Hommes de lettres fotomosaikoa. (Argazkia: Pierre Petit)
Zarauzko XXI. Argazki Bilerako bosgarren eta azken erakusketa atzo zabaldu zuten Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan. Orain arte, Bertol Brecht idazle alemaniarraren inguruko
Berliner ensemble erakusketa ikusi ahal izan da bileraren baitan, baina aurrerantzean Pierre Petit argazkilari frantsesaren
Aurpegi entzutetsuak hartuko du museoko erakusketa aretoak, maiatzaren 26a bitartean.
Petiten argazki ezagunenak, beharbada, 1871eko Pariseko setiori buruzkoa dira. Horri buruzko erakusketa iazko azaroan antolatu zuen Photomusemen bertan. Oraingo honetan, ordea, erretratugile gisa egindako lan eskerga ezagutaraziko dute. XIX. mendeko bigarren erdialdeko idazle eta artisten erretratuak jaso zituen
Galerie des illustrations contemporaines bilduman. Lan hura
Galerie des hommes du jour bildumaren aurrekaria izan zen. Bigarren horretan garaiko pertsonaien 1.500 aurpegi bildu zituen, ohar biografikoekin. 1862an Frantziako apezpikutzako argazkilari ofizial izendatu zuten; eta bi urtera, jada, elizgizonen 25.000 erretratuz osatutako artxiboa zuen.