(Argazkia: Jon Rodriguez)
Zurekin ostalari elkartearen auto bat etengabe pasatu da HITZAren erredakzio aurretik —herrian barna eginiko ibilbidean—, zirkua herrira iritsi balitz bezala, Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) kontzertua iragartzen. Udaberri Fest-eko izarra delako, Gipuzkoan emango duen bakarra delako, Kortaturen garaitik herrian jo ez duelako... bada hainbat arrazoi aldarrikatzeko. Aspaldiko partez nazioarteko biran murgilduta dabil Muguruza komandantea, eta bihar Aritzbatalde kiroldegian izango da, Kontrakantxa eskuadroiarekin. Zirkurik ez da izango, baina
lehoi asmatikoak ozenki egingo du kantuan taula gainetik.
Bira gehiago ez zenuela egingo iragarri bazenuen ere, errepidera itzuli zara No more tour izenburu ironikoa jarri diozun nazioarteko bira bizi batean. Barruko harrak eszenatokietara igotzea eskatzen al zizun?
Barruko harrak baino gehiago, astroak lerrokatu dira 2013n beste bira bat posible egin ahal izateko. 2008an
Asthmatic lion diskoa kaleratu nuen, baina ezin izan nuen zuzenean aurkeztu, Al Jazeerak bi urteko enkargu bat egin zidalako, 11 musika dokumental egiteko. Beraz, azken biratik bost urte pasa eta gero, iaz elkartu nintzen nire musikariekin Donostiako Piraten abordajean jotzeko, katamaran baten gainean. Hor hasi ginen denon artean begiratzen ea aurten egin ahal izango genukeen abian dugun bira berria.
Duela gutxi 50 urte bete dituzu; 30 urte dira Kortatu abian jarri zenuela; eta 15 urte bete dituzu bakarlari gisa ekin zenuela. Aitzakia txiki bat nahikoa bada, zuk hiru dituzu eta pisuzkoak, gainera.
Bai, efemerideen laguna naiz. Hala ere, arrazoi gehiago ere badira bira honetarako; adibidez, azken biran, zentsura zela medio, ezin izan nuela abestu Valentzian eta Madrilen, eta horrek ezin zuen horrela gelditu. Bira honetan dagoeneko Valentzian jo dugu, presio askoren mende, hori bai, eta Madrilgo kontzertu bat bertan behera gelditu zaigun arren, badirudi abuztuaren amaieran Madrilen joko dugula. Gu, behintzat, horretan saiatuko gara.
Radar FM 1999.2013 disko bilduma argitaratu zenuen martxoan, makina bat musikarik egindako egokitzapenekin, zure bakarkako ibilbideari lehentasuna emanez. Alde horretatik, disko berria zeure buruari egiten diozun oparia dirudi.
Zikloak ixtea gustatzen zait, beste batzuei ekiteko. 1998an Madrilgo El Europeo argitaletxeak bilduma bat kaleratu zuen Kortatutik hasi eta Dut taldearekin egindako elkarlanerainoko abestiekin (
Amodio eta gorrotozko kantak,
1984-1998). Orain
Radar FMrekin 1999tik 2013ra arteko bakarkako ibilbidearen errepasoa egiten dut. Opari ederra, bai.
Eta errepertorio hori al da No more tour birako kontzertuen euskarri nagusia?
Euskarri nagusia bildumako errepertorio izango da, bai, baina 30 urteko ibilbidea ahaztu gabe. Kortatu eta Negu Gorriak taldeekin eginiko zenbait kanta ere jotzen ari naiz, hain zuzen ere.
(Argazkia: Jon Rodriguez)
Kasu honetarako, Kontrabanda Kontrakantxa bilakatu da. Hala ere, betiko lagunak dituzu bidaide taula gainean. Musikalki ongi babestu zauden seinale?
Bai, bikain babestuta nago. Haien kalitate musikala giza kalitatearen parekoa da. Ezkutua eta lantza dira, aldi berean. Izenen aldaketa musikari batzuk aldatu direlako da. Kasu honetan, Kontrakantxa dira.
Zer moduz doa bira? Zer-nolako erantzuna izaten ari zarete?
Inoizko unerik hunkigarrienak ari gara bizitzen. Kurdistango Diyarbakiren hasi ginen; Palestinako Ramalatik pasa gara; maiatzaren 1ean, Berlinen izan ginen; Valentzian jo ahal izan dugu; eta aurreko asteburuan 61.000 pertsonen aurrean jo dugu, Viña Rock jaialdian.
Bihar Zarautzen izango zara aspaldiko partez. Kortaturen garaiaz geroztik izan al zara inoiz?
Jotzen ez, baina bisitan bai, ordea. Azkenengoz, Lou Olanguari azken agurra ematen.
Zer oroitzapen duzu garai haietaz?
Zarautz erreferentea izan zen punk garaian. Ritxarrek bere fanzinea egiten zuen, eta astebukaeretan Gipuzkoako punk asko elkartzen ginen bertan, ska, punk eta hardcore musika entzuteko, baita parranda egiteko ere. RIP taldearen zale amorratuen elkargunea zen Zarautz.
Negu Gorriak-en garaiak ere lotuta daude Zarautzekin. Esan Ozenki diskoetxearen hasierako bulegoa bertan jarri zenuten, ezta?
Bai, hala izan zen. Lehenengo 3 urteak Zarautzen izan genuen egoitza; garage batean, alegia.
Udaberri Fest Gaua lagun zaharren eta berrien arteko bilgunea izango da. Bertan elkartuko zara Mikel Kazalisen Matxura talderekin eta Zuloak-eko neskekin. Kuadrilla arteko jaialdia, zalantzarik gabe.
Bai horixe! Horrek eszenatokia lagunen arteko gune bilakatzeko aukera emango digu. Negu Gorriak taldearen kantei arreta berezia emango diegu Zarautzen. Eta Mikel Kazalis gonbidatuko dugu baxua hartzera eta gurekin taula gaina partekatzera, baita Izaskun Forkada ere, Negu Gorriak-en garaian dantzari gisa ibili baitzen.
Zarautzen ondoren, Latinoamerikara hegaldia: Buenos Aires, Cordoba, Santiago, Montevideo, Bogota eta Mexiko hamar egunetan.
Zarautzen, etxean, indarrak hartu, energiaz bete, eta Latinoamerikara.
Birak bigarren zati bat ere izango du, uztaila amaieran Tokiora eta Sydneyra eramango zaituena. Lurralde horietan ibili al zara aurretik?
Japonian bosgarren aldia izangoda jada. Diskoak argitaratuta eta jarraitzaile asko dut han. Bertan egiten den jaialdirik garrantzitsuenean arituko gara, Fuji Rock jaialdian, Björk eta NIN taldeekin batera. Baina Sydney bisitatuko dugun lehen aldia izango da. Beraz, pozez zoratzen gaude.
Bira bukatzerakoan atseden hartzeko tartea hartuko duzu ala lanean jarraituko duzu buru-belarri? Musika sortzen izango da ala azkenaldiko ildoan jarraituko duzu, ikus-entzunezkoen alorrean?
Bira honetan kameralari bat dator gurekin, eta biraren inguruko dokumental bat kaleratzeko asmoa dugu urriaren amaieran. Gero, atseden bat hartzeko tenorea helduko zait, desagertzekoa... Eta, gero, lanean jarraituko dut. Bietan jarrai, musikan eta ikus-entzunezkoetan.
Atsedena hartu osterako proiekturik ba al duzu esku artean?
Gidoi bat idatzi nuen Harkaitz Canorekin batera, eta 2014ean, gidoi hori oinarritzat hartuta, Black is beltza izeneko nobela grafikoa kaleratzeko asmoa dut.