Ez itxi dioten kartelak, Azkoitiko ertzain etxearen kanpoan (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko ertzain etxe kanpoaldean zein barruan
Ez itxi dioten kartelak ikusi ahal izan dira azken asteetan, hango eta Zarauzko egoitzen balizko bateratzeari erreferentzia eginez. Eusko Jaurlaritzak eskualdeko bi ertzain etxeak bateratzea aztertzen ari direla adierazi bazuen ere, ELA sindikatuak uste dute dagoeneko erabakia hartuta duela. «Ofizialki azterketa bat besterik ez dela diote, baina azkenaldian egiten ari diren mugimenduek erakusten dute bi egoitzak bateratzeko asmoa dutela», adierazi duAzkoitiko ertzain etxeko ELAko ordezkari Tomas Rodriguezek. Honen arabera, Azkoitiko hainbat ertzaini Zarautzera aldatzea proposatu diete dagoeneko.
«Azkenaldian genituen susmoak baieztatu ditugu. Jaurlaritzak esaten digu hau guztia azterketa bat besterik ez dela, baina egunerokotasunean ikusten dugu barne mugimenduak egiten ari direla biak bateratzeko; esaterako, dagoeneko badakite operazio burua zein izango den, edota ikerketa taldea nola geratuko den». Bateratzea Jaurlaritzak dirua «aurrezteko» hartuko duen neurria dela dio ELAk. Sindikatuaren arabera, gobernuak baliabideen arloa eta pertsonal administratiboa murrizteko asmoadu. «Pertsonala %30 eta %40 artean murriztuko dute, segurtasunaren kalterako».
Egun, Azkoitiko eta Zarauzko egoitzetan bosna operazio buru daude; txanda bakoitzean bana egoten da. ELAk ohartarazi du buruen kopurua hamarretik bostera murrizteko asmoa duela Jaurlaritzak, eta bi egoitzen arduradun nagusia Zarauzko etxekoa izango dela dio ELAk. Honen arabera, bi ertzain etxeek bat eginez gero, lan karga nagusia Zarauzkoak hartuko luke bere hain. «Azkoitikoa ez da lehentasunezkoa izango». ELAren iritziz, bateratzeak giza baliabideetan izango du ondorio nabarmenena. Beraz, Azkoitiko ertzain etxeak hartzen duen eremuan polizien presentzia «nabarmen» jaitsiko dela azpimarratu du, eta hori «epe motzean» antzeman ahal izango dela gehitu. «Eredu aldaketa udarako martxan jartzeko asmoa dutela aurreikusten dugu. Behar gehienak kostan pilatzen dira garai horretan, eta ertzain gehienak bertara bideratuko dituzte». Hala, barruko herrietan laupabost patruila ibiltzetik, bakarra egotera igaroko litzatekela aurreratu du. Izan ere, Azkoitiko langileak Zarautzera aldatzeaz gain, haien kopurua %10 gutxituko luketela uste du.
(Ane Olaizola/Hitza)
Aurrekari «fidagarria»
Aurrekari gisa Arrasateko eta Berkarako ertzain etxeen kasua aipatu du Rodriguezek. «Hango egoitzak elkartu zirenean, Arrasatekoa itxi egin zuten, eta eredu hori ari dira jarraitzen Urola Kostan ere». Hala, Azkoitikoa «epe luzera» itxi egingo duten beldur da sindikatua. «Momentuz, bi eraikuntzak mantenduko dituzte, Zarauzko ertzain etxeak ezin dituelako polizia guztiak bertan hartu, baina egoera ekonomikoak guztientzako edukiera duen eraikin bat egitea ahalbidetzen duenean, itxi egingo dute Azkoitikoa».
Hori laupabost urtetan gertatzea aurreikusten du ELAk. Artean, egoitza nagusia Zarautzen egonik, Azkoitikoaren ordutegia murriztuko dutela uste du. «Arrasateko ertzain etxeak bulegoko ordutegia hartu zuen Bergarakoarekin bat egin zuenean; esaterako, gauetan, herritarrek salaketaren bat jarri nahi izanez gero, Bergarara joan behar izaten zuten». Pixkanaka, Azkoitikoak ere eredu hori hartuko duela uste du sindikatuak, eta horrek «ondorio negatiboak» ekarriko dituelakoan da. ELAren arabera, eskualde barruko herriak «zaintzarik gabe» geratuko lirateke. «Gertakariren bat izanez gero, poliziek Zarauztik iristeko denbora gehiago beharko dute, eta horrek segurtasun-gabezia eragingo luke». ELAk jakinarazi du Arrasateko egoitza itxi eta urtebetera %10 areagotu zirela salaketak. «Eragin zuzena izan lezake itxierarekin, prebentzioan pertsona gutxiago dagoelako», gehitu du.
Alderdien babes bila
Kezkak partekatzeko asmoz, Azkoitiko EAJko ordezkariekin eta Eusko Legebiltzarrean Bilduk dituen ordezkariekin bilerak egin dituzte, eta haiek ertzainen egonezina «ulergarritzat» jo dutela adierazi du ELAk. Halaber, sindikatuaren arabera, Bilduk bailarako alkateekin hitz egiteko konpromisoa hartu du.
Azkoitiko ertzain etxea manten dezaten eskatzeko, ELAk eta Erne sindikatuek datozen egunetan elkarretaratze bat deituko dutela aurreratu du Rodriguezek.