Etorkinak «gizarteratzeko» harrera saioak antolatu ditu Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko maiatzaren 10a

Julen Aranguren Immigrazio teknikaria eta Ane Eizmendi Etorkinen zinegotzia harrera saioen oharrarekin (Argazkia: Antxon Etxeberria) «Euskal Herri kanpotik etorritako bizilagun berriei gure herriaren berri emateko» saioak antolatu ditu Zarauzko Udalak. Etorri berriei harrera egitea da helburua, bertako informazio helaraziz, haien «integrazioa eta elkarbizitza bultzatze aldera». «Guretzat aberatsa da herrian bizilagun berriak izatea, kulturalki, ekonomikoki eta baita aniztasunari dagokionez ere», adierazi du Ane Eizmendi Etorkinen zinegotziak. «Haiek herrian behar bezala hartzea ezinbestekoa da guretzat, bertako kultura,usadioak eta bizimoldea aurkeztuz». Saiook gehienbat atzerritik etorritakoei zuzenduta egongo direla jakinarazi du Julen Aranguren Immigrazio teknikariak, haiek baitira «gugandik urrutien» daudenak, eta «behar jakin batzuk» dituztenak. Hala ere, «jakin-mina» duen orori zabalik egongo dira. Etorkinak «gizarteratu» daitezen saio «bete eta interesgarriak» antolatu dituzte, askotariko gaien inguruan: errolda, enplegua, osasuna, gizarte zerbitzuak, kirola, euskara, kultur baliabideak, herriko ohiturak eta festak, eta atzerritartasunaren arloko informazioaz, besteak beste. Udaleko teknikariek, Eusko Jaurlaritzako abokatuek eta Urola Kostako Udal Elkarteko, Osasun Zentroko, Lanbideko eta sindikatutako ordezkariek eskainiko dituzte harrera saioak. Parte-hartzaileek herriko hainbat instalazio bisitatzeko aukera ere izango dute; kiroldegia eta kultur etxea, kasu. Bestalde, inguruko natur ondarea ezagutu dezaten irteera bat ere antolatuko dute. 24 ordu iraungo du formazioak, 12 bileretan banatuta. Astean hiru saio eskainiko dituzte, maiatzaren 17an hasi eta ekainaren14ra bitartean, Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen aretoan. Goizez izango dira, bi izan ezik. Atzerritartasunari buruzko bi saioak arratsaldez egingo dituzte; izan ere, horiek herritar orori zuzenduta egongo dira. Harrera saioetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Zehazki, asteartera bitartean egin ahalko da, Immigrazio Zerbitzuan (Zigordia kalea, 33), 943-00 51 27 telefonora deitu edota jaranguren@zarautz.org helbidera mezua bidalita. Doan izango da. Parte hartzen dutenek ziurtagiri bat jasoko dute formazioa amaitu ostean, eta hori errotze txostena egiteko baliagarri izango da. Ziurtagiri hori eskuratu ahal izateko ezinbestekoa izango da saioen %80ra bertaratzea. Nikaragua eta Honduras «Zarautzek erakargarri izaten jarraitzen du oraindik», dio Eizmendik. «Etorkinek etortzen jarraitzen dute». Hain zuzen, 2012ko urriaz geroztik Euskal Herritik kanpotik etorritako 100 lagun erroldatu dira Zarautzen. Hala ere, azken urteotan immigrazioa jaitsi egin dela jakinarazi du Arangurenek. Haren arabera, 2008ko datuak errepikatu dira aurten; hain justu, herritarren %8a da etorkina, gutxi gorabehera 1.300 pertsona. «Nabarmena da azken urteotan etorri ohi izan diren bizilagunen beherakada; Kolonbia, Brasil, Txile, Argentina eta Uruguaiko lagunak etortzeari utzi diote, edota talde txikiagotan heltzen dira». Batzuk euren jatorriko zein beste herrialdeetara joaten diren moduan, bizilagun berriak ere etortzen jarraitzen dute. Nikaragaua zein Hondurastik iritsitako bizilagunen kopurua nabarmen igo da azken urteotan, baita Senegaldik etorritakoena ere. «Batzuk zuzenean etortzen dira Zarautzera, ezagunen bat-edo dutelako hemen, eta beste batzuk Espainiatik igaro ostean iristen dira bertara». Zehazki, 2005ean bost nikaraguar zeuden herrian, eta aurten 221 erroldatu dira. Europa ekialdeko herritar berrien kopuruak, Errumania zein Ukrainiakoena esaterako, mantendu egin dira, bestalde.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide