Aranzabal, erakusketaren aurrean (Amaia Ventas/Hitza)
Jendea, elkarrizketak, elkarrekintzak, irribarreak... Finean, uneak. Kubako momentuak harrapatu ditu Oier Aranzabalek (Zarautz, 1988) bere kamerarekin, eta ikusgai jarri ditu Garoa liburu dendako sotoan. Zuri-beltzean inprimatutako 31 argazkik osatzen dute
Kuba, begirada bat ezkerretara-k eta askotariko uneak ikus daitezke bertan: kubatar gazteak malekoian itsasoari so turistek malekoian paseatzen duten bitartean, mekanikari moduko bat kalean autoa konpontzen, neska kubatar baten ibilkera dotorea, agure xelebreak adi-adi emakume bati begira, eta jendea kalean, egonean.
Izan ere, Kuban «hemen barneratuta ez ditugun kontzeptuak» dituzte: «Egotea egoteagatik, esaterako. Inoren zain egon gabe, lasai. Bizimodua ulertzeko beste modu bat dute, hemengoaren ia antagonikoa. Mendebaldean aldi berean bost mila gauza egiten gabiltza. Gauzak hain azkar egiten ditugu, intentsitatea handiarekin, azkenean ez dugu unea bizi ere egiten».
Jendearengan eta bertako giroan oinarritutako argazki testigantza hori maiatzaren 22ra arte izango da ikusgai Garoan, 18:30etik 20:00etara.
Erromantizismo politikoa
2011ko udan bidaiatu zuen Aranzabalek Kubara. Ez zen lehenbiziko aldia, ordea. Bost urte lehenago ere egona zen Karibeko irlan, gurasoekin. Zarauztarrak betidanik izan zuen herrialde horrekiko interesa, aitako kontatutakoak erakarrita. Eta aurrez zuen irudi erromantikoa mantendu zuen lehenbiziko bidaia horretatik itzultzean ere: «Jende asko desengainatuta itzultzen da Kubatik; nik, ordea, lehendik neukan ideia horri eutsi nion, eta errealitatera eraman nuen. Hasieratik neukan irudi horretatik puntu asko mantentzen ziren ezagutu nuen Kuban».
Herrialdean zuen fede hori mantendu zuen, eredugarri iruditzen zitzaion hori. « Kubak sistema bat jarri nahi izan du, eta sistema hori boikotatu egin dute kanpotik. Kubatarrek borondatez ezarritako sistema da komunismoa, baina kanpoko blokeoak eraginda, ezinezko bilakatu izan du mendebaldeko herrialdeek izan dezaketen ongizate maila lortzea».
Kubako erregimenak kontraesan handiak dituela nabarmendu du, «nahi ala ez», denbora askoan pertsona bakarrak gobernatu duelako. «Hein batean ordaindu behar izan duen prezioa dira kontraesan horiek, kanpotik jasan duen blokeoak eraginda. Azken batean eredu deserosoa izan da munduko potentzientzat, eta batez ere, alboan duen kapitalismo basatian oinarritutako potentziarentzat».
Gizartean ere ezberdintasunak topatu zituen Aranzabalek: «60 urtetik gorakoak iraultzarekin oso konbentzituta ikusi nituen. 60 urtez azpikoak, berriz, jarrera liberalagoa zuten, nahiz eta iraultzaren printzio batzuetan sinetsi. Gehiengoa Fidel Castroren erregimenarekin oso kritikoa da, baina beti ere kontuan izanda zer izan zen bere garaian iraultza eta zein lorpen ekarri dituen. Jende asko demokraziaren alde agertzen da, pertsona bakar batek gobernatzearen kontra eta neurri liberalagoak hartzearen alde, beti ere, sozialismoaren ikur diren lorpenak mantenduz ».
Gorabeherak eta errealitatea
Arrazoi horiek medio, duela bi urte Kubara bueltatzea erabaki zuen, Manu Goiogana bertsolaria bidelagun zuela. Ezberdina izan zen bidaia hori, «kaotikoagoa». «Ez geneukan bisarik, ia hegaldia galdu genuen, lehenbiziko egunetan ez genekien non egingo genuen lo ...». Gorabehera horiek, ordea, izan zuten buelta: «Askoz harreman zuzenagoa izan genuen bertakoekin». Hegazkinean bertan izan zuten lehenbiziko kontaktua: musikari kubatar bat ezagutu zuten, eta hark Orlando izeneko gizon baten etxera eraman zituen.
Hala, bi aste eta erdian Habana, Trinidad, Cienfuegos, Santa Clara eta Matanzas bisitatu eta bizi zituzten, bertako giroak harrapatuta. «Gure bidaia ez zen gune turistikoetatik izan. Harago dagoen Kuba ezagutu genuen». Izan ere, «betiko Kuba koloretsutik» ihes egitea zen bi gazteen premisa. «Ohiko irudietatik ateratzea zen gure asmoa. Beharra bertute bilakatu duen jendea den bezala erakutsi nahi izan dut argazkietan, debaldeko alaitasun gabe».
Bideotxo batek osatzen du
Kuba, begirada bat ezkerretara erakusketa. «Irudiokin dokumentaltxo bat osatzea zen nire helburua hasiera batean, baina teaser bat izaten bukatu dute». Hori dela eta, bere buruari Kubara itzultzeko erronka jarri dio, irudiok osatzeko. «Ez da aitzakia txarra itzultzeko».