(Kepa Muruak utzitako argazkia)
Idazle emankorra da Kepa Murua (Zarautz, 1962); emankorra eta geldiezina. « Hori da nire mundua, nire lana . Beti sentitzen dut ahots hori». Azken liburua duela bi hilabete argitaratu zuen, baina atseden hartu beharrean, lanean dihardu buru-belarri. «Aztertzen, sentitzen eta kontatzen jarraitu beharra dago».
Otsailean kaleratu zenuen Un poco de paz , zure lehenbiziko eleberria. Zergatik eman duzu poesiatik prosara jauzi hori?
Beti jardun dut saiakeran eta poesian, eta memoria lanekin narratiba ere ukitu izan dut. Duela lau urte, ordea, krisia dela eta, zerbait berria egin behar nuela pentsatu nuen. Orduan jolasten hasi nintzen, gauzak kontatzen. Konturatu nintzen zerbait berezia bazegoela hor. Hala, pixkanaka-pixkana ildo horri jarraitu nion eta nire pasadizo eta kontakizunekin nobela bat asmatu nuen.
Guztiz ezberdina da; izan ere, poesiak eta saiakerak beste sakontasun bat dute. Nobelarekin umorea erabat aldatzen joan nintzen, barre egin nahi nuen eta hori ere lortu nuen. Zorionaren bilaketa irudikatzen du
Un poco de paz lanak, sentimenduzko nobela bat da. Horretarako, pertsonaia batzuk sartu ditut, ahots batzuk, eta kontraste handiak daude bata eta bestearen artean. Animaliek ere bere ahotsa dute, baita paisaiek ere, eta errealitatea eta irrealitatea nahasten dira. Sentimenduzkoa izateaz gain, entrenetigarria ere badela uste dut.
Poesiatik zatozenez, eleberri horrek ba al du ukitu poetikorik ?
Badu, baina ez da poeta baten nobela. Baditu halako zertzeladak, ni poeta bainaiz, baina distantzia mantentzen saiatu naiz. Maitasuna planteatzen da, arazo sentimentalak... Nik uste dut sentimenduak erakutsi eta aztertzen dituen nobela dela, baina beste gaiak ere aipatzen dira: isiltasuna, artea, paisaia, egoera pertsonalak, 40-50 urte dituen pertsonen krisiak, familia harremanak, pertsonalak...Gai ugari kontatzen ditu, eta nobela borobila dela uste dut; misterioa du, sekretu txiki bat... Halaber, beste arnasgune bat ere eskaintzen du, beste erritmo bat. Horretarako, erotismo ukitua eman diot, pornografia ere aipatzen dut. Hori jendeari gustatu zaio. Emakume baten begirada duela aipatu didate andrazko askok.
Atzera begirada planteatzen du. Barne gatazka batetik al dator?
Egia da etorkizunari hainbat galdera egiten zaiola nobelan, baina ez dut uste nobela biografikoa egin dudanik. Narrazio hutsa da, belaunaldi baten begirada jasotzen du. 40-50 urteko belaunaldi horrek atzera begiratu beharra dauka, egunerokotasuna aztertzeko. Metaforei dagokionez egon daiteke ukitu biografikorik, bakoitzak bere sentimenduak, biografia eta ulermena gehitzen baititu idazterakoan. Nobela zabala da, orokorra, irakurle ororentzat.
Los pasos inciertos-ekiko ere jauzia eman duzu. Oraingoan, memoria liburutik eleberrira.
Ni hainbat urtean editorea izan naiz. Hasi nintzenetik, egunero goizean zein azken ordutan egunkari moduko bat idazten nuen, mundu hori aztertzeko. Pixkanaka ikusi nuen erretratu pertsonal eta profesional sakona zela.
Eguneroko gertakizunez gain, bestelako gaiak ere aipatzen dituzu.
Lehenbiziko ikuspuntua profesionala da, liburuen eta edizio munduari dagokiona. Baina, azken finean, ikuspuntu horretan bizitza ere sartzen da: finantzak, diru arazoak, harreman pertsonal eta profesionalak... Editorea nintzenean, nahiz eta atzerrira asko bidaiatu, hemengo egoera ere asko aztertzen nuen; politika eta arazo sozialak, kasu. Horiek ere gehitu dizkiot.
Denetarik dago, beraz. Poesia asko, musika, betiko pasadizoak, egoerak, egunero irakurri eta entzuten nuena, hainbat autoren profilak... ere isla dute Los pasos inciertos lanean. Jendeari gustatu zaizkio xehetasunak, eta lan borobila dela ere esan dute, dokumentu gisa garrantzitsua.
Editore gisa lehenbiziko urratsak dira Los pasos inciertos-en jasotakoak, 1996tik 2004ra bitartekoak. Oraindik gaztea nintzen, erabat inozoa. Horregatik, iritzi erabat erradikalak islatzen ditu. Egun beste ikuspuntu batekin, ziur aski ez nuen horrela idatziko.
Zentzu horretan, polemikoa al da?
Bai, jendeak hala ikusi du.Hala ere, justifikatuta dagoela iruditzen zait, finean lan literario bat delako. Nire inguruan gertatzen zena eta sentitzen nuena ez ahazteko hasi nintzen idazten. Gerora ikusi nuen editore eta liburu mundua aztertzeko lan garrantzitsua dela.
Escribir la distancia, berriz, poesia hutsa da.
Nire erregistro poetikoa aldatu nuen lan honekin, normalean ez bainituen poema luzeak idazten. Poema-bilduma bat da, musikala, olerki luzeekin. Bitarte asko aztertzen ditu: amodioa, desamodioa, horien arteko tartea. Eta tarte horretan izaten diren kontrasteak: bakartasuna, fideltasuna, maitasuna...
Hor badaude paisaia pertsonal garrantzitsuak; itsasoa, kasu. Horietako poema asko Zarautzen idatzi nituen. Abuztuan malekoira eta moilara joan ohi nintzen, itsasoa ikusi eta sentitzera, isiltasunean, bakardadean. Cesare Paveseren libururen bateko pasarteak irakurri, eta nire poemak idazten nituen. Itsasoaren presentzia, beraz, garrantzitsua izan da lan honetan, haren usaina eta kolorea. Maitasuna aztertzen dute.
Niretzat garrantzitsua da poema bilduma hau. Nire lanean aldaketa ekarri du, eta horrek eztabaida sortu. Ni kontent nago, kritikak onartu egin duelako aldaketa hori.
Liburu ugari argitaratu dituzu dagoeneko. Badirudi nekaezina zarena.
Hori da nire mundua, nire lana . Beti sentitzen dut ahots hori; gerora ahots hori literatura edo artera nola eraman izaten da lan garrantzitsua. Egia esan, ez daukat orria zuri uzteko beldurrik; inspirazioa lan eginez etortzen da, eta nik egunero egiten dut lan hori.
Proiektu asko ditut buruan, eta horretan murgilduta jarraitzen dut. Izan ere, liburu bat bukatzean ate bat zabaltzen zaizu, beste mundu batera. Horregatik jarraitu behar da aztertzen, sentitzen eta pentsatzen gerora zer egin daitekeen.
Informazio gehiago jasotzeko, sartu
idazlearen webgunean edo
Garoa liburu dendarenean.