Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Movilquick Azpeitia ISBkoak (Argazkia: ISB)
Junior nesketan Euskal Ligako finala irabazi eta Euskadiko txapeldun gelditu da Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Movilquick Azpeitia ISB. Lauko finala 53-62 irabazi zuten Iraurgiko neskek, Electro Alavesa Araskiri taldearen kontra. Euskadiko txapelarekin batera, Espainiako txapelketan lehiatzeko txartela lortu du neska junior taldeak. Zaragozan jokatuko dute partida, hilaren erdialdera. Kadete nesketan, berriz, Zarauzko ZAST izan da Euskadiko txapelduna.
Hauek Euskal Ligako finala Iraurgiko Gerdau Azkoitia ISBren kontra irabazi zuten, Donostiako Gaska kiroldegian. Finala irabazita, Espainiako txapelketa jokatzeko aukera lortu dute. Hilabete barru izango da partida, Guadalajaran.
Aritz Aldalurrek zuzentzen du neska juniorren taldea, eta Iraurgi SBk zera azaldu du garaipenen inguruan: «Lanak bere fruituak ematen dituela diote, eta urte guztian egindako lan bikainak izan du saria. Asteburu bikain batekin, denboraldi ezinhobe bat borobildu dute».
Movilquick Azpeitia ISBk Gasteizen jokatu du Euskal Ligako junior nesken mailako Lauko Finala. Jokatu beharreko bi neurketak gasteiztarren aurka izan dituzte. Finalerdietan Araba A taldea izan zuten aurkari. Bi taldeek finala bailitzan hartu zuten neurketa. Lehen minutuetan, beste taldeak zer egingo ibili ziren batik bat. Bigarren laurdenean, huts asko egin eta atsedenera 20-16 iritsi ziren.
Kadete nesketan ZAST izan da Euskadiko txapelduna (Argazkia: ZAST)
Atsedenalditik buelta hobea izan zuten bi taldeek. Arabarrek hiruko marratik abilezia erakutsi zuten. Araba A-k markagailuan agintzen jarraitu zuen minutu askoan, baina azken uneetan, Lizarazuk jaurtiketa libreen marratik asmatu eta berdinketa jarri zuen markagailuan, 55nako berdinketarekin bukatuz. Berdinketak bost minutuko luzapenean ere iraun zuen. Baina, gipuzkoarrak 1 goitik zirela, gasteiztarrek azken aukera bat izan zuten, baina Iñiguez-ek ez zuen asmatu eta Movilquick Azpeitia ISBk finala jokatzeko aukera lortu zuen.
Finala, Movilquick Azpeitia ISB eta Electro Alavesa Araskiren artean jokatu zuten. Etxekoak hasi ziren agintzen, baina Iraurgikoek azkar erreakzionatu zuten. Oso pareko ibili eta atsedenera, arabarrak aurretik, 26-25 iritsi ziren. Atsedenetik bueltan Iraurgikoak hazita irten eta pixkanaka aldea zabalduz joan ziren. Hiruko marratik bikain ibili eta Espainiako txapelketarako txartela eskuratu zuten, 53 -62 bukatuta.
ZAST-entzat txapela
Euskal Ligako Lauko Finaletan talde bana izan duen Euskadiko klub bakarra izan da Iraurgi. Ez ordea, Euskadiko txapela lortu duen eskualdeko klub bakarra. Izan ere, kadete nesketan Zarauzko ZASTek txapela lortu du. Gerdau Azkoitia ISBk denboraldi ikaragarria egin du, finalerdietan Easo A kanpoan utzi zuen, baina finalean Zarautz Iraurgikoak baino askoz indartsuago izan zen.
Junior mutiletan, berriz, Azpeitian jokatu zuten Lauko Finala. Iraurgiko Glual Hydraulics ISBk finalerako txartela lortu zuen, finalerdia luzapenean Loiola Indautxuren kontra 76-73 irabazita. Finala, Easoren kontra jokatu zuten, baina 40-60 galdu zuten.
Kadeteetako mutiletako Grupo Zaher ISBk ez zuen finalera sartzeko aukerarik izan. Finalerdietan Unamuno oso estu hartu arren 75 -72 galdu zuten Iraurgikoek.