Skasti taldeko bederatzi kideak. (Argazkilaria: Abar Aranburu)
Disko berria prest izan arren, oraindik ez dute argitara eman; diskoetxeekin eta ekoizpen etxeekin harremanetan ari dira, haien proposamenak entzuten eta aztertzen. Bien bitartean, Skastik ez du abesti berriak zuzenean aurkezteko aukerarik galdu nahi, eta datorren astean emanaldi bikoitza eskainiko du Zarautzen. Martxoaren 27an, Modelo aretoan izango dira, Sorlekutik ekimenaren baitan, 19:00etan, eta Oier Aranzabal kazetari eta musikariak arduratuko da aurkezpenaz; eta martxoaren 30ean, Putzuzulo gaztetxean joko dute, Enkore taldearekin batera.
Aro berri baten aurrean aurkitzen da taldea, eta halaxe jarri diote izenburua disko berriari:
New age. Alde batetik, Mattin Saldias gitarra-jotzailea sartu da taldean, eta zortzi izatetik bederatzi izatera pasatu dira. Gainerako kideak betikoak dira: Iker Iñigo
Antxus eta Xabier Uzin
Bino abeslariak, David Gorospe
Davitxin bateria-jotzailea, Joel Crespo gitarrista, Ander Izagirre
Iza baxu-jolea, Mikel Alberdi tronpeta-jotzailea, Josu Gonzalez de Durana
Tete tronboi-jotzailea eta Aitor Iturralde
Itu akordeoi-jotzailea, hain zuen ere.
Bestetik, jorratzen duten musika zertxobait aldatu dute. Edonola ere, horrek ez du esan nahi
new age generoa lantzen hasi direnik, Enya edo Vangelis bezalako artisten antzera. Ezta hurrik eman ere. «Estilo propioagoa hartu dugu, ska musikatik urrundu gabe. Baina ukitu modernoagoa eman diogu», aditzera eman du Gonzalez de Durana
Tete taldekideak. «Abestiak landuagoak dira orain, zentzu guztietan. Gure norabidea topatu dugula esango nuke. Gure gustuko musika gehiago islatu dugu kanta berrietan».
Bederatzi abesti jaso dituzte oraingo honetan; hau da,
Izadiari, Banoa, Bagdad, Gaupasound, Oskuro, Ordaina, Txorimaloa, Gure mundua eta
Outro. «Denetarik dago: dantzagarriak, burua mugitzekoak, lasaiak... », azaldu du Tetek. «Gaueko musika da, baina jada ez da lehen bezain parrandazalea». Entsegu lokalean egin zuten grabazio prozesua, urritik urtarrila bitartean, Joel Crespo taldekidearen ardurapean; ondoren, Gaztain Studion nahastu zuten, Eñaut Gaztañagarekin, eta masterizazioa Doctor Master estudioan, Estanis Elorzarekin.
Abesti guztien hitzak Skastirenak dia,
Txorimaloa salbu. «Imanol Epeldek egin digu letra hori. Abestia pasatu genion, eta sentiarazte zionaren inguruan idazteko eskatu genion. Abesti bitxia bezain polita egin digu». Hala ere, hori ez da izan diskoak izan duen kolaborazio bakarra. Grises taldeko eta Gaztain Studioko teknikari Eñaut Gaztañagak
Oskuro abestian kantatu du.
Orain diskoa argitaratzea baino ez zaie falta aro berriari bidea emateko. Martxa onean hasi dira, behintzat. Zarauzko bi emanaldiez aparte, beste hiru tokitan jotzeko deia jaso dute. Emanaldi horietako bat Patana Fest jaialdian eskainiko dute, ekainaren 8an, Zestoan.