The Mary Onettes laukoteak Hit the waves lan berri aukeztuko du zuzenean Modelo aretoan, datorren ostiralean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztemaniak ekimenak antolatuta, The Mary Onettes talde suediarraren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da datorren ostiralean Modelo aretoan, 22:00etatik aurrera. Europako iparraldean egozten ari denaren adibide nabarmenetakoa da laukote honen musika proposamena. Gainera, Europan barna egiten ari den biran emanaldi bakarra eskainiko du Euskal Herrian; bihar Madrilen eta etzi Zaragozan jo ondoren gerturatuko dira, hain justu ere. Zarauzko kontzertuan, bidenabar, etxeko talde batek partekatuko du agertokia haiekin, gonbidatu gisa: Lou Topet & The 31st Crew laukoteak, alegia.
Disko berriarekin
The Mary Onettes taldeak 2000. urtean abiarazi zuen bere bidea, 80ko eta 90eko hamarkadetako pop-rockaren ildotik, eta New Order, The Cure, Stone Roses eta Echo & The Bunnymen bezalako taldeak erreferentzia nagusi hartuta. Hasiera gorabeheratsua izan ondoren,
Void iraupen laburreko lana atera zuten Sony/BMG multinazionalarekin 2005ean. Elkarlan hura ere ez zen espero bezalako izan, eta harremana bertan behera uztea erabaki zuten. 2007an
The Mary Onettes estreinako diskoa argitaratu zuten, Labrador diskoetxe suediarraren babesean, eta 2009an, berriz,
Islands bigarren lana. Batak zein besteak erantzun ona izan zuten kritika eta aldizkari espezializatuen aldetik.
Oraintsu, martxoaren hasieran, hirugarren diskoa kaleratu du,
Hit The Waves izenburupean, eta hori aurkezteko asmoz izango da Modeloko oholtza gainean. Aurreko biak bezala, Labrador zigiluarekin merkaturatu du laukoteak lan berria. Izatez, denboraren poderioz, diskoetxearen talde izarretako bat izatera iritsi da.
Hit The Waves hamar abestiz osatuta dago, eta horietan nolabaiteko eboluzio bat antzematen da. Bereizgarri duten doinu eta letra ilunak saihestu gabe, dream-pop estilorantz jauzi egin dute.
Sarrera salgai
The Mary Onettes eta Topet & The 31st Crew taldeen kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte, 7 eurotan.
Aldez aurretik erosi nahi dutenek Kulturalive.com webgunean; egunean bertan Modeloko lehiatilan ere erosi ahalko da prezio berean.