«Kirol filosofia eta ikuspegia herritarrengana zabaldu behar da»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko apirilaren 29a

Lan handia dute aurretik Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kideek, baina ideiak argi dituzte. Besteak beste, kirol aniztasuna bultzatu, gurasoak sentsibilizatu, giza baliabideak eta instalazioak lortu eta kirol filosofia zabaltzea dute helburu. Ane Kanok eta Manu Urbietak horren inguruan hitz egin diote HITZA-ri. Zergatik elkartu zarete? Ane Kano: Eskola kirolaren garapena nola ari den gertatzen kezkatzen gintuen. Garai batean, 14-16 urtera arte lasai asko egiten genuen eskola kirola eta egun adina murriztuz doala. Gazte jendeari kirola egiteko aukera anitza mugatzen ari zaie. Horri erantzuteko sortu dugu. Zein da egun Zarauzko eskola kirolaren egoera? Ane Kano: Zarautz mailan eskola kirolak oso maila ona dauka. Ia %90ak praktikatzen du, baina adin aldetik jaisten ari da kirol aniztasuna. Garai batean bost kirol praktikatzen zituenak, egun bakarra egiten du, ia-ia 10 urterekin. Horrek 13 urterekin ez badu maila egokia, ez dauka aukera beste kiroletan jarduteko. Ildo horretatik bultzatu nahi dugu kirol aniztasuna, aukera zabalak izan ditzan etorkizunera begira. Nola lagunduko du zentzu horretan plataformak? Manu Urbieta: Helburua da eragile ezberdinen artean zubilana egitea. Udalarekin, kirol elkarteekin eta ikastetxeekin elkarlana egin beharra dago. Egun bakoitzak bere aldetik egiten du lan eta ekimenak gainjarri egiten dira. Aktibitate gehiegi daude. Egutegi bat sortu beharko litzateke, haurrei kalterik ez sorrarazteko. Ane Kano: Gurasoak ere sentsibilizatu beharra dago, informatu. Zein pauso emango dituzue horretarako? Ane Kano: Eskola kirola hobetzeko entrenatzaileak eta formakuntzarako baliabideak lortzen saiatuko gara lehenbizi, eta baita instalazio hobetu ere. Manu Urbieta: Zarauzko Udalari ikusarazi behar diogu baita ere bere lankidetza ezinbestekoa dela. Zarautz herri kirolzalea da, ekitaldi asko dago, eta udalak ez du mugatu behar tartean-tartean laguntzera. Kirol filosofia eta ikuspegia egon behar du herri mailan. Udalak parte hartu behar du. Ane Kano: Zentzu horretan, herritarren ahotsa udalari helaraztea izango da plataformaren beste eginkizunetako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide