(Aiora Larrañaga/Hitza)
Marije Zumeta (1953, Zarautz) ia 30 urtetan zehar Aiako Lardizabal Eskolako irakaslea izan da. Errepublika Egunean jubilatu zen zarauztarra, baina bi urtetan zehar bere taldea izan denarekin batera amaitu nahi du ikasturtea eta bukaera arte irakasle berriari laguntzen jarraituko du eskolan.
Jubilatu bai, baina oraindik ez zara erretiratu?
Jubilazio legea aldatu daitekeela esan eta lehenbailehen jubilatzeko aholkatu ziguten, ikasturtea amaitu arte itxaroten bagenuen legea aldatu eta jubilatu ezinik geratzeko arriskua baitzegoen. Horregatik jubilatu naiz apirilaren 14ean. Hala ere, ezin dut bi urtetan zehar nire taldea izan dena ikasturtea amaitzeko hilabete terdi falta denean utzi, taldea hartu duen irakasleagatik eta umeengatik. Horregatik, jubilatu egin naiz, baina ikasturte amaiera arte eskolara etortzen jarraituko dut.
Zer sentipen dituzu?
Oraingoz ez dut sentitzen eskola utzi dudanik. Dena dela, ostiralean haurrek esketx bat antzeztu zuten ni nolakoa nintzen eta umeek nola ikusten ninduten erakusten zuena; nire izateko modua beste era batera adierazi zidaten eta oso hunkigarria izan zen. Izan ere, ni zerbaitegatik gustura izan banaiz Aiako Eskolan bertako haurrengatik izan da. Aiako umeek hasieratik liluratu ninduten.
Irakasle sena izan al duzu betidanik?
Manolo Urbieta ezagutzeko zortea izan nuen nik eta hark markatu zuen nire hezkuntza ikuspegia. Gaztea nintzenean denda batean lan egiten nuen eta inoiz ez zitzaidan burutik pasa ere egin irakaslea izango nintzenik. Dena dela, nire denbora librean Urbietarekin batera, bere filosofia jarraituz, haurrekin bidaiak egiten genituen. Ezkondu eta haurrak izan ondoren hezkuntza ikasketak egin nituen eta Ikastolen sorrera mugimendua bertatik bertara ezagutu nuen. Dena dela, Eskola Publikoa euskaldundu behar zela oso argi izan dut beti eta ikasketak amaitu ondoren Eskola Publikoan hasi nintzen lanean. Lehen ikasturtea ez nuen Aian egin eta aitortu behar dut nik hezkuntzaz nuen ikuspegiarekin alderatuz oso desberdina izan zela lehen esperientzia hura. Nahiko erreta amaitu nuen. Egun batean, ordea, Zarauzko kale nagusian paseoan nenbilela Aiako eskolako irakasle batekin topo egin nuen eta hark animatu ninduen Aiara etortzera.
Eskola txikia izanik, irakaslearen bete beharrak anitzak izango ziren urte guzti hauetan, ezta?
Eskola txikiak maneiagarriagoak eta orekatuagoak direla iruditzen zait niri. Hemen irakasleak klasea emateaz gain, beste hainbat eginkizun ere izaten ditu, denetik egin izan dut hogeitamar urte hauetan zehar. Lanak irakasleen artean banatu egiten ditugu; batek liburutegiaren ardura izaten du, besteak kontuak eramaten ditu, eskolako ekimenetarako behar diren erosketak egitea tokatuko zaio beste bati. Eskolarekiko eta herriarekiko inplikazioa handia da. Ni oso gustura egon naiz beti Aian eta argi izan dut mota honetako eskola batentzat kaltegarria dela urtero eta bi urtero irakasleak aldatzea, horrela ezin baitira proiektuak aurrera eraman.
Marije Zumeta, haren ikasleekin (Aiora Larrañaga/Hitza)
Zerk harritu zituen Aiara etorri zinenean?
Aiako haurren izateko moduarekin liluratu eta maitemindu nintzen. Oso naturalak ziren, euskara oso ondo erabiltzen zuten, nabarmena zen euren hizkuntza euskara zela eta irakasleekin zuten harremana ere berezia zen, errespetuzkoa, baina lasai esaten zizkiguten gauzak. Ni irakaslea nintzen, baina aldi berean laguna eta ama; oso gertukoa izan da umeekin harremana beti. Haurrak ohituta zeuden helduekin hitz egitera, umetatik baserriko lanetan eta bizitzan parte hartzen zuten eta hori antz eman egiten zen irakaslearekin zuten tratuan. Ni Aian hasieratik nire etxean eta nire herrian sentitu izan naiz. Duela 29 urte izan zen hori eta ordutik Aiako haurrak beti ikusi ditut modu horretan. Egunero gustura etorri izan naiz eskolara. Gainera, baserri giroko gauza asko ikasi ditut hemen, beti harritu izan dit Aiako baserrietan helduek haurrei baserriko kultura eta euskal kultura transmititzeko izan duten gaitasunak.
Gurasoekin zer moduzkoa izan da harremana?
Gizartea aldatzen ari den moduan, gurasoak ere aldatzen joandira. Duela 30 urteko gurasoak lasai etortzen ziren irakaslearengana eta lasai hitz egiten genuen haurrez; normala izaten zen gurasoak berak haurra bihurria zela esatea, baina aldi berean bazuten eskolarekiko halako mesfidantza punttu bat. Baserri girokoak ziren asko eta agian garai horretak ikasketei ez zitzaien orain ematen zaien garrantzirik ematen. Guk haurrak ikasten jarraitzera animatu ditugu beti.
Aia asko aldatu al da urte guzti hauetan?
Asko aldatu da; alde batetik, antz ematen dut gaztelaniaren presentzia gero eta nabarmenagoa dela. Bestetik, uste dut baserritarrek garai berrietara egokitzen jakin dutela. Gauzak onak mantendu eta aurrera egitea ezinbestekoa da. Garapen horretan gutxien aldatu dena hezkuntza sistema izan da. Autore askok esaten dute XIX. mendeko hezkuntza sistema bera dugula XXI. mendean. Aberats berrien joera hartu izan du hezkuntzak azken urtetan, benetako beharren inguruan hausnarketarik egin gabe, gauza materialei eman baitzaie garrantzia. Nik uste dut munduko beste herrialdeetan emaitza onak ematen ari diren sistemak, gure testuingurua, izaera eta ohiturak kontutan hartuta egokitu egin beharko genituzkeela eta Euskal Herrian txertatu.