Eizagirre Fresnesko kartzelan dago, eta tratu «zuzena» jaso duela dio abokatuak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko maiatzaren 14a

Parisko Auzitegi Bereziak espetxera bidali ditu Ekhiñe Eizagirre zarauztarra eta pasa den asteartean Frantzian atxilotutako beste bost lagunak; Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, eta Kepa Arkauz. «Helburu terroristadun gazkile taldeko kide» direlakoan kartzelaratu dituzte. Fresnesko espetxean dago. Amaia Rekarte abokatuaren aerabera, tratu «zuzena» jaso du. Larunbat gauean sartu zuten espetxera, eta beste bi emakumerekin jarri zuten ziegan. Orain bakarrik dago, eta bi egunen buruan modulo arruntera pasako dutelakoan da abokatua. 'Euskal Herrian bakea behar du' lelopean elkarretaratzea egin dute Zarautzen. Rekartek jakinarazi duenez, familiak ez du Eizagirre ikusi, baina zarauztarrak beste preso batekin hitz egin du, pareta bien artean zela, eta hark dio «ongi» dagoela, «indartsu». Kasua instrukzio fasean dago orain. Abokatuaren arabera, Eizagirreren ibilbidea aztertuko dute, eta zarauztarrak epailearen galderei erantzun beharko die, erregularki. Faseak lau urte iraun dezakela zehaztu du. Artean, Eizagirre espetxean bisitatzeko tramiteak hasi dituzte. Hilabete iraun dezake tramiteak, Rekartek dioenez. Hala, tarte horretan ezingo du ez bisitarik ez telefono deirik jaso. Baldintzak gogorrak direla nabarmendu du abokatuak. Bihar pakete bat helaraziko diote, beste preso baten bitartez. Zarauztarraren preso zenbakia badakite jada, giro postalak bidaltzeko. Babesa agertzeko, berriz, herritarrek honako aukera dutela dio Rekartek: Parisko Txalaparta irratiaren saio batean agurra helaraztea. Asteartean izaten da horretarako aukera, gaur, beraz, 22:00etatik gauerdira. Eizagirrek irrati aparailu bat izan dezan saiatuko direla diote. Erakunde armatuak indarkeria baztertu eta armak uzteko asmoa azaldu duen arren, «terrorismo ekintzak prestatzea» eta «antolatutako talde armatuko kide» izatea egotzita, bost lagunak espetxeratzeko eskatu zuen larunbatean Fiskaltzak. Fiskalaren eskaera bete, eta seiei «helburu terroristako gaizkile taldeko kide» izatea leporatu, inputatu eta espetxeatzeko agindua eman zuen epaileak. Blois, Brive-la-Gaillarden eta Montpellier hirietan atxilotu zituzten gendarmeek ustezko sei etakideak pasa den asteartean. 600 kilometroko eremuan hiru kolpe eman zituen aldi berean Frantziak, ohikoa ez duen gisako sarekada eginez. Ostegunean eraman zituzten Parisko inguruetan dagoen Terrorismoaren Kontrako polizia-etxe berezira, eta atxiloketa epea pasatuta, larunbatean eraman zituzten epaileen aurrera. Denbora horretan Eizagirrek «tratu zuzena» jaso zuela esan dute ingurukoek. Elkarretaratzeak Espetxeratze aginduaren berri izan aurretik, elkarretaratzeak egin zituzten larunbat eguerdian Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrean, konponbidearen alde, Euskal Herriak bakea behar du leloarekin. Tartean, Zarauzko udaletxe parean, 12:00etan. Zarauzko hainbat eragilek bilkura egin zuen, eta Zarauzko Herrira-k jakinarazi duenez, bi ekimenen inguruko konpromisoa hartu zuten: Euskal Herriak bakea behar du lelopean elkarretaratzea egitea (larunbatekoa), eta diagnosia egin eta aurrera begirako urratsak denen artean zehaztea, hain zuzen. Maiatzaren 18an Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Zarautzen ere plaza betetzera deitu dituzte herritarrak, preso eta iheslarien giza eskubideen alde. «Urtarrilaren 12ko ilusioa eta indarra berriro plazetara ekartzea da gure asmoa». Egun osoko egitarau prestatu du Herrirak, Plazak bete kartzela hustutzeko lemapean. Ekaitz Sirvent preso zarauztarraren inguruan sortu duten lantaldea aurkeztekoak ziren 12:00etan. Mantenduko dute, baina oraindik ez dute zehaztu nola izango den, «orain beste zarauztar bat ere preso baitago».  13:00etan Musika Plazatik abiatuta kantuan ariko dira. 14:30ean Txiki Politen kantu bazkaria egingo dute. Jatetxean bertan, Eguzki tabernan edota gaztetxean erosi ahalko dira txartelak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide