Eskola kirolaren berezko garrantzia berreskuratzeko plataforma sortu dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko apirilaren 24a

"Eskola kirolaren bitartez indartu daitezke gizarte honek behar duen hainbat balio: elkartasuna, talde lana, ulermena, ahalegina,   zintzotasuna, ilusioa, gogoa, kidetasuna...;  giza eta gizarte gaiak oinarri dira norbanakoaren hezkuntzan, eta haurrak gizarteratzeko tresna ezin hobea da kirola;  garaia da aparretan nahastuta ibili beharrean benetako baloreei ereduei eta heziketari heltzekoa!" Filosofia horri jarraiki, herritar talde batek Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma sortu du. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian parte hartu zuten haurrak, iaz (Aritz Mutiozabal/Hitza) Kirol aniztasuna gainbeheran dagoela diote plataformako kideek, besteak beste, haurrak garaia baino lehen kirol espezializatuan zentratzeagatik. Horrek haurren garapen motor, sozial eta kognitiboan eragin negatiboa du. Nerabeen partaidetza murriztu eta kirol modalitateen artean desorekak sortu direla gaineratu dute. Horren aurrean, eskola kirolaren berezko garrantzia berreskuratzea dute helburu EKAPeko kideek, informazioa zabalduz eta herritarrak sentsibilizatuz. Horretarako, bilera irekia antolatu dute biharko, eta zarauztarrak bertan parte hartzera deitu. Aritzbatzalde kiroldegian izango da bilkura, bilera gelan 19:00etatik aurrera. Dagoeneko 132 atxikimendu Derrigorrezko hezkuntza garaian ikasleek eskolaz kanpoko ordutegian buruturiko kirol jarduerei deritze eskola kirola, eta hiru zutabetan oinarrituta dago: heziketa, ohitura osasuntsuak eta motrizitatea. Besteak beste, neska-mutilen osotasunezko formakuntza sendotu eta aberastu, haurren garapen psikosoziala landu, balio positiboak—talde lana, errespetua, saiatzea...—sustatu, eskola ordutegitik kanpo ere euskara erabiltzea, aisialdian haurrek euren borondatez jarduera fisikoa egiteko ohitura osasuntsua bultzatzea eta funtsezko kirol trebetasunak garatzeko helburuarekin sortu zuten. Balore horiek kontuan izanda, hainbat ekimen abiatuko ditu EKAPk. Dagoeneko 132 herritarrek eman diote babesa. Informazio gehiago eskuratu daiteke hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide