(Argazkia: Peru Iparragirre)
Paperezko Lagunak irakurle taldeak gonbidatuta, Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) idazleak
Kristalezko begi bat bere azken lana aurkeztera etorriko da gaur Zarautzera. Saioa Garoa liburu-dendan izango da, 19:00etatik aurrera, eta Meabek «liburuan sartu ezin izan den hainbat xehetasun» azalduko dizkie irakurleei. Lehen eleberria du, oraintsu
Susa argitaletxearen eskutik plazaratua, eta, bertan, errealitatea eta fikzioa nahastu nahi izan ditu.
Kristalezko begi bat helduentzako lehen nobela duzu. Aurretik hainbat lan argitaratu duzu beste genero batzuetan (poesia, narrazioa, haurrentzat), baina orain arte ez duzu eleberriranzko pausoa eman. Istorio egokiaren zain al zeuden?
Liburuaren lehen orrialdean, bizitzan zehar izandako galeren zerrenda bat agertzen da. Horiek bizi izan behar izan ditut liburu hau idazteko. Dena den, haustura sentimental bat izan zen abiapuntua. Horrek eta aurretiko gertaera batzuek bultzatu ninduten hausnarketa batzuk egitera. Beste era batera esanda, irtenbide literarioa eman nion egoera mingots bati.
Istorioak asko du zuretik, izenburutik bertatik hasita. Argitaletxeak, gainera, autoerretratu moduan ere definitu zuen aurkezpenean. Bat al zatoz definizio horrekin? Autobiografia literarioa al da?
Izenburuak adierazten du autoerreferentziala dela, bai, baina testua ez da autobiografia bat, autobiografia
curriculum vitae-aren antzeko generoa delako, eta epe zabala hartzen du, kronologikoki antolatua. Istorio honetan neu naiz pertsonaia nagusia edo nire niaren proiekzioen batura, eta neurri horretan bada autoerretratua, baina horrek ez du esan nahi une oro ekintzen erregistro zehatza egin dudanik.
Self-imitation delako estiloan idatzita dago. Idazlearen eta pertsonaiaren arteko muga lausoa dirudi, errealitatearen eta fikzioaren artean. Irakurlea nahastea helburuetako bat izan al da?
Hala da, ez irakurlea nahasteko helburuz, baizik eta idazleak, errealitateari buruz idazten duenean ere, ezin duelako errealitate hori den-denean erretratatu. Kristalezko begia ere ez da kristalezkoa, badirudien arren. Gogoeta batzuei, adibidez, testuingurua asmatu diet, zintzilik ez geratzeko. Lanerako lehengaia errealitatea bada ere, fikzioaren argamasa erabili beharra dago kontatutakoari gutxieneko sendotasuna emateko, desegin ez dadin. Liburuaren sarreran bada Coetzeeren esaldi bat honakoa esaten duena: «Eta denok bagara fikzioen sortzaileak? Eta denok asmatzen badugu gure bizitzaren historia?». Horixe da gakoa.
Eleberria kapitulu labur ugariz osatuta dago. Ez dute bi orrialde baino gehiagoko luzerarik. Poesia bilduma baten egituraketa dirudi, baita idazteko moduan eta aipagai dituzun erreferentzia literarioengatik ere.
Liburuak ez dauka poesia bilduma baten egituraketa. Koaderno pribatuaren edo egunerokoaren formatua dauka, eta horrelakoetan denetarikoak jaso ditzake egileak: bizipenak, oroitzapenak, ametsak, iritziak, poemak, mikroistorioak, dibagazioak... Orotariko txatal pertsonalen artxibategi bat da. Horregatik, une batean, esaten da liburu hau ispilu bat dela —hau da, nitasuna dela ardatza—, markoa
patchwork erara egina daukana —zati solteak josita emaitza harmoniatsua lortzeko moduan—. Erreferentzia literario ugari daude testuan, esaldi horiek zerikusi zuzena dutelako pertsonaiaren premiekin eta ziurtasun-nahiarekin. Sarritan, beste batzuen esaldiek laguntzen digute gure pentsamenduari argi egiten, gure usteak sendotzen edo kolokan jartzen.
Gaur liburua aurkeztera gerturatuko zara Zarautzera, Paperezko Lagunak irakurle taldeak gonbidatuta. Irakurleen iritziak eta inpresioak jasotzea aberasgarria egiten al zaizu? Kontuan izaten duzu zure hurrengo lanetarako?
Irakurle-bilerek, batetik, elikatu egiten naute, eta bestetik, oinak lurrean izaten laguntzen didate. Liburuan sartu ezin izan diren hainbat xehetasun aipatzeko unea izaten da, egindakoa arrazoitzeko eta testuaren barne-loturak bistaratzeko... Iritziak iritzi, irakurleekin hartu-emana izateak idaztearen zentzua berresten didate.
Honakoa ez da Zarautzen izango zaren lehen aldia. Harreman zuzena duzu herriarekin; batik bat, azken urteetan Lizardi Sariko epaimahaikide izan zarelako.
Harremana aspaldikoa da, Susa argitaletxearen egoitza bertan dagoelako, lehenik eta behin. Bestalde, azken bospasei urteetan Lizardi Sarian epaimahaikide nabil, eta lan onak saritzeko aukera izan dugu: Castillo Suarezen
Ebelina Mandarina; Xabier Mendigurenen
Egun bat Petre Romanescuren bizitzan; Arrate Egañaren
Giltza; edota Idoia Etxeberriaren
Ez dago argi, besteak beste. Gustukoa dut epaimahaikideen iritziak entzutea. Gaztetxoen sariketako idazlanen liburuxka ere urtero bidaltzen didate udaletik. Lagunak ere baditut Zarautzen, gaurtik aurrera gehiago akaso.