimarekin komunikatzeko debekua.
2013
  • Urtarriletik apirilera bitartean 13 genero indarkeria kasu berri.  12 emakume eta gizonezko bat.
  • Tratu txar mota. 7 tratu txar fisiko (eta ondorioz psikologikoa ere)eta 5 tratu txar psikologiko kasu.
  • Adina. 28 eta 70 urte artean dituzte biktimek, eta erasotzaileek 15 eta 65 bitartean.
  • Harremana. 3 ezkonkideak dira, 3 ezkonkide ohi, 3 bikotekide ohi eta 1 bikotekide.Hiru kasu seme-alabek gurasoei eragindako tratu txarra dira.
Roberto Alava Zarauzko ertzainetxeko burua, Marisa Merino Osakidetzako eskualdeko zuzendaria, Juan Luis Illarramendi alkatea, Ane Eizmendi Parekidetasun zinegotzia, Alvaro Iruin Osakidetzako Osasun Mentaleko zuzendaria eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzeta. (Amaia Ventas/Hitza) Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei laguntzeko protokoloa sinatu berri dute Zarauzko Udalak eta beste hainbat eragilek. 2008an hitzartu zuten lehenbiziko aldiz, eta aurten sendotzea erabaki dute; izan ere, hainbat gabezia antzeman dute. Hain zuzen, lehengo edukiak antzemandako beharretara egokitzeko, kasuen detekzio goiztiarrerako prozeduran sakontzeko, eta profesionalen artean prozedura hori partekatzeko beharra ikusi dute Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuen sailek. Hala, administrazioen arteko lana erraztu eta koordinazioa hobetzeko helburuarekin, Udaltzaingoarekin, Zarauzko Osasun Zentroarekin zein Osasun Mentalaren sailarekin, Ertzaintzarekin eta Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanerako konpromisoa hartu dute. Horren helburu nagusia Zarautzen emakumearenganako indarkeria kasuetan esku hartzen duten eragileentzat jarduera eredua normalizatzea da, gertaera bakoitza ahalik eta goizen detektatu, eta kasu horien jarraipen egokia egiteko. Horretarako, sexu bereko bikoteen arteko indarkeria gertaerak ere jaso dituzte protokoloan. Era berean, datuak jasotzeko gailua diseinatu eta sinplifikatuko dute, profesionalei  protokolo horren inguruko formazioa eskainiko diete, zerbitzu bakoitzarentzako esku hartze eredu  konkretuak diseinatuko dituzte eta Koordianio Mahaiaren funtzionamendurako dekalogoa osatuko dute, besteak beste. Gidaliburua Horrez gain, genero indarkeria jasaten dutenentzat gidaliburua kaleratu dute. Bertan biktimei laguntza eskainiko dieten zerbitzu zein profesionalen kontatuak jaso dituzte. Era berean, indarkeria moten inguruko azalpenak, eta tratu txarra jasoz gero, eman beharreko pausoak zerrendatu dituzte, eta baita biktimen eskubideak zehaztu ere. Gidaliburuok Zarauzko eraikin publikoetan egongo dira eskuragarri, ahalik eta herritar gehienena iritsi dadin.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide