Baliabideak lortzea izango da eskola kirolaren plataformaren lehen lana

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko apirilaren 30a

EKAPeko kideak zein plataformari atxikimendua eman dieten kirolariak (Argazkia: Ane Kano) Herritar talde batek Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma sortu du, besteak beste, arlo horrek «berezko garrantzia» berreskuratu dezan. Plataformako kide Mikel Troitiñok adierazi du ez dela lehenbiziko aldia halako ekimen bat abiatzen dutena Zarautzen; orain, ordea, plataforma izaera eman diote. «Oraingoan kezka gehiago sortu dira, eta indar handiagoa egin eta aurrerapausoak emate aldera, plataforma izaera eman diogu. Uste dugu asmatu dugula; izan ere, esparru, modelo eta arlo asko hartzen ditu bere baitan plataforma honek». Hain zuzen, arlo eta maila askotako kirolari, kirolzale eta herritar bildu ziren ostegunean kiroldegian, plataformaren aurkezpenean. Epe laburrean bi eginkizun izango ditu plataformak. Batetik, udal, kirol elkarte eta ikastetxeetatik giza baliabideak eta eraikinak lortzea izango da, baita laguntza ekonomikoa ere. Bestetik, formakuntzan indarra jarriko da. «Egun dauden baliabideak baliatuz, unitate didaktikoak eta mugikorretako aplikazioak sortuz, kasu», gaineratu du Troitiñok. Plataformak zortzi oinarri ditu. Batetik, inor ez baztertzea du helburu nagusi. «Teorian eskola kirolaren oinarrian balore hori jasota baldin badago ere, praktikan askotan haurtxoak baztertu egiten dira, ohartu gabe ala utzikeriagatik. Guk horiei ahotsa  jarri nahi diegu, gune bat eskaini», nabarmendu du EKAPeko kide Iratxe Aranburuk. Bestetik, bideragarria izatea bilatzen dute: «Eskola kirolak antolakuntza ona du; bere filosofian eta idatzietan ongi jasota dago hori. Baina bideragarria izan behar du; eskola umeek egiten duten kirol hori guztia antolatu egin behar da». Horretarako, aurretik «lan handia» dutela ohartarazi du Aranburuk, eta plataforma horretan esku hartzeko prest dagoela. Era berean, hezitzailea izan behar du. «Txanponek bezala, bi alde ditu eskola kirolak. Ondo pasatzen dugu, zoragarria eta osasuntsua da, baina baditu alde txarrak ere: bazterkeria, lehiakortasuna...». Ildo horretatik, balioak barnerarazi behar zaizkie haurrei. Halaber, anitza izan behar duela dio Aranburuk: «Entrenamendu eta partidatan moldaerak egitea falta da. Askotariko haurrak daude: behar bereziadunak,  gaitasun eta maila ezberdinetakoak... Guztiak eskola kirolaren parte senti daitezen egokitu beharra dago hori guztia». Genero eta jatorri aniztasuna ere babestu behar dela gogoratu du. Irekia eta arduratsua «Nahi duen orok parte har dezan», irekia behar du izan, eta baita arduratsua ere. «Haurraren garapen motor egokia bultzatu nahi dugu. Haurra osasuntsua izatea bilatzen dugu, gaixotasunik gabe. Bestalde, haurrek gozatzea nahi dugu, gustura sentitzea, mentalki ere ongi egon daitezen eta baita lagunekin egotea ere, sozializatzea». Errespetua eta berdintasuna dira plataformaren beste oinarrietako bi, «errespetua iritzi guztiekiko eta berdintasuna guztiekiko». Plataformak ez du bozeramailerik, «guztiak» dira «berdinak», eta guztiek argi dute ideia bat: «Eskola kirolerako ezinbesteko erreminta da plataforma, egungo gizartean zein etorkizunerakoan  gure haurrak pentsamenduz, fisikoki eta aldartez sano bizitzeko». Informazio gehiago bildu  edota plataformari atxikimendua eman nahi izanez gero, bisitatu Eskola Kirolaren webgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide